San Jose goizeko ihintzak, kentzen ditu gaitzak.

Klima aldaketa eta paisaia

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2019ko martxoaren 28a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Eguraldia aspaldian dugu hizpidean jarria; klimarena, ordea, berri samarra da. Klima aldaketa zer den argitu behar handirik ez dago. Paisaia zer den azaltzea bai, horren premia gorriagoa da. Puri-purian dago klimaren aldaketaz hitzaldi, mahai inguru edota nazioarteko konferentziak antolatzea. Ni “klima aldaketa eta paisaia” gaiaz aritu naiz mahai inguru pare batean, eta zailena paisaia geu garela azaltzea gertatzen zait.

Nahiago nuke Fernando Pessoak esaten zuen hura egia balitz: “Ez dugu ikusten ikusten duguna, geu garena ikusten dugu”. Benetan geure burua ikusiko bagenu paisaian, orduan egunero-egunero eta egun guztian egiten dugun guztia gure paisaia dela jabetuko ginateke. Den-den-denak duela eragina gure inguruan, gure ingurumenean, gure bizitza kalitatean.

Gure paisaia geuk sortua da. Paisaia guztia kulturala da, geure historian bizitzeko behar izan dugun guztia eskuratzeko moldatu dugu. Eta kultura bakoitzak bere erara moldatzen du: larre, baso mugarrotu, txaradi, garomen, sagasti, soro... Horrexegatik parke naturala esan beharrean Parke Kulturala esan beharko genieke gure aurrekoek sortu, zaindu eta egokitu dituzten paisaia horiei. Horrexegatik paisaia bera da klima aldaketaren erakusle nagusia. Burua joan zaigu honetan, eta, Daniel Innerarityk dioen eran: “Etorkizuna kontsumitu eta gaurkoaren zabortegi bihurtzen ari gara”. Eta gure jokabidea paisaian txertatzen ari da, zizelkatzen, etengabe. Garena.

Klima aldaketa ez da mende amaierarako lau gradu berotuko dela Lurra, ez eta muturreko eguraldi erauntsiak nagusituko direla, ez eta ardoa eta txokolatea eta kafea eta arrainak ez direla ia inoren eskuera egongo, ez, ez. Klima aldaketa berorri eta ni oraintxe egiten ari garena da. Gure alaba-semeek, hemendik oso urte gutxira lotsagorriturik bizituko dutena; arrazoi osoz, gu madarikatzeko paisaia sortzen ari baikatzaizkie. Fabrizio Caramagnak esan zuen: “Toki batzuk enigma bat dira, beste batzuk azalpena”. 

Geure esku dagoena horixe da, baina. Etorkizuneko madarikazio hori ez gertatzea. Hagintzen duten axkar eta lixtoek nahi dutena esan dezatela, berorrek eta neuk geureari ekin. Henri-Frédéric Amielek zioen: “Edozein paisaia, espirituaren egoera bat da”. Guretzako klima aldaketa da. Beraientzat, euskaraz, aldaketa klimatikoa. Gure paisaian, Euskal Herrian! Euskararen paisaia kolonizatua. Patrick Modianok esan zuen: “Paisaiarik gabeko pertsona babesik gabe gelditzen da”.

Azenario koloreko mutila
2026-01-26 | Jakoba Errekondo
Seko jakineza naiz, eta ez naiz modaz ariko. Koloreez bai, ordea. Kolore batzuk nola haizearen alde jarri eta denon aurrean boladan sartzen diren. Azenarioarena kasu... (+)
Trikuaren salbabidea
2026-01-19 | Jakoba Errekondo
Askatasunak neurria du. Bizitzeko askatasunak neurria du, neurri zehatza, trikuaren kasuan 13x13 cm2. (+)
Azken jantokia
2026-01-12 | Jakoba Errekondo
Gosetea etorritakoan, eskolako jantokiak itxi egiten dituzte. Hori da egoera okertzeko erarik errazena: haurren gosea areagotu. Aspaldi esana dugu: etorkizuneko gerrak gosearenak izango dira. Euskaldunok... (+)
Sukalde-ohol eta trangadel zurezkoak
2025-12-29 | Jakoba Errekondo
Sukalde txoko guztietan bizi da ohola. Sukalde-ohola gehienetan, baina baita trangadela ere. Trankadera, pikadera, tranbil, trangel, idulki eta trokote ere esaten zaio, eta sukalderako edozein... (+)
Ahuakate berri bat sortzeko
2025-12-22 | Jakoba Errekondo
2002an, gaixorik zela, epaia eman zioten, eta lepoa moztu. Bai zuhaitzei eta arbolei ere lepoa mozten zaie, eta akabatu. Eskerrak ordurako milioika ondorengo eman eta... (+)
gora