Otsaileko elurrak ongarri hoberena balio du.

Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi dio ugaritasunari, are gehiago ugarienek ospe txarra dutenean, karraskarien kasuan bezalaxe.


2024ko abenduaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Munduan, karraskariena da ugaztunen artean talde anitzena. Gaur egun, 2.000 espezietik gora ezagutzen dira, eta horrek ugaztun guztien %40 hartzen du, gutxi gorabehera. Euskal Herrian, berriz, karraskariak bigarren postuan daude aniztasunari dagokionez, saguzarren atzetik (izenean “sagu” barneratuta duten arren, ez baitira talde berekoak). Karraskari ezagunenak xagua eta arratoia ditugu seguruenik, baita fobia gehien pizten dituztenak ere. Baina bi “etsai” famatu horiez gain, gure lurraldean beste hamabost karraskari espezie ditugu. Gaurkoan, askorentzat oharkabean pasatzen den bat ezagutuko dugu: landa-lursagua.

Itxura borobileko eta belarri eta isats motzeko animaliatxo hau nahasten erraza izan daiteke, itxuraz saguekin baitu antzekotasun handiena, baina bizimoduz satorrekin. Izatez, izenak berak nahikoa pista ematen dizkigu: lurrean bizi den “sagua”. Animalia hauek bizitza gehiena lurrazpian ematen dute. Bertan barrunbe esferiko bat eraikitzen dute lurrazaletik 30-50 cm-ra, beren habia dena, eta hura kanpoaldearekin konektatzen duten hainbat galeria eraikitzen dituzte. Galerien sarrera- irteerak, ordea, ez dira satorren lurrezko menditxo identifikagarri horien itxurakoak, lurzoruko zulo biribilak baizik.

Habia horietan landa-lursaguek elikagaiak pilatzen dituzte, kumeen babesleku ederra ere badira, eta lotarako ere erabiltzen dituzte. Eme bakoitzak bere habia eraiki ohi du, baina, bitxiki, batzuetan emeen artean partekatu egiten dute habia; bost emek habia bera erabili dezakete, eta denek batera defendatzen dute. 

Tamaina txikiko animalia askotan gertatzen den legez, landa-lursaguen bizitza ez da oso luzea izaten. Espezie honetan jaiotzen diren animalien %65 soilik iristen da hilabete bat betetzera, eta bataz beste 4,5 hilabete bizi dira. Gehienak ugaldu eta gutxira hiltzen dira. Alabaina, hilkortasun-tasa altuari aurre egiteko animalia txikiek erabiltzen duten estrategia (r estrategia) kume asko izatea da. Landa-lursaguen populazioek eztanda demografikoak izan dituzte azken urteetan, eta duela urte batzuk nekez ikusten baziren ere, gaur egun ingurune askotara zabaldu direla dirudi.

Animalia hau, beste hainbeste bezala, ezezaguna zen gutako askorentzat, baina horrek ez du esan nahi inondik ere berezitasun falta duenik, ezta garrantzia gutxiago duenik ere txikia izateagatik. Ez da sagua, ezta satorra ere; lursagua da, berezia. Eta ez da bakarra. Euskal Herrian beste sei lursagu espezie ditugu, bakoitza bere berezitasun eta ezaugarriekin.

LANDA-LURSAGUA (Microtus arvalis)

Taldea: Ornoduna/Ugaztuna/Rodentia.
Neurria: 96-122 mm-ko gorputza eta 28-42 mm-ko isatsa.
Non bizi da? Belar edo zuhaixka asko dagoen eremuak ditu atsegin, baina hainbat habitatetan aurki daiteke.
Zer jaten du? Belarjale hertsia da, landare dikotiledoneoak ditu gustukoen.
Mehatxuak: Nekazaritza intentsiboa eta pestizidak.
Babes maila: Ez dago babestuta.

Izotz arotik hona, endemismoa kolokan
2025-02-10 | Irati Diez Virto
Azken glaziazioan Euskal Herriko lurraldea zapaltzen zuten mamutek, leizeetako hartzek, bisonteek eta baita hienek ere. Elur iraunkorrera eta hotzera egindako animalia horiek desagertu egin ziren... (+)
Itsasoko erraldoi nekaezina
2024-11-11 | Irati Diez Virto
Badoaz basoak kolorez aldatzen, haizea hozten eta egunak mozten. Badator negua, eta lur lehorrean ageri da; baita itsasoan ere. Animalia migratzaileak hasi dira hegoalderanzko bidean,... (+)
Oreina ala orkatza da?
2024-09-30 | Irati Diez Virto
Naturazaleren batek galdera hori irakurri eta pentsatuko zuen seguruenik: “Galdetzea ere! Ez dute zerikusirik!” Egia da, bai, behin ezagututa erraz desberdintzen direla oreina eta orkatza.... (+)
gora