Astelehenero 8:00etan zure epostan
Golde” hitza “kultura” hitzetik dator. Etimologialaria ez naizenez, ez naiz, badaezpada, bidezidor horretan barrenduko, edozein sastraka edo lahardiren (Rubus fruticosus) erdian itotzeko ere… Inor edo bestek argituko ote digu gakoa.
Bizi Baratzea liburuaren egilea
Goldea, gaur egun ezagutzen dugun goldea, golde belarriduna, oso berria da gure artean. Lehen, golde txikia, besabea eta, batez ere, laia erabiltzen ziren. Golde belarridunari gorazarre egiten zaion garaian bizi gara, eta horrek bizia kendu besterik ez digu egiten. Goldea zenbat eta sakonago sartzea indar erakustaldia da, lurra txikitu beharreko arerioa balitz bezala. Horretarako, gero eta indar handiagoko traktoreak ditugu, eta sekula santan airerik arnastu gabeko eta eguzkia eta ilargia ezagutu ez dituzten sakonerako lur mailak azaleratzen ditugu.
Iraultze hutsak kalte nabarmenak dakarzkio lurrari. Lurra gehiago da unibertso oso konplexu bat ekosistema soil bat baino. Konplexutasun horretan, izaki asko bizi da uztarri erraldoi batean elkar korapilatuta; elkarren premia dute behar bezala elikatu eta ondo bizitzeko. Denek denen beharra dutela jakinaren gainean, loturak askatasuna dakarkie. Emanhartuko elkarbidea elikatzen dute etengabeko konexio anitz eta anitzek, eta bata bestea adoretu, bihotz eman eta bizitzeko, soilik bizitzeko pizten dituzte. Izaki jende ugari bizi da lurrean eta, biziz, lurrari bizia ematen diote. Lur bizi batean landareak ondo baino hobeto biziko dira; elkarlan horretako partaide dira landareak ere. Landareek bizilagun guztien beharra dute, eta landareena ere bai haiek: bakterio, zianobakterio, alga, birus, onddo eta abarrek. Denak denen konektore dira. Ugarienak bakterioak dira, baina biomasari begiratuta onddoak dira masa handiena, gutxi gehiago %70.
Onddo horiek hifaz osaturiko mizelioetan bizi dira. Goldea sartzen dugunean, mizelio delikatu horiek ebakiko ditu. Era berean, lur sakonean bizi diren beste mikroorganismoak, oxigenorik behar ez dutenak, haizea hartzera aterako ditu. Lurrazal emankorra azpiratuko du, eta bertan bizi diren mikroorganismoak, oxigenoa behar dutenak, lurperatuko ditu, bertan itoaz. Goldeak egiten duen lehen lana lurra pobretzea da. Lurra iraultzeak lurra pobretzea dakar, motzarelo. Lurreko bizitzari, eta hortaz munduko bizitza osoari izugarrizko nahasmendua sortzen dio, mikrobiologia mailan, batez ere. Baina onddoek eta bakterioek landareak elikatzen dituzte, eta era berean landareetatik jaten dute. Haiek kaltetuta landareak kaltetuko dira. Eta golde kolpea onbideratzen hasten direnerako aprobetxategi, aukerazale, baliatzaile, lapur oportunistaren bat etorriko da eta ingurua jakiz hustuko du.
Mekanizazioaren kulturak lurreko organismoen azpiarmonia hautsiko du eta elkarbizitza suntsituko. Hori gutxi ez eta goldezaleek, batez ere nekazari industrial “gure bizitza kalitateak bost” taldekoek ongarri, herbizida, pestizida, fungizida eta intsektizida kimiko industrialak erabiliko dituzte. Horiek landareak janari merkea hartzera bideratuko ditu, “zabor janaria” edo “janari azkarra” oximoronekin ederki definitutakoa. Pestizidek ekosistema hustu egingo dute, ondorioz materia organikoa faltako da eta atzetik lurra higaduraz erabat galduko da.
Sintesi kimiko industrialeko gaiak erabiltzeak, simaur, luar, ongarri organiko naturalik ez erabiltzeak eta golde gero eta handiagoekin gero eta sakonago iraultzeak lurra pobretzea dakar. Gu pobretzea. Gu hiltzea. Argindarraren itzalaldia ez, elikagaien itzalaldia. Armen gerrak negozioa dira, baina gosearen gerra da eraginkorrena. Begira Palestinara. Gora goldea!
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545