Idiak esan omen zun: maiatz luzia gosia. Harek eraman zuen nere alabia.

Daliaren guda

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2015eko ekainaren 10a
Dahlia generoko landareek lore ederrak dituzte. Haiek txundituta, landareon tuberkulu jangarriak baztertu genituen Europan, ez ordea Mexiko jaioterrian.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hau idazten ari naizen egun honetan, maiatzaren 25ean, duela 226 urte (1789an) hil zen Anders Dahl suediar botanikari sonatua. 38 urte besterik ez zuen, baina bere txokoa eginda joan zen mundu honetatik. Claes Alströmereko Lorategi Botanikoaren zuzendaria izan zenak arrasto polita utzi zuen, nonbait. Bera hil eta bi urtera iritsi ziren Mexikotik Madrilera, errege lorategi botanikora, lehen daliak; hango langileak, Antonio José Cavanilles botanikariak, suediarraren ohorez jarri zion generoari Dahlia izena. Garai hartan landareen jakintzara iraultza ekarri zuen Linneoren esaneko jarraitzaileak ziren biak.

Daliaren izenaren istorioa polita bada, izana politago. Mexikotik ekarri zituztenean bere loreen dotorezia aipatzen zuten, baina baita lurpeko tuberkulu jangarriak ere. Patata ere (Solanum tuberosum) antzeko sonaren lurrinetan ekarri zuten: lore politak eta tuberkulu jateko onak. Han, Ameriketan jaten zituztela, alegia. Europara ekarri eta botanikariak borrokan, nork dotoreagoa izan. Eta dotoreziaren graduak jangarriari gaina hartu. Zeinek dalia gorriagoa, zeinek deigarriagoa, zeinek petalo ugariago zuena, zeinek lore deigarriena... XIX. mendearen hasierako baliabideekin, botanikarien beste gudu bat. Daliaren guda.

Daliek ezaugarri genetiko berezia dute: oktoploideak dira; hau da, kromosoma baliokideak zortzinaka dituzte. Landare gehienek, berriz, binaka. Hori gutxi balitz, kromosoma horien barruan geneak batetik bestera eramateko gaitasuna duten transposoiak edo zati mugikorrak izateko erraztasuna dute. Hori dela eta, Dahlia generoan 42 espezie badaude ere, milaka eta milaka aldaera sortu dira. Ia erabat lorearen kolore nahasketa eta forma oinarri hartuta egindako lana; ia-rik gabe, erabat.

Loreek txoratuta, lurpeko tuberkulu jangarriak azkar abandonatu zituzten. Baita askoz emankorragoa zen patata aldamenean zutelako ere. Baina Mexiko jaioterrian aztekek usu jaten zuten, eta, gaur egun ere, erabiltzen dute tuberkulua hango sukaldaritzan. Alkatxofaren tankerako gustua omen du. Erdialdeko Amerika osoan edari batzuei lurrin berezia eransteko tuberkulu errea darabilte. Loreak ere ona dira jateko, gozoak eta geza punttua dutenak: tipularekin entsaladetan, lekaleekin eta zopetan...

Lehengo mendearen hasieran, Ipar Amerikan eta Europan, intsulina aurkitu aurretik (1923), dalien tuberkuluetatik erauzitako gai bat hartzen zuten diabetikoek eta hetiko edo tisikoek.

Mexikon bai jakin, “lore nazionala” izendatua dute.

Gaztaina nor bazeneko lanak
2026-11-09 | Jakoba Errekondo
Kirikinoak badu bere hesia. Kirikinoari gure bailaran “morkotsa” esaten zaio, baina han-hemen atso, karlo, arrotx, katakoskol, ardots, kormuts, arbots, lokots, mutxur, sokor, sokal, morkol, sokoil,... (+)
Nafarroako eta Lantarongo intxaurrak
2026-11-02 | Jakoba Errekondo
Duela ehunen bat aste izan zen. Urte pare bat bada Agur intxaurrondo, agur izenekoa idatzi nuela orri honetan bertan. Hartan nioen urak Atlantikora isurtzen ditugun... (+)
Asko ez da beti aski
2026-10-26 | Jakoba Errekondo
Bizi da ala hil da? Nola jakin aurtengo beroaldi eta lehorraldi gordin eta mokor hauen ondoren ihartu den arbola bat hil den ala bizi den,... (+)
Ardoa eta azukrea
2026-10-19 | Jakoba Errekondo
Ospatu beharra dago! Azkenaldi honetan ospakizuna ospakizunaren atzetik dugu inguruan. Horrelakoetan etxeko sagardoa nagusi da; dagoeneko upel, bukoi eta barrikak irakiten ari dira, hurrengo urtean... (+)
Babazaletzea
2026-10-12 | Jakoba Errekondo
Bada istilu eta nahaste-borrastea. Bada, izan ere, baba. Noizkoa ote da “baba” izena? Eta zer landare izendatzen zuen lehen hartan? Eta zer landare izendatzen du... (+)
gora