Asteroko buletina
San Bartolome: burua lodi eta lepoa mehe.

Arrazionaltasuna vs emozionaltasuna

Gezurra ematen badu ere, oraindik ere entzun egin behar dugu –gehienbat emakumeok– emozioak arrazionaltasunaren gainetik jartzen ditugula, eta horrela ezin dela taxuzko erabakirik hartu. Azken asteotan bi gizonezkori entzun diet argudio bera, energiaz ari zirela.

Josebe Blanco Alvarez
Josebe Blanco Alvarez

Hausnarrean. Ardiek egin naute artzain liburuaren egilea


2024ko martxoaren 11

Argudioak sortutako dardarizoak eraman nau psikologiako apunteei hautsa kentzera, eta emozioen eta sentimenduen arteko ezberdintasunarekin egin dut topo. Lehenengoak bat-batekoak dira, unibertsalak, berezkoak eta inkontzienteak. Emozioek biziraupena ziurtatu digute, arriskuetatik libratu eta hona ekarri gaituzte, belaunaldiz belaunaldi. Sentimenduak, aldiz, denboran mantentzen dira, eta emozioen eta pentsamenduen ondorioak dira; emozioen interpretazioa omen dakarte. Lobulu aurrefrontalean sortzen dira –planifikazioa, hausnarketa eta erabakimena sortzen diren leku berean–. Hortaz, hizlariek "emozio" eta "sentimendu" kontzeptuak nahastu egin dituzte.

Ñabardurak ñabardura, deigarria da arrazionaltasuna vs emozionaltasuna eskemetara itzultzea, biek elkarren arteko inongo konexiorik izango ez balute bezala. Edozein kasutan, bitxia da –zer edo zer esatearren– nolatan, oraindik ere, iritzi bati kontra egiteko erabiltzen den arlo emozionalaren gutxiespena. Oso bitxia.

Zenbait jardueraren etika falta zuritzeko ere erabili izan da dikotomia hori. Nirera etorrita, zootekniari buruzko XIX. mendeko tratatuetan definizioak zioen: etxeko eta basoko animalien hazkuntza, hobekuntza eta ustiapena aztertzen dituen zientzia da, produktibitate maximoa eta errendimendu handia lortzeko helburua duena.

Jakina, lan egiteko molde horretan sentimenduak ez ziren –dira– existitzen, –ez animaliena, ezta pertsonena ere–; "objektibotasuna" lehenesten zen. Orduko tratatuetara joko bagenu, ez genuke aurkituko "jasangarritasun" hitza –oraingoetan bai: jarrai dezagun ustiatzen, baina modu guayan–. "Ustiapenaren" izpiritu hark bere horretan jarraitzen du, zertzelada berde batzuk gehituta. Helburuak jarraitzen du produktibitatea eta errendimendua izaten. Animaliak jarraitzen du sentitzen ez duen elementua izaten. Egoera horretan bizitzera kondenatutako animaliarekiko enpatia izpi txikiena erakusten duena, milika eta animalista da.

Mende bat eta erdi geroago, beste arlo askotan –gehienetan ez esatearren– aplikatzen zaio filosofia bera lurraren gainean –edo azpian– dagoen edozein elementuri, baita pertsonei ere. Definizioa errepikatzen da, eta horrek eraikitzen ditu munduan egoteko modua eta munduari begiratzeko era.

Energiaren gaia ez da salbuespena, eta errealitatea eta bizitza excel tauletatik begiratzen dutenek martxan dagoen kolonialismo energetikoaren alde ilunak azaleratzen ditugunoi arrazionaltasun falta leporatzen digute, emozioek pisu handiegia omen dute gure iritzietan. Aurrekaririk ez balego bezala, beste lurraldeetan gertatutakoak hemen errepikatuko ez balira bezala –baita beste itxura batekin ere–.

Hori horrela, zaila da injustiziaren aurrean sentimenduei iskin egitea; zaila da naturaren –eta beraz, denon bizitzaren– suntsiketaren aurrean ezer ez sentitzea. Ezinezkoa ez hausnartzea, ez antolatzea, ez erabakitzea horren kontra egitea; izan ere, denon bizitzak jokoan daude.

Kasualitatea ote "arrazionaltasun" horren aldarrikatzaileak maiz gizonak izatea? Emozioak eta sentimenduak bereizten ez dituzten horiek ez al dute ezer sentitzen? Benetan uste dute haien altzairuzko pentsamendu pragmatiko eta teknikoa sentimenduen bekatutik libre dagoela?

Nola sinetsi planeta honetan bizitzea –bere zentzu literalean eta hertsian– ezinezkoa egiten ari den arrazionaltasun berak salbatu behar gaituela?

Zer da artaldea? (Gerturatze bat)
Astebete pasatxo eman dut artaldeaz hausnarrean. Lehenago ere eskaini izan dizkiot tarteak artalde kontzeptuari ematen zaion erabilerari, baina orain dela astebete izandako elkarrizketak berritu du... (+)
In extremis, mila esker
In extremis heldu naiz orrialde honetara. Patuak hala erabaki du. Izan ere, orain dela bi aste erdi idatzita nuen gaurkoa, baina dokumentua gorde gabe ordenagailua... (+)
Borrokak eta liburuak
Konturatu orduko apirila joan da, bere intentsitate eta kolore guztiekin. Egun beroak, epelak eta hotzak utzi dizkigu. Ostadarra eta izotza. Euri jasak eta bero sapa.... (+)
Hamaika
Ez dakit zure herrira helduko den Hamaika diziplina anitzeko proiektu artistikoaren erakusketa. Artelanekin batera, hamaika lekukotasun. Bertan denetarik dago: beldurra, mina, amorrua, esperantza, etsipena, indarra...... (+)
Munduan leku bat
Gutako batzuk hemen jaio ginen, zoriak erabaki zuen populazioaren %11 honen parte izango ginela. Beste batzuek erabaki genuen landatarrak izatea, eta lurraldearen %89an bizitzea. Denok... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora