Asteroko buletina
Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Simaurtu eta errautsa
2024-05-07 15:13 | Gabino

Egun on, Jakoba.
Jakin nahi nuke lur eremua simaurtu ondoren errautzarekin batera ongarritu nezaken.
Eskerrik asko zure erantzunagatik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-07 15:14

Simaurtu eta karearekin edo errautsarekin ongarritzeko tarte bat uztea komeni da. Ahal izanez gero hilabete. Ezin baldin bada ahal duzuna.

Gaur arte erantzundakoak (766 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba,

Baratzean arrak dauzkat bereziki aza eta kolifloretan. Orain arte ez diet ezer bota eta ahalik eta naturalen jan nahi nituzkenez ez dakit zer bota diezaiekedan. Ze gomendio emango zenidake burua pixka bat egin ahal izateko eta arrak kentzeko modu naturalean?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:23

Behin harrak sartutabere kontra egin behar duzu. Batetik arrautza multzoak hostoen azpian topatzen dituzunean zanpatu eta akabatu. Bestetik harrekin ere eraginkorrena eskuz zanpatzea da. Hau egin nahi ez baduzu, Bacillus thuringiensis botikarekin busti. Erabat naturala den botika da, ez du kalterik sortzen eta bota eta segidan jan dezakezu barazkia; soilik harrari kalte egiten dio, baina horretarako harra ukitu egin behar du, beraz tratamendua egiterakoan saiatu goi eta behe, ezker eta eskubi landare osoa ondo bustitzen.

Har hauek tximeleta batek etorri eta jartzen dituen arrautzetatik sortzen dira. Tximeleta hori uxatzea da lehenengo lana. Horretarako garo hostoak jarri azen gainean eta lurrean tarteetan.

Aupa Jakoba: aurten sartutako sagarrondei zorriak edo "pulgoiak" izugarrizko kaltea eragin diete. Zer botatzea aholkatuko zenidake?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:15

Bai aurten bada zorritik!

Kontuz simaurrarekin edo nitrogeno asko duen ongarriketarekin, horrek ikaragarri laguntzen dio.

Zorriaren aurkari onak amona mantangorriak eta krisopak dira. Erosi eta zabaldu daitezke. Ondorengo landare hauen urak erabili: intsusa, izpilikua, tomatea, larranbiloa, bortusaina, mota-belarra, baratxuria, garoa, asuna, azeribuztana, zolda-belarra eta, batez ere, tabako-belarra. Hauen urei beti xaboia erantsi, ahal baduzu xaboi potasikoa. Tratamendua hirutan errepikatu, 8 bat eguneko tartearekin.

Etxean hiru hagin dauzkagu eta horietako batek hiru enbor dauzka. Azken horren hiru enborretako bi sikatzen ari dira aurten. Haginaren ondoan aitak txakurrarentzako hormigoi zola ipini zuen. Behe partetik hainbat inausketa ere egin dizkie haginei, guztiei, besteak ondo daudelarik. Nere ustez hormigoiak dauka errua, baina aitak ezetz.... zer uste duzu?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:00

Ezin da erabat zihurtatu, baina nik zalantza handirik ez nuke egingo, arazoa bikoitza da: hormigoia eta txakurra. Ez bat eta ez bestea ez ditu maite haginak. Hormigoiak inguruko lurra erre egiten du, baita sustraiak ere. Eta txakurraren pixak ere haginak erretzen ditu; makina bat ikusten dira lorategi publikoetan.

Aurten berandu nabil eta, gauza bat eta bestea dela.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:05

Niri maiatzaren amaiera aldera jartzea gustatzen zait. Behin ekainean sartuta, ahal duzun azkarren egin. Behin ekainean sartuta ilargiari ere ez begiratu. Eguraldiak laguntzen badu, udazkenean ere jan ahal da hemen tomate eta piper. Eta tomateari txapela jartzea ez ahaztu, baldin eta leku oso lehor batean ez badago.

Zorte on!

