Bizitza osorako zoriontasunaren bila bazabiltza, baratze bat zaindu.

Errazkerietan

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2016ko urtarrilaren 21a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Dena atzekoz aurrera ikusten duen jendea bada. “Baratze bat egingo nuke, gustura, baina ez dut lurrik”, “ikaragarrizko lanak dakartza”, “landarea jarri eta zer edo zer ematerako hilabeteak hari begira”... Denak egiak, baina den-denak aitzakiak. Lurrik gabekoek okupatu egiten dituzte, edo terrazan edo balkoian edo leiho koxkan edo... Gure herriko Joxe Leon ile-apaintzaileak lantegi aurreko espaloiaren mugako lur pusketatxoan baratze ederra du, alboko argazkikoa. Aurretik igarotzen naizenero harritu egiten nau; orain babak (Vicia fava) ditu, bortusaiek (Ruta graveolens), ilenek (Calendula officinalis) eta ezkai limoiusaindunek (Thymus citriodorus) lagunduta, eta ez da metro koadroa ere izango!
Lanaren aitzakiari ezikusiarena egingo diot, gero gimnasiora edo kafetegiko aulkietako kuxinak lisatzera joateko tartea noiznahi hartzen dugu eta. Horren bueltan, hau etorri zait gogora: gaua laburtzen eta eguna luzatzen hasi dela ospatzeko zorionak ematea ohikoa den egunetan, oso ohikoa ez den bitartekoa bidali dit lagun batek, nekazari baten bideoa. Eskuetan pikatxoia eta aitzur zabala dituela egun melenga horietako beratu txoroari aurre egiteko arbolak landatzeko zuloak egitea bezalakorik ez dela dio. Pikatxoi kolpeka hasten da, dinbi-danba, eta hala dio, hor joaten direla memelokeriak.

Barazkiak landatu eta jateko unea iristerako aspertzen diren horientzat, bada erein edo landatu eta aitaren batean mahaian izan dezakegun hamaika barazki. Uraza edo letxuga (Lactuca sativa), eskarola (Cichorium endivia), txikoria (Cichorium intybus) eta porru-tipula (Allium schoenoprasum) landatu eta hilabeterako jateko moduan dira; urazari lepoa moztuko diogu, baina porru-tipula hotz handiak etorri arte hostotxoak moztu ahala berritu eta eman eta eman arituko da. Zerbak edo azelgak (Beta vulgaris) landatu eta lauzpabost asterako izango ditu hosto batzuk kentzeko modukoak, ziazerbak edo espinakak (Spinacia oleracea) bezala; erein eta hilabete edo hilabete eta erdira, jateko moduan izango da; gainera, hostoz hosto bilduz gero, luze emango dute. Azenarioa (Daucus carota) erein eta hilabetera jaten has daiteke; ttiki-ttikiak dira, bai, gozoenak. Errefaua (Raphanus sativus) jaio eta hilabete aurretik jan, krisk-krask.

Aitzakiarik ez. Errazkerian behinik ere, ekin!

Iraultzak pobretzea dakar, motzarelo
2025-06-02 | Jakoba Errekondo
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo... (+)
Sua lotzen duen lorea
2025-05-26 | Jakoba Errekondo
Egurra lorarazteko gai da. Egurra lore bihurtzen du, bai, izan zurgin, arotz, zur-langile, zur-lantzaile, maiasturu, benuzer edo menuzer, zur-apaintzaile, zur-egintzaile, zuharotz, zurgile, zurgin-neska edo zurgin-mutil... (+)
Pagotxa eta beste pagotxak
2025-05-19 | Jakoba Errekondo
A ze pagotxa!, esan ohi dugu. Pagotxa edo mauka edo txokoa edo mantxunga edo… onturre edo probetxu ona ateratzen zaion zerbaiti edo horren aukerari esaten... (+)
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere
2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu.  (+)
Hazi batetik mundu guztiak
2025-05-05 | Jakoba Errekondo
Lagun asko dut. Ezagutzen ditudanetatik hegalari jendea da mordoxka bat. Duela hiru bat urte, horietako baten bisita izan nuen; ez dut gogoan nor zen. Antxeta... (+)
gora