Urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe.

Baso suteak itzaltzeko zerbitzua erreta

Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Urriaren 8an Batzar Nagusietan aho batez onartu zen Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea Gipuzkoan baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana idatzi eta onar dezala. Deigarria da Gipuzkoa izatea orain arte basoko suteen prebentzio planik izan ez duen lurralde bakarrenetako bat, nahiz eta legez aspalditik derrigortuta egon.

Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Langileen Batzordeak salatu du basoko suteak itzaltzeko aldundiaren antolaketa zeharo zaharkituta gelditu dela, eta kezka handiz esan liteke erreta dagoela. 1990eko hamarkadan bultzatutako zerbitzuak bere onenak eman ditu. Berritu ezean eta baliabide pertsonalak zein materialak jarri ezean, suhiltzaileekin koordinazioa hobetu ezean eta bizi dugun larrialdi klimatikoa aintzat hartuta, natur ondarea eta beharbada zerbait gehiago galtzeko arrisku bizian egon bagaude.

Esan gabe doa eskertzekoa dela urte hauetan guztietan suteak itzaltzeko lanean aritu diren boluntario guztien papera, eta gaur egun ere ditugun erretenetan (gure mendiko suhiltzaile boluntarioak, talde txikietan antolatuak) zein uraskekin erne eta itzaltze lanetan dena emateko prest daudenena. Gure esker ona haiei guztiei, eta hemendik aurrera basozainok haiekin elkarlanean aritzen jarraitu ahal izatea espero dugu. Diputazioak, ordea, pilak jarri beharko ditu eta inbertsio handiak egin egungo egoerari aurre egin nahi badio.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hamarkadetan ia ez du dirurik gastatu basoko suteak itzaltzeko baliabideetan eta, esan bezala, 2025ean XX. mendeko antolaketa ereduak ez du balio

Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hamarkadetan ia ez du dirurik gastatu basoko suteak itzaltzeko baliabideetan eta, esan bezala, 2025ean XX. mendeko antolaketa ereduak ez du balio. Zaharkituta daude eta eskasak dira orain arteko baliabide materialak. Uraskek, esaterako, mendiko lanetan ibiltzen diren enpresetako kamioietan igotzen diren ponpadun zisternak (Gipuzkoan bost), 30 urte baino gehiago dituzte. Baina horri gehitu behar zaio orain arteko lanabes eta beste medioen falta, irratiak, kasu, edo babes ekipoak berritzen eta eguneratzen joan behar direla.

Bestalde, denok ulertzen dugu basoko suteak itzaltzeko jendea behar dela, baina formazioa duena eta prestatuta dagoena, ahalik eta seguruen jarduteko eta suteen itzaltzea modu antolatu nahiz koordinatuan eramateko. Horrek eskatzen ditu etengabeko formakuntza eta ikasitakoa zein zerbitzuen arteko koordinazioa trebatzeko praktikaldiak, egun ez daudenak. Ez ahaztu basoko suteetan basozainak, baso-suhiltzaileak, hiri-suhiltzaileak, teknikariak, aireontziak, poliziak, anbulantziak, babes zibila eta larrialdi horretarako beharrezkoa izan litekeen beste edozein medio ere elkarlanean aritu behar direla.

Baliabide pertsonalei dagokienez, urteak daramatzagu salatzen Gipuzkoan oso basozain gutxi gaudela. 48, urte osorako eta lurralde osorako! Eta gure esku dago neurri batean basoko suteen prebentzioa, detekzioa, itzaltzea eta ondorengo arrazoien ikerketa. Gehienetan geuk eramaten dugu itzaltze lanen zuzendaritza, eta erretenen lanen antolaketa guri dagokigu. Orain arte 60 baso-suhiltzaile boluntario inguru izan ditugu hamar lan-talde edo erretenetan. Esan bezala, ez dira profesionalak eta beren lanak dituzte. Hortaz, ez daude denak beti libre eta maiz lan egin ondoren suteak itzaltzera doaz edo sutean hainbat ordu egon ondoren lanera joan behar dute. Hori ez da zilegi.

Hiri-suhiltzaileak ere salatzen ari dira dituzten gabeziak; hemendik gure elkartasuna. Edozein kasutan, Gipuzkoako Aldundiko suhiltzaileetan 1990eko hamarkadatik langileek barrutik asko borrokatutako bultzada eman zaio, nahiz oraindik nahikoa ez izan. Hastapenetan egoera oso prekarioan egonik, plantilla etengabe hazten joan da eta materiala berritu da, basoko suteak itzaltzeko zerbitzuan gertatu ez den bezala. Gurean denbora lausoan harrapatuta gelditu gara, funtsak izaera publikoz mozorrotutako baina interes pribatuak dituzten enpresetara desbideratu diren bitartean.

Gizarteak funtzionarioz osaturiko kalitatezko zerbitzu publikoa merezi du eta etorkizunak oinarrizko basoko langile profesionalak, baso-suhiltzaileak, hiri suhiltzaileak eta horiei guztiei lagunduko dieten ondo prestatutako erretenak eskatzen ditu. Langile horiek lirateke urte osoan prebentzioan lanean arituko direnak, formakuntza egokiarekin, praktikak eta zaintzak egingo dituztenak eta berehalako erantzuna emango luketenak. Orain, aldundiari dagokio Batzar Nagusien aginduak betetzea, eta aurrekontuetan ikusiko da Foru Gobernuaren konpromiso maila.

Antxon Gomez Lorente (lehendakaria) eta Xabier Rubio Pilarte (idazkaria), Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalaren izenean

gora