Kaixo Jakoba. Lursail batean zuhaitzak aldatzeko asmoa daukat.
Lursaila kostaldetik gertu eta hegoaldera begira dago. Aldapa dexentekoa du eta hondar-lurrak dira. Nik haritzak eta gaztainondoak jarri nahi nituzke, baina zein beste espezie izan daiteke egokia? Bestalde, gaztainondoen gaitza ekiditeko, zer egin dezaket? Noiz aldatu behar ditut?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-10 08:34

Haritza eta gaztainondoa, biak dira hemengo lur hondartsuetarako egokiak. Espezie gehiago aipatzeko, zein baso mota sortu nahi duzun jakin behar da. Nik, baso nahasi eta natural samar bat egin nahi duzula pentsatzeko lizentzia hartu dut. Haritza eta gaztainondoaz gain ametza (Quercus pyrenaica), artelatza (Quercus suber), gurbitza (Arbutus unedo), intxaurrondoa (Juglans regia), intxaurrondo beltza (Juglans nigra) eta gerezi basatia (Prunus avium) jarri lasai. Toki hezeenetan, beheko aldean edo erreka ingururik bada otsalizarra (Sorbus aucuparia), hostazuria (Sorbus aria), maspila (Sorbus torminalis), hagina (Taxus baccata) eta lizarra (Fraxinus excelsior).

Gaztainondoaren gaitza ekidin ezina da. Lurreko onddo bat da eta ezin da kendu. Borrokatzeko bide bakarra hezetasuna kentzea da. Zure hondar lurra ona da.

Landaketa lanak azaroan hasi ditzakezu, eta otsaila bitartean egin. Izotzik bada ez landatu.

Kaixo! Astebukaera hau (ekainak 10 - 11) artoa ta babarrunak ereiteko beranduegi da? Alkiza-Larraul inguruan .... pixkat pasa zaidala ustet, ezta?
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 19:01

Ez da berandu, egin ereintza lasai. Jeneralean maiatzean egiteko lana da, baina hamabost eguneko atzerapena ez da ezer hainbeste hilabetetan soroan izan behar duen landaketan. Hemen udazkena ona izan ohi da, eta hamar egun beranduago uzta biltzeko aukera izatea ez da harrigarria.

Patataren loreak fruitu borobil eta berde batzuk ematen ditu, barruan patataren haziak daude. Beraz neretako patata landatu egiten da eta egutegiaren ilbehera egunetan egiten dut. HORRELA DA EDO EZ? eztabaida dugu herrian eta...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 16:33

Arrazoi osoa duzu, patata landatu egiten da. Baina ez duzu arazoi, patata erein egiten da.

Patata berez tuberkulua da eta ez da hazia. Beraz landatu egiten da. Patata loratu eta ematen duen fruitutxoaren barruko haziak ez dira ereiten. Tuberkulua landatzen da. Baina landatzen den horri hazitako patata deitzen zaio.

Hizkuntza kontua da dena. Patata landatu egiten da, baina "patata erein" esaten da. Beraz ilargiari begiratu behar diozunean landaketa dela kontutan izan.

Leka asko biltzeko ez al da hobe lore egunetan ereitea? Horren fruitua ez da jaten babarruna edo potxa bezala.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 12:56

Nik bietako edozein egunetan ereingo nuke. Biak dira lekaren alde egiteko egunak. Zeuk adierazten duzunaren arabera leka bera loretik gertuago ikusten duzu hazitik baino. Ez dut hori dioen inolako ikerketaren berririk. Animatzen bazara saioa egin beharko genuke: lekak batzuk erein fruitu egunetan eta beste batzuk lore egunetan. Urte batean hilabete desberdinetan. Animatu eta asmoa hartzeko prest al zara?

Nafarroako mendialdetik galdera; hemengo ustea da pagoa ilgoran (creciente) eta haritza ilberan (decreciente) bota behar dela surako egur hobea lortu nahian. Ilargiaren orbitari kasu egin gabe. Zer esaten ahal diguzu Jakoba? milesker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-08 13:08

Nik uste dute erabat zuzen zabiltzatela. Pagoa zura biguina da eta ilgoran harro-harro egongo da. Hau erretzean sua ere harro ibiliko da bere barrenean eta gar handia egingo du, baina ez du asko iraungo. Haritza aldiz egur gogorra da eta ilbeheran botata itxi-itxi eginda egongo da. Honek ez du gar handiko sua egingo, baina bai txingarra eta iraupen handikoa.

