Maiatza infernu, ekain-uztailak zeru

Erretxina, sendagai bikaina

Gaztetan erraz erretxintzen nintzen; aspaldiko kontuak dira, ordea, horiek; behin batean erabaki nuen ez zuela inola ere merezi energia alferrik galtzea eta, harrezkero, lerdoak alde batera utzi eta beste erretxin kontu batzuetara emana nago.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko azaroaren 01a
Pinuari erretxina kentzen.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Lerdoa bai, zenbait zuhaitzek jariatzen dutena: erretxina edo erraxina. Badira baita ere sukea, baltsamoa, goma, laka eta abar. Hemen erretxina ezagutzen da, batik bat koniferoek askatzen dutena. Erretxina edo arraxina zaurietatik isurtzen du zuhaitzak. Zauria ixteko estrategiaren lehen urratsa izango da. Antzeko gai bat jariatzen dute fruitu hezurdunak ematen dituzten arbolek; “gerezi-negar” esaten zaio, baina baita ere xori-nigar, txori-negar, txori-muki, txori-minger, txori-kandela eta txori-ezti. Txori-negar bai polita, e? Zenbaitek hala esaten diote koniferoen erretxinari ere. 
Erretxina gai lodia da, likatsua, oretsua, lurrintsua eta ezti argiaren kolorekoa. Uretan ez da urtzen, alkoholetan edo esentziak bezalako beste gai organikoetan bai. Bere ezaugarri nagusia erretzeko duen erraztasuna da. Gurean ler edo pinu gorri (Pinus sylvestris) esaten zaionarena da ezagunena.

“Pinu” baino lehenagoko izena izango da gurean “ler”. Bertako pinuari, pinu gorriari, hala esaten zaio, eta erretxinari “lerdo”. Ez dakit zein bide dagoen izen batetik bestera baina uztarria argia da.

Lerra edo pinu gorria ezagutzeko modukoa da; buruan ditugun pinuen aldean, ikusgarria eta gogoan hartzen erraza: ez du ardatz zut zuzen bakarra eta azala gorria du. Oraingo buru eta hizkuntza arkitektura kolonizatuan, laranja kolorekoa. Lerdo jario oparoa du eta zauritu eta bere negarra jaso eta erabili izan da milaka urtetan. Baina zer betekizun du zuhaitzean? Erretxina zuhaitzaren babesa da; intsektu, onddo, edo edozerk sortutako zauria babesten du, itxi eta, sendagai izanik, patogenoen sarrera oztopatzen du, baita uxatu ere. Erretxina sortzen duten zuhaitzek, pinuek (Pinus spp.), izeiek (Abies spp. eta Picea spp.) eta zedroek (Cedrus spp.), erretxin bide espezializatuak dituzte egurrean eta azalean. Kanal horiek erretxina jaso eta garraiatzen dute, behar duenerako prest. Zuhaitzaren arkitekturaren azpiegitura defentsiboa da. Hiltzen denean ere, erretxinak egurrean iraun dezake, bere usain gozoa erantsiz eta usteltzetik babestuz.

Erretxinak osagai antimikrobiano eta antibiotikoak dituela ederki frogatua dago aspaldi. Ikerketa mordoxka bat egina dute Suitzan, Lausanako Unibertsitatean. Michel Chapuisat eboluzio-biologoak zuzenduta egurreko inurria (Formica paralugubris) deiturikoarekin egindako eta Ecology and Evolution aldizkarian argitaratutako saioetan ondorioztatu dute, etxeratutako erretxinarekin eta beraiek sortutako azidoekin nahasketak egiten dituztela, erasotzen dieten onddo batzuk inurritegitik garbitzeko. Inurriek sortzen duten azido formikoaren eta erretxinaren nahasketa bien batuketa soila baino askoz ere eraginkorragoa da. Nahasketa hori eboluzio kate luze baten emaitza da, inurriak bere gaitzekin 50 milioi urtez elkarbizi izan dira, eta oraindik ere gaitzari aurre egiten diote.

Gure egungo medikuntzaren arazorik handienetako bat da sortzen ditugun antibiotikoekiko erresistentzia mikrobioek oso azkar garatzea. Inurrien eskolari segika gure pinu, ler gorriaren erretxina izan daiteke irtenbidea. Nork daki? Inurrien hizkuntza dakienak.

Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
Euskal Herriko Makaronesia
2026-06-28 | Jakoba Errekondo
Auzune ederrean bizi gara etxekoak. Beheko errioaren inguruko erriberetan bizi diren batzuek inbidia punttuarekin esaten didate, "zuek bai han goi hartan, baratzea egiteko toki ezin... (+)
Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
gora