Astelehenero 8:00etan zure epostan
“Bizkaiak eukaliptoa landatzeko debekuari eutsiko dio” eta antzeko titularrak ikusi ahal izango ditugu aste honetan. Albiste ona, ezta? Bada, ez gaude guztiz seguru, edo ez gaude guztiz seguru nahi genukeen bezain albiste ona denik, behintzat. Kontuan izan iaz hogei erakunde ekologista baino gehiagok honako adierazpen bateratua sinatu genuela, non une hartan eukaliptoaren gainean indarrean zeuden moratoriak gutxienez 2030. urtera arte luzatzeko eskatu genuen. Nolanahi ere, ikus dezagun…
Moratoria edo luzamendua luzatzeko erabakia Batzar Nagusiek hartu dute, Bizkaiko Mendiei buruzko Foru Arau berriaren inguruko eztabaidaren baitan. Batzarrek berek, ohar baten bidez (1), erabakiaren letra txikiari buruzko informazioa eman dute:
“Onartutako zuzenketa-eskeen artean, (…) lau alderdik (Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) sinatu daben erdibideko zuzenketa-eskearen onarpena nabarmendu da. Aldaketa horretan, eukaliptoaren birpopulaketa barriak debekau egiten dira Baso Baliabideen Antolamendurako Planak (BBAP) onartu eta indarrean jarri arte. Baso-administrazinoak aldez aurretik onartutako kudeaketa-tresnetan aurreikusitako baso-barritzeak salbuetsita dagoz. Adostutako testuan oinarrituta, BBAPak indarrean sartu arte, aurreko okupazinoan espezie horren masea nagusi zan lurretan baino ezin izango da eukaliptoagaz basobarritu. Baso Baliabideen Antolamendu Planak indarrean sartzen diranean horreek ezarriko ditue eukaliptoa landatzeko edo ekosistemen iraunkortasuna arriskuan jarri daikean beste edozein espezie landatzeko muga espezifikoak”.
Hau da, luzamenduak ez du eraginik eukaliptoz landatuta zeuden lursailetan eta BBAP delakoak onartu arte iraungo du. Hortik aurrera, kontua kasuz kasu aztertuko da, hau da, eskualdez eskualde, dagoeneko idazten ari diren BBAP horietako bakoitzaren baitan. Horra zergatik testu honen hasieran zalantzak adierazi ditugun luzamenduaren ontasunaz edo, behintzat, ontasun horren mailaz. Ikusi egin behar zer gertatzen den datozen urteetan.
Momentuz, egokia iruditzen zaigu gogoratzea, arestian esan bezala, iaz moratoria gutxienez 2030. urtera arte luzatzeko eskatu genuela.
EGUZKI, 2026ko apirila
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545