Ilargiaren orbitaren kontuarekin, gakoa da noizkoa den ilgora edo ilbehera hori. Udazkenekoa edo negukoa denean ilbehera eta ilzaharra edo ilgora eta ilberria ia batera doaz.

Larunbatean Euskadi Irratian parte hartu nuen, erantzuna eman zenidan zurina zuela landareak, nahiko nuke jakin zer neurri sufre zaldi buztana eta esnea, eta nola prestatu.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-30 15:58

Sufrea etiketak berak esango dizu zenbat bota, zenbat litro prestatu nahi duzunaren arabera. Azeri buztana kazuela bat bete belarrez eta gero urarekin, irakin 15 minutuz eta hoztutakoan emateko pronto dago. Ur horri litro bat esne erantsi. Gero behar dezun beste ura erantsi eta proportzioan sufre hautsa.

Kaixo Jakoba! Arbola hau dugu baratzean. Etxea erosi genuenean duela 3 urte hor zen eta ez dut lehengo jabeak esaniko izena. Esango zenidake, mesedez, izena eta zainketa berezirik behar duen? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 10:30

Irudi horrekin bakarrik ezin dizut zihurtatu. Ea hostoen eta adarren bertagoko argazkiren bat bidaltzen didazun. Hala ere galdera bat, udaberriaren amaiera eta udaren hasiera aldera loratzen da? Lore horixka ttiki batzuekin? Eta usain gozoa zabaltzen du?

Hori jakin artean nire apustua da "Eleagnus angustifolia" dela. Begiratu ezazu interneten eta ea ezaguna egiten zaizun.

Esango didazu.

Iepa!
Bizi baratzean aipatzen duzu tomateak inaustean kimuak jasotzeko. Nola egiten dut zorriak tratatzeko aipatzen duzun ura?
Milesker,
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-18 14:00

65. orrialdean duzu erantzuna. Zorrien eta porruaren eta azaren harren kontrako intsektizida egiten da tomate kimu horiekin. Erdi-irakina prestatu behar da: kilo bat hosto edo kimu xehatu eta 10 litro uretan 3 egunez eduki, egunero indarrez irabiatuz. Gero horko litro bakoitzari 10 litro ur erantsi eta tratatu. Zorrien kontrakoa alkoholetan ere prestatu daiteke. Orrialde horretantxe daukazu formula.

Egunon Jakoba,
Lehenengo aldiz zuzentzen naiz zuregana
Jakin nahiko nuke zer ari dan gertatzen gure inguruan ezpelarekin eta zer irtenbidea proposatzen dezun
Zure erantzunaren zain
agur bat
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-09 14:29

Ezpelak (Buxus sempervirens) bi arazo nagusi ditu gurean gaitza (Cilindrocladium buxicola) eta harra (Cydalima perspectalis). Azken aldi honetan harra dabil ugari eta oso txarra da, hostoak jaten ditu eta gero adarren azala, landarea erabat soildu arte. Hosto batzuetan harizko habitxoak bezala topatuko dituzu.

Ahal duzun azkarren tratamendua egiten hasi: astero-astero egin behar da, "Bacilus thuringiensis" izena duen botika bat erabili behar da. Harraren beraren gaitza bat da eta ez landareei ez guri ez lurrari ez dio kalterik egiten. Nekazaritza ekologikoan erabiltzen da. Xaboiarekin nahastuta bota behar da, ahal izanez gero xaboi potasikoa. Eta ez ahaztu, astero-astero, landarea alde guztietatik ondo bustiz.

Aupa Jakoba! parebat galdera ditugua baratzaren inguan - kuaiatxoak ontzitik lurrera pasatzean, ipurdian iñurritegiak eta arrautzak zituzten eta orain fruitua jaten ari dira, baita orburuak ere izpilikua daukagu baina non eta zenbat jarri bear dira? edo beste zerbait gomendatzen? -marrubiaren umeak nola kendu eta aldatu daitezke? -azelgak hazten laga genituen hasia ateratzeko asmoz, noiz eta nola hartu ditzakegu hazia? mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 18:07

Txindurriak uxatzeko izpilikuarekin irakina edo infusioa egin behar da. Irakina: kilo bat landare heze edo 200 lehorra, 10 litro uretan 10 egunez, egunero indarrez irabiatuz; gero hemengo litro bat 10 litro urekin nahasi eta landarea eta lurra erruz busti, maiz samar. Infusioa: ura-landarea proportzio berean nahi duzun kantitatean eta zuzenean berarekin busti.

Marrubien herrestadarren muturrean sortzen diren marrubi landaretxoak behin sustraiak eman dituztenean adartxoa moztu eta landatzeko moduan daude. Landaketa iraila-azaroa artean edo otsaila-maiatza artean. Zenbaiterainoko negua egiten duenaren arabera. Oso toki hotza bada udaberrian egin.

Argazkiko zerba edo azelga ikusgarria dago, dena fruituz eta haziz jantzia. Haziak oraindik heldu gabe daude. Utxo oraindik lasai, haziak marroi edo arre kolorekoak jartzean orduan daude biltzeko moduan; aleka aleka lurrerarortzen hasiko dira, orduan ipurditik atera landarea eta buruz behera zintzilikatu, azpian haziak biltzeko zerbait jarrita. Bitartean, kontuz hegaztiekin.

Ba al da modurik urtero hurrak jaso ahal izateko? Inausi,bai, ez....
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 17:37

Nik esango nuke hurritzak urtero ematen duela fruitua. Eta ez bada hala arazoren bat dugu. Hau gertatzeko hiru arazo posible ikusten ditut: lurreko gaitza izatea, hau da hemengoa ez den aldaeraren bat izan eta onddoren bate erasotzea; bestetik, polinizazioan arazoak izatea, udazkenaren amaieran loratu eta polinizatzen da eta orduan arazo bereziren bat izatea, batez ere eguraldiari lotua; edo fruitua erortzea, fruitua hartuagatik, hostoa ireki eta fruituak azaltzen direnean giro bero edo lehor edoantzeko txarkeriren batengatik fruitu pinport ttikiak erortzea.

Azenarioak erein nahi ditut baina ez dakit garaian gauden . Bestaldetik zein zaintza bereziak behar dituzte? Behin landatu nituen eta ez nuen sorte handirik izan. Araban.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 17:14

Lur sakona behar du azenarioak, eta harroa, beraz buztin lurrik ez. Azenarioa erein behar dugun tokia ondo ongarritu, simaur zaharrarekin eta karea edo errautsa erruz eman. Beroa gustatzen zaionez, eguteran egin. Martxoan hasi eta uztaila erdira arte erein. Hazia ttikia da eta ez da ia lurrean sartu behar, lur gainean zabaldu eta hondar edo lur fin pixka batekin soilik estali.

Landare ttikiak direnean tarteko belarrak kendu, gero beraiek gaina hartuko diete.

kaixo jakoba, zelaian asunak eta kardoak atera zaizkit,ze egun lirateke onenak hoiek mozteko?
eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 17:00

Kontra egiteko asmotan izango zarela iruditzen zait... Horretarako moztean ahalik eta indarrik handiena kendu behar diogu lurrean geratzen den sustrai-erreserba zatiari. Horretarako egokienak udaberri-udako ilgorak dira. 2017an hauek: maiatzaren 15-27, ekainaren 11-24 eta uztailaren 9-21.

Kaixo Jakoba!
Aurreko bizpahiru urteetan piper eta tomateetan fusariuma, sustraietan eta zurtoineko hasieran eragiten ohi duen onddo zuria, agertu zaigu baratzean. Ez asko, hamar bat piper landareetan eta bospasei tomateetan, baina lagun baten aholkuari segituz kare bizi granulatua bota eta zabaldu nuen lur gainean herenegun. Guk ez dugu zimaurrik eta , urtero bezala, beste lagun batek bere behiena ekarri digu, baratzean zabaldu eta traktorreko errotabatorra pasatuz dena nahastu du. Zimaurra nahiko sikua egon da. Eta orain ezagun batek upeleko hankasartzea izan dela esan digu, ez direlako kare bizia eta zimaurra nahastu behar.
Baratzeko ph-a 7 edo apur bat azidoa izaten da.
Jakoba, aurton piper edo tomaterik batu ahal izango dugu?
Adeitasunez, zure erantzuna eskertuz,
Xabier
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 17:06

Lasai, motel, jagon dezute bai, ebste ezer txarrik ez bada tartean. Ahal izanez gero, hobe da simaurra eman eta karea eman artean ilargi bat izatea, hilabete bat, gutxi gorabehera. Simaurrak lurra azidotu egiten du, pH-a jeitsi, eta pH-a igo eta lurra basikotu. Bi lan hauei bere tartea ematea ona da. Hala ere simaurra zaharra bada eragin hori sortzeko kemena ahuldua du. Nik uste dut ez duzula arazorik izango. Esango diguzu, hala ere.

Bestetik aipatzen dituzun arazo horiek lepoko gaitzak dira, onddoek sortutakoak. Onddoak hezetasuna nahitaezkoa du hazteko, beraz hezetasun hori kentzeko bidea hartu: lurra harotzeko lanak egin (hondarra, errautsa, karea, ongarri organikoa etab nahasi), iparra-hegoa norabidean jarri landareak, tarte handia eman eguzkiak landare osoa eta lurra bera ere berotu ditzan, tontorrak egin landatu aurretik...

Kaixo!!! Araban erdikaldean baratza txiki-txikian tomate landare batzuk landatu nahiko nituzke ( lehendabiziko aldiz hazietatik lortutako landareak dauzkat Zarautz aldean etxean) zein izango litzateke datak egokienak?????Mila esker!!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-02 16:56

Oraintxe da tomatea landatzeko sasoi ona. Ahal duzun azkarren egin. Nire erantzun hau zertxobait atzeratu egin da, eta egun honenak beti lore eta fruitu egunak dira eta maiatzaren ilgorakoak. Hauek pasa dorenez eta oraindik landaket egin gabea baduzu, ondorengo egun hauetakoren bat baliatu: ekainak 6, 7, 8 (arratsaldea), 10, 11 eta 12.

Ze gaixo klase da lehengo boj-ari eta gero jazmin-ari kaltetu dituena?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-01 19:27

Argazkiko ezpelak (Buxus sempervirens) harra dauka. Harra hori (Cydalima perspectalis) oso txarra da, hostoak jaten ditu eta gero adarren azala. Hosto batzuetan harizko habitxoak bezala topatuko dituzu. Ahal duzun azkarren tratamendua egiten hasi: astero-astero egin behar da, “Bacilus thuringiensis” izena duen botika bat erabili behar da. Harraren beraren gaizta bat da eta ez landareei ez guri ez lurrari ez dio kalterik egiten. Nekazaritza ekologikoan erabiltzen da. Xaboiarekin nahastuta bota behar da, ahal izanez gero xaboi potasikoa. Eta ez ahaztu, astero-astero.

Egun on Jakoba,
Gure terraza mugatzeko phitosporum tobira delako zuhaixka/arbustoak aukeratu genituen duela hamar urte. Zoragarri egon dira urte askotan, maiz-maiz ximaurtuz eta urtean bizpahiru aldiz moztuz.

Joan den udazkenean kotxinilla nazkagarri hori sortu zitzaien. Bat ez beste guztiak salbatu dira azkenean, baina penatu handia hartu dute. Puja berriak bakanago atera zaizkie. Enborra geroz eta sendoago baina hostajea ez...

Zuhaixka hau 7 metrorartekoa egin daitekeela irakurri dut. Agian gutxiago hazten den landarea aukeratu behar nuen terrazako lorontzi handietan jartzeko?? Zure ustez zein dira lorontzietan hazteko zuhaixka egokienak (gehien iraungo dutenak)?

Dauzkadan hauek maiz lurberrituz eta ximaurtuz, atzera dotoretuko ote dira? Ala 10 urte eginda zaharregiak dira lorontzietan mantentzeko?

