Asteroko buletina
Bizitzaