Otsaila eztiegia, primadera txirtxilegia.

Amaginarreba

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2013ko martxoaren 13a
Dieffenbachia bowmanii.LucaLuca-CC By SA
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bere katua baino señoragoa den lagun batek, etxeko señora katua pozoitu dezaketen landareez idatzitakoa irakurri ostean, izutu antzera idatzi dit. Señoragoak alaba bat badu lagunaren atzetik Galiziara joana. Eta handik etorri omen zaion berria luzatu dit: “Dieffenbachia landarea pozoitsua omen da. Zuk zer diozu? Oso landare arrunta da eta beraiek bizi osoan izan omen dute etxean”.

Ameriketako Dieffenbachia generoko landareak ohikoak dira, bai, etxe barruetan, arruntena Dieffenbachia bowmanii. Etxean lana latz egiten du dieffenbachiak, etxeko zokoetako itzaletan ondoen bizitzen diren landareetakoa izateaz gain airea garbitzeko gaitasun aparta du. Denok bezala, ordea, horrek ere badu atzeko leihoa.

Landare osoak du pozoia. Kaltzio oxalatozko kristalak ditu. Belarjaleen hortzak bere hostoetatik urruntzeko eraginkorrak. Landare honen zatiren bat murtxikatuz gero ahoan eta eztarrian handituak, hanturak edo eritemak sortuko ditu, hizketarako aukerarik gabe uzteraino, baita egun batzuez ere. Ahokoa sentituta zaila bada ere, gehiago janez gero barruragoko kaltea bueltarik gabea gerta daiteke, glotisa handituz arnasa zeharo galarazi baitezake, ito arte.

Ingelesek Dumb cane deitzen diote, eta itzulpena bikoitza izan daiteke: tentel edo baboaren kanabera, ala mutuaren edo mintzogabearen kanabera. Mutuarena argi dago, hitza galarazten du. Tentelarena, jaten duena nolakoa den azaltzen duelako, agian? Erdialdeko Amerikan Lotería deitzen diote; zori ederra! Frantsesez Canne des muets diote, mutuen kanabera ala puta etxe finetako kanabera? Pozoiarekin katoliko zuriren batek egingo zuen lotura ote? Portugesez Comigo ninguém pode deitzen diote Brasilen. Ez da miraria, garai zaharragoetan esklaboak zigortzeko landare honen hosto zatiak ahoan sartzen zizkieten. Geroztik, energia kaltegarriei eta begizkoari aurre egiten dien landaretzat dute eta zorionerako zazpi landareen artean landatu eta gurtu.

Landareak marraskatzeko ohitura duten haur txikiak eta maskotak urrundu, baita hura ukitu besterik egin ez duen ureztaketa uretik ere.

Ingelesek Mother in law ere deitzen diote, amaginarreba, alegia.

Zuria, kolore eta olore
2026-05-04 | Jakoba Errekondo
Hor darraio genozidio batek. Ez da bakarra. Ez lehena, ezta azkena ere. Izugarria bai, zer garen eta zer izan gaitezkeen ederki asko erakusten diguna. Palestina. (+)
Azeribuztana adiskide
2026-04-26 | Jakoba Errekondo
Isatsa edo buztana, lukiaren edo azeriaren atzekia ikusten dugu euskaldunok landare batean (Equisetum telmateia). Luki-buztan, luki-belar, azeri-belar, azeri-isipu, azagari-buztan, oilar-puztan eta eztainu-belar ere esaten zaio.... (+)
Zuhaitzaren argia
2026-04-20 | Jakoba Errekondo
Zenbat denbora da ez dituzula ohean egiten diren gauzak zuhaitz baten azpian egin? Siesta bat, adibidez. Edo txortan. Edo negar. Edo galdera beste era batera... (+)
Gosariaren plazerak
2026-04-13 | Jakoba Errekondo
Kax-kax. Familiako ohiturari segida emanez, etxeko Rhode Island Red oiloen urean pasatako arrautza, goiko muturrean, buelta osoan, koilaratxoarekin joka, kax-kax. Ogi puxka sartu, erdi gordinik... (+)
Elorri-xixta eta gaztaina
2026-03-30 | Jakoba Errekondo
Itsas Armada Handi eta Txit Zorionekoa zuen izen. 1588an Espainiako erregeak prestatu zuen espedizio militarra zen; 137 itsasontzi tresnatu zituen, eta Ingalaterra hankapean hartu nahi... (+)
gora