Jarri dizut nik zer erantzuna...

Eskerrik asko

Alaitz (Zaldibia)
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-04-28 11:44

Argazkiko landarea Pittosporum tenuifolium “Variegatum” dela esango nuke.

Nik ez nuke oraingoz aldatuko. Zeuk esaten duzun bezala, ongarritu eta ondo zaindu eta nik uste bere onera etorriko dela eta beste urte askotarako landarea duzula.

Hazia erein eta lurrez betetako plastikozko potoei zuloa bai edo ez?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-04-28 11:15

Zalantzarik gabe, BAI.

Landareak ontzietan jartzen ditugunean ontzi horiek beti zulatuta.

Soberan den urak alde egitea oso garrantzitsua da, bestela lurra urasetu, sustraiak ito eta landarea hil egingo da.

Aupa,
ardiek dekoas ,landatan ez yat asunik egiten baia bastarratan asun asko egiten yat ,nire eretzien ardien korotzak eta txisek dakar hori, zer egin neike asunek galasoteko?
ardiek dabisen landatan " asto patana " erderaz "menta " egiten da zer egin lei galtzeako?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-04-28 11:13

Ardiak eta aziendak ibiltzen diren tokietan, bide, landa, larre eta abarretan ohikoa da asuna bezala batana edo menda azaltzea. Zeuk ondo esaten duzun bezala aziendaren gorotza eta txizen ondorio da. Hondakin hauek nitrogeno asko dute eta pilatzen den tokietan erruz etortzen dira, indarrean, bi landare hauek.
Landare hauek galtzeko azienda kendu beharko litzateke, baina hau zaila izaten denez landareak moztu eta moztu beste aukerarik ez duzu. Biek lurpean sustrai sendoak dituzte eta hauek hustu behar dira. Moztu eta moztu, indarra kendu eta pixkanaka akabatzeko. Mozteko lan hau, kalte handiena egiteko ilgora denean egin.

Gau on, Jakoba.
Neguan ortuan ortuariez gain txidarra izaten dut ereinda.
Udaberrirantz moztu, lurra bueltatu eta lurpera botatzen dut. Hori egin ostean karetu dezaket?
Adiorik ez.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-04-28 11:13

Kaixo Juan.

Hasteko barkatu atzerapena, baina zure galdera hau ez dakit nondik nora ibili dugun eta atzera gertau da...
Bestetik zer da txidarra?
Nik uste guk txirta deitzen duguna izango dela...
Baina badaezpada galdetu egiten dizut, Ilar txiki baten tankerakoa da?
Hala bada oso ondo egiten duzu, lan hori lurrerako oso ona da.
Eta egia da, ondoren karetzea ona da. 
Ahal baduzu zuzenean ez karate. Egun batzuk uzi. Aukerarik ez baduzu, segituan landu behar duzulako karetu eta lixto.
Bukatzeko Txidar hazia etxekoa al dezute edo kanpotik ekartzen duzu urtero?
Eta azkena. Galdera-erantzun hauek ARGIA astekarian argitaratzen ditugu. Horretarako zure baimena behar dugu, eta Izen-abizena eta zein herritatik idazten duzun.
Mila esker
Ondo izan.
Jakoba

Gabon:
Zuen egutegia daukat eta bertan duda bat dut. Ez dakit nola dagoen markatua belar txarrak kentzeko garai onena zein den urtean zehar. Marra diskontinuoak dira?
Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-03-13 16:26

Belar txarrak kentzeko egun onenak kalte handiena egiten dietenak izango dira. Egun hauek beti dira ilgorakoak eta hosto, lore ego fruitu egunak. Marraduten egunak ere landareari kalte egiteko ere ez dira txarrak. Honek esan nahi du landarea kendu edo mozten dugunean lurrean geratzen den zatia (sustraia, erraboila, errizoma…) ahulena orduan geratuko dela, berritzeko ahulago, alegia.

Otsaila joan zaigu, baina 2017ko martxoan 21, 22, 25, 26, 27, 28, 29, 30 onak dira lan txar honetarako.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora