Asteroko buletina
Tximeleta dabil urrian, gauza txarren bat dator

Kru-kru kurruskatu

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2019ko uztailaren 15a
Uraza ez da udan eguzki galdatan bizitzeko jaioa. Udan nahiago du erdi itzaletan egon. Ikaragarri maite du bizitza luzeko barazki handien hanketan egotea: tomatea, piperra eta abar.

Bero zakarrak izan dira uda hasiera honetan. Ohitzen ahal gara! Klima aldaketa gezurkeria dela esaten jarraitzen dutenak, beraiek jakingo dute zein patrika betetzen ari diren, baina datuak hor daude. Eta jarraitzen dute nekazaritza kimikoaren eta pozoitsuaren alde egiten. Errauskailua eraiki eta ingurumenaren alde ari direla diotenek bezala. Alabei kontuak bihurtu beharko dizkiete, baita ez dituztenek ere. 

Beroak jo duen honetan, sufritzen dutenak nabarmen azaldu dira. Horrelakoetan kalte ikusgarriena hostajean gertatzen da. Landareak ur eskasia pairatzen du, eta erredura antzekoak erakutsiko ditu. Landareak ura lurretik hartzen du, erroetako sustrai bizarren bidez. Ur hori enborrean gora igoko da elikagaiak hostoetaraino eramanez, gero ur hori lurrundu egingo da, hostoetan eta puntta berdeetan dituen estometatik kanporatuz. Hostajean ur eskasia gertatzeko lurrean urik ez izatea edo ura izanagatik landareak behar adina ezin hartu eta hosto guztietako txoko guztietara ezin garraiatua gertatu behar da. Ur faltan, hostoetako estomak itxi egingo dira. Estoma horietatik bertatik landareak oxigenoa askatzen du, eta CO2 hartu eta bota. Estomak itxita, gas truke hori egin ezinik, landarea elikagaiak sortzeko gauza ez, eta ahuldu egingo da. Ur eskasia belzten bada, hosto berrienak, gurienak, ahulenak, beratzenak, mardoenak, samurrenak, bigunenak, gozoenak, berenak, leunenak, finenak, meheenak, minberenak, sentiberenak, hauskorrenak erretzen hasiko dira. Ertza erreko zaie lehenik; egun batetik bestera izkina horitu eta gorrituko da. Hori maiz ikusten da urazetan edo letxugetan (Lactuca sativa); bero handiak ez izanagatik, ur asko behar du hosto mordoa elikatzeko eta uda “arruntetan” ere ur falta sentitu dezake. Uraza ez da, ez, udan eguzki galdatan bizitzeko jaioa. Udaberrian eta udazkenean hor nonbait, baina udan nahiago du erdi itzaletan egon, edo arratsaldeko eguzki gogorrenak ematen ez duen bizilekuan. Ikaragarri maite du bizitza luzeko barazki handien hanketan egotea: tomatea (Solanum lycopersicum), piperra (Capsicum annuum), alberjinia (Solanum melongena), zainzuria (Asparagus officinalis) eta abar. Beroa handitu ahala, landareok ere handitu egingo dira, eta itzala zerratu, egun gutxitan jateko modukoa egongo den urazaren mesedetan; kru-kru kurruskatuko da hortz artean. Eta itzaletan hazi den urazaren hostoa jan edo eguzkitan, negutegian edo berotegian, eta gero eta gehiago, lurrik ukitu eta usaindu gabe ere hazitako uraza jan, alde ederra dago. Plateran jarri eta ezetz ezagutu, dema egingo dizu nekazari kimikari pozoizaleak, eta arrazoi izan dezake, baina osasuna ez du engainatuko.

Ezti ihintzez egindako ihintz eztia
2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak. (+)
Intsusa lore edariak
2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean... (+)
Pagoaren kontuak
2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak.... (+)
Lurra elikatu, guk jan
2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean... (+)
Odolezko laranjak
2024-04-14 | Jakoba Errekondo
Istorio ugarik lanbrotzen du bere jaiotza. Bere koloreak erakartzen du gehien. Azalarenak zenbaitetan, baina batez ere mamiarena da deigarria. Odolezko laranja da (Citrus x sinensis).... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora