Asteroko buletina
Otsaileko euri, urteko ongarri.

“Derrigorrezko” makroproiektuak?


2024ko urriaren 22a

Azkenaldian bestelako argumentuak landu dizkigute, Euskal Herriko inguruetan makroproiektuak beharrezkoak direla konbentzitu gaitezen. Erakusgarria iruditu zitzaidan honekiko, Bizkaiko EHNEren webgunean Jauzi Ekosoziala ekimeneko partaide bati argitaraturiko artikulua: "Por las renovables a medida". Abiapuntua azkenaldian ohikoa dugun "erabateko larrialdi" egoeran dago. 2030 Agendaren oinarrietan dauden aurreikuspenak ematen dizkigu, "Europatik datozelako" zeharo fidagarriak, badakizue, hango politikariek –eta ikertzaileek– ez daukatelako kontu horren inguruko negozioetan inongo interesik, "erabat inpartzialak" dira eta. Eszenario katastrofikoak, milioika errefuxiatu klimatikorekin, nekazaritza lurren gainbehera, etab. Mundu mailako gerra, etsai ikusezinaren aurka. Eta noski, aurreikuspen hauek interesatuki manipulatuak daudela dioten ikertzaileak existitzen direnik ere ez dugu kontutan hartuko, aspaldian negoziotarako oso interesgarria den "negazionista" etiketa ipiniko diegulako.

Larrialdiek ez dute eztabaidatarako tarterik uzten, eta eztabaida publikoa bultzatu nahi duena "arduragabea" bihurtzen da. Jainkoarekin ala deabruarekin zaude, eta ez baduzu kredoa bere osotasunean onartzen, deabruarekin tratuetan zabiltzalako da. Eta hargatik, hitz egiteko eskubidea ukatua izango duzu, eta gaiztakeria kutsakorra izaki, baztertua izango zara "gizartearen onerako". Badaukagu herri honetan halako egoeren aurrekari historiko aski nabaririk.

Aurreikuspenok oinarritzat harturik, bada, 2030erako betekizun batzuk ezartzen dira, berriztagarrien ezartze masiboaren helburuarekin. Barrenean, egoeraren analisiak ezberdinak izan balitezke ere, aingeruek bezalaxe deabruok ere zilegizko helburutzat izan dezakeguna. Hau nola egin beharrekoa den; hor non daukagun eztabaida. Funtsean, Jauzi Ekosoziala ekimenekoek "jauzia" egin nahi dutela dirudi, larrialdi klimatikoak beldurturik. Zera dioskute: "Salba dezagun mundua lehenik; arduratuko gara gero demokratikoak izateaz, eta azpiegiturak, pribatuak beharrean, publikoak egiteaz". Ezen makroarazoak, ez baitira mikroerantzunekin soluzionatzen. Azken finean, makroproiektuak alde guztietatik baitauzkagu (zerbitzuen azpiegitura handiak, edo nekazaritza ustiaketa sistema nagusiak, esaterako, makroproiektuak baitira), eta energia makroproiektuak jada eraikinez betetako eremuetan baino ez egitekotan, daukagun energia kontsumoaren %10era ere ez baikinateke helduko.

Azken aldian jakin ahal izan dugu, talde politikoren batzuek zenbait makroproiektu aurrera eramateko "fronte komun" bat egiteari lehentasuna eman diotela, Lurralde Plan Sektoriala behingoagatik egin eta indarrean jartzearen aldean

Barka biezadate "adituek", kredo berriaren apezek, aurreikuspen katastrofikoak Danteren Infernuko zirkuluak bailiran aurkezten dizkiguten horiek, azken "datu" honekiko (aurreikuspenak datuak bailiran aurkezteko "joera bitxia" baitute) mesfidati azaltzen banaiz. Azken aldian jakin ahal izan dugu, talde politikoren batzuek zenbait makroproiektu aurrera eramateko "fronte komun" bat egiteari lehentasuna eman diotela, Lurralde Plan Sektoriala behingoagatik egin eta indarrean jartzearen aldean. Biztanleriaren erresistentzia gainditzeko "fronte" horrek, hasiera batean Araban planteatzen ziren hogeita piko makroproiektuetarik hiru edo lau behintzat aurrera eramatea luke helburu, gutxieneko kopuru hau "erabat beharrezkoa" dela argudiatuz.

Eta "aditu" ez naizen honi kalkulutxo xinple bat egitea otu zait. Arabako katastroan sartu, eta Gasteizeko industriaguneetako teilatuek ematen diguten azalera neurtu dut. Ggb. azaleren bi herenak kontutan hartu eta kalkulua eginez gero, 650 hektarea gainditzen dizkigute. Hori Gasteizen bakarrik, eta industriaguneetan bakarrik, aparkalekuen, eraikin publikoen, etxebizitza blokeen eta bestelakoen azalerak kontutan hartu gabe. Aurkeztu dituzten proiektuetariko bakoitzak ggb. 100 hektareako azalera izango lukeela kontutan harturik, nabaria da hiru edo lau proiektutarako soberako azalera badagoela. Baina hori hala egin ahal izan dadin, gure politikariek, Solariarekin batera pagotxa egiten saiatu beharrean, Cabanillas del Campo-ko (Guadalajara) udaletxea egitera ausartu den berbera egin beharko lukete Lurralde Plan Sektoriala egiterako orduan: etxeen eta industrien autokontsumorako instalazioak baimendu, baina energia ustiapenera bideraturiko makroproiektuak industrialtzat kalifikaturiko azaleretara mugatu, landa nahiz bizitokirako kalifikaturikoetan erabat debekatuta.

Eta azken kontutxo bat: hasieran mintzagai hartu dugun artikuluan alegeraki esaten zaigu, tira, berriztagarrien makroproiektuek ez dutela ingurunea hainbeste kaltetzen, materialen portzentaia handi bat birziklagarria dela, etab. Ikus ezazue mesedez berriki egin duten Vidas irrenovables dokumentala, Espainia aldeko landa eremuetan jada urteak martxan daramatzaten edota jada gainbeheran dauden berriztagarrien makroproiektuen ondorio lazgarriak nabari agertzen dizkiguna. Horiek bai benetako "datuak", ez "aurreikuspen europarrak", aski beldurgarriak jada.

Mikel Larrañaga Arregi, Filosofian lizentziatua eta Historian doktorea

Enpresa pribatuen propaganda instrumentu publikoak
Azkenaldian Solaria energia berriztagarrien enpresako ordezkari den Aitor Uriarteren agerpenak izan ditugu hedabideetan, gauzatu nahi dituzten makroproiektuen onuren gorazarre egiten. Maiatzaren 28ko Radio Euskadiko agerpenaren... (+)
Gezurrak dantzan Zigoitian
Zigoitia shock egoeran dago. Hauteskundeak igaro eta, bat-batean, panel fotovoltaikoen makroproiektu bat ekarri digute mahai gainera, nekazaritza lurren hedadura izugarria estaltzeko asmoekin. Proiektu hori orain... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora