San Fermin ondoko igandea, eulien festa

Baso zahar ilunetan, bi begi handi eta distiratsu zelatan...

"Entzun, entzun nire dolu kantua, azken muxarraren testamentua”, zihoen Joxerra Garziak idatzitako eta Ganbara musika taldeak abestutako kantak. 1995ean amaitu ziren Leitzarango autobia eraikitzeko lanak, sei urteren ostean. Eztabaida handiko proiektua izan zen, besteak beste, izan zuen ingurumen inpaktuagatik, eta abestiaren egileek eragin hori  gorpuzteko animaliatxo bat aukeratu zuten, Leitzarango naturaren ordezkari: muxar grisa.


2026ko urtarrilaren 19a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.
MUXAR GRISA (Glis glis)

TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna / Karraskaria.

NEURRIA: gorputza 13-19 cm artean eta isatsa 11-15 cm artean. Pisua 100-200 g artean, baina urtaroetan aldakortasun handia du.

NON BIZI DA? Basoan. Zuhaitz zahar ugariko pagadi eta hariztiak ditu gustukoen.

ZER JATEN DU? Udaberrian eta udan hainbat landareren zati berdeez elikatzen da, eta irailetik aurrera, gantzetan aberatsak diren fruitu lehorrak jaten ditu gehienbat, lozorrorako prestatzeko.

BITXIKERIA: Muxar grisa ehizatu izan da, jateko eta sendagaiak egiteko. Haren gantza preziatua zen giharretako eta artikulazioetako minak sendatzeko, eta pilotarien eskuetako gaitzetarako.

BABES MAILA: Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan “kaltebera” kategorian dago katalogatuta. Euskal Herrian debekatuta dago berau ehizatzea.

Ugaztun begi handia dugu muxar grisa, katagorriaren lehengusua. Baina katagorria ez bezala, gautarra da, eta eguna zuhaitz zuloetan edo habiatan ematen du. Ilunabarrean ateratzen da janari bila, horregatik ditu halako begi handiak eta baita ukimen funtzioa betetzen duten biboteak ere. Zuhaitzetan gora eta behera ibiltzen oso trebea da, horretarako egindako gorputza du: hatzapar zorrotz eta labangaitzak eta oreka mantentzeko isats luzea.

Pagoen oinetan negu hotzean lo” egiten duela dio Leitzarango muxarrari egindako abestiak, eta ez doa bide txarretik. Alabaina, lotan baino, lozorroan egoten da muxar grisa, azarotik maiatzera bitartean. Basoko elikagaia agortzen hasten denean, muxarra hibernatzeko prestatzen da. Horretarako lurrazpiko galeriak prestatzen ditu normalean, pago edo haritzen sustraien artean. Garaia iristean, beraz, bertan sartu eta neguko loaldian sartzen da.

Hibernazioan zehar, muxarraren metabolismoa balio minimotara jaisten da. Gorputzeko tenperatura 0 ºC-tara asko gerturatu daiteke, bihotz taupaden maiztasuna ere ikaragarri txikitzen zaio, eta orduko behin hartzen du arnasa. Egoera horretan egoten da muxarra 6-8 hilabete bitartean.
Behin neguko hibernazioa amaituta, udaberri aldera, muxarrak oraindik nahikoa gantz erreserba baditu, hibernatzen jarraitu dezake, eta ia urte oso bat egon daiteke lozorroan. Ez dira lozorro jarraituak izaten ordea, noizbehinka pixka bat aktibatzen da, eta berriz sartzen dira lozorroan. Udako lozorroaren zergatia jada ez da neguko elikagai faltari aurre egitea. Kasu honetan, uste da harrapakariei ihes egiteko estrategia bat izan daitekeela. Lozorroan dagoela, muxar grisak ez du usainik botatzen, eta hontzek edota lepahoriek zailtasun handiagoak dituzte hura topatzeko. Hala, muxar grisak bere bizitzaren hiru laurden lozorroan pasa ditzake, hibernazio eta estibazio artean.

Aspaldi ez dela, bailara honetan muxarrak bizi ginen…”. Ugaztun txiki honen habitat egokienak pagadi eta harizti helduak dira, zuhaitz zaharretan habiak egiteko aproposak direnak. Fruituak ematen dituzten basoko espezieak ere behar ditu muxarrak, udazken hasieran elikatzeko erabiltzen baititu. Halako zuhaitzak eta habitatak, ordea, geroz eta eskasagoak dira gure inguruko mendietan. Hala ere, gaur egun debekatuta dago muxar grisaren ehiza, eta bizileku aproposak bermatzen badizkiogu, biziraungo du baso hezeetako begi handiak.

Ozeanoetako abeslaria
2025-11-30 | Irati Diez Virto
Xibarta bat lau metro inguruko gorputzarekin jaiotzen da, eta 700 bat kiloko pisuarekin. Egunero bere amari 400 litro esne ateratzen dizkio, sei hilabetez. Hain da... (+)
Sagu txiki, sagu maite, zulotxoan gorde zaitez...
2025-10-20 | Irati Diez Virto
Basatia zera da, Euskaltzaindiaren arabera: “Hezi, landu edo zaindu gabea; animaliez mintzatuz, gizakiak etxekotu edo hezi ez duena”. Definizio horretatik at geratzen dira, beraz, zalantzarik... (+)
Burmuina txikituta bizirauten duen ñimiñoa
2025-09-01 | Irati Diez Virto
Bizitza azkar pasatzen dela entzun eta esaten dugu maiz. Hala ere, gizakiok urte dezenteko bizi-itxaropena daukagu. Hainbat urte izan ohi ditugu ongi garatu, bizi eta... (+)
Askari izena duen haragijale txikia
2025-06-23 | Irati Diez Virto
Duela egun batzuk Zeraingo mendietan nenbilela, gorpu bat topatu nuen bidearen erdian. Lehen aldia zen halakorik ikusten nuela, eta kosta zitzaidan identifikatzea. Bere tamaina txikia... (+)
Kondairetako piztia Kantauri Itsasoan
2025-05-12 | Irati Diez Virto
Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak... (+)
gora