Landareak oxigenoa ematen digute, birikei eta arimari.

Gaizki hezitako tomatea

Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia beltz-beltz azalduko du. Ipurdian txanpon baten antzeko beltzune borobila, oso beltza eta distiratsua, sakonune planoa eginez. Tomatezalearen poza errekara.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko ekainaren 16a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gero eta maizago ikusten den arazoa da. Tomate alearen punttan, txortenaren beste aldeko punttan sortzen da, ipurdian, eta euskaraz ipurdi beltza esaten zaio.

Azken beltzean, arazo fisiologikoa da, landareak behar duen adina kaltzio ezin ekarri du. Eta kaltziorik gabe garatzen den fruituaren muturra hil egiten da. Piperrari (Capsicum annuum) eta kuiatxoari (Cucurbita pepo var. pepo) ere erasotzen die.

Kaltzio eskasiak arrazoi ugari izan ditzake: lurrean kaltzio gabezia izatea, ongarri desoreka izatea –elementu kimiko batzuen ugaritasunak beste batzuk kateatu eta mugitu ezinik geratzea ekar dezake–, ureztaketa edo eguraldi gorabehera handiek landareari estresa eragitea edo sustraiak kaltetuta edo andeatuta izatea. Zergati bat edo beste, tomate alea, ipurdia belztuta. Era berean, hosto berriak muturretik eta ertzetik ihartu, kiribildu eta itxuragabe haziko dira. Eta tomatezalea, amorru gorrian.

Negutegian ugariago agertzen da beltzunea. Ongarriketa eta ureztaketa zorrotz baliatzen ez direnean eta gehiegi bezala urri badarabilzkigu edo berotegian eguraldi bero eta lehor zakarregiak baditugu, erraz azal daiteke.

Arazorik ez izateko, tomate landarea ondo hezi behar da: ura maizegi ez, baizik eta tarteka emanez, beren kasa lur sakonetan ur bila luzatuko diren sustraiak eman ditzan behartu. Horrela, kaltzioa eta bestelako jaki garrantzitsuak eskuratzeko sustraije hedatuago eta eraginkorragoa izango du. Gaizki haziz gero, ura behar adina eta maiz emanez gero, landareak ez du sustrairik luzatuko eta ez da jaki bilaketan zailduko. Sustraiak enborraren bueltan geratuko dira, derrigor tutu beltzean barrena etortzen zaien uraren zain. Horrela, faltan izango ditu, kaltzioa ez ezik, burdina, magnesioa, boroa eta beste jakiak ere. Gutxi behar ditu jaki horiek, baina nahitaezkoak dira tomate usaintsu, koloretsu eta dasta onekoa nahi badugu.

Ipurdia belztu zaion tomatea ikusten baduzu, kontuan izan: gehiegi ureztatu eta gaizki hezi da tomatea, ezin izan da behar bezala elikatu eta dasta eskasa izango du; ura, berriz, bai erruz izan du eta handia, lehiaketetara eramateko moduko tamainakoa izango da. Handia, arbiburua baino handiagoa, ur soilez puztua eta, hortzak izerdi, tomate hori ahoratzen duzunean tomatearen ordez arbia bera jaten ari zarela irudituko zaizu: zakarra, usainik gabea, dasta murritza, oso motza duena. 
Kanpoan, negutegirik gabe tomatea egin nahi duenari beti gomendatzen diot saioa egitea.

Baratzean saioak errazak dira, eta azkar ikusten dira ondorioak eskuratzeko emaitzak. Jarri bi sail lur bera, ongarriketa bera eta tratu bera eman zaien tomate landareekin; ureztatu maiz bata eta ureztatu gabe utzi bestea (soilik itsasteko bi antoxinkadak emanda). Gero bateko eta besteko tomateak jan. Eta ahoak haginduko du: ekarri niri ureztatu gabekoak. Ureztatutakoak koinatuari oparituko dizkiogu.

Duela ehun urte, tomatea entsaladan jaten ez zenean, tomate saltsa egiteko aldaerak landatzen ziren, “udare” motakoak, arta-babarrun (Zea mays eta Cucurbita pepo) soroen bazterretan, gaur kuia jartzen den eran. Eder askoak ziren ureztatu gabeko tomateen saltsa haiek, muxua bezala ipurdi gorriak, noski.

Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
Geroxeago bueltatu zaitez
2026-03-23 | Jakoba Errekondo
Animaliak gara. Denok, den-denok. Denok berdin. Ez batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago edo batere ez. Denok berdin. (+)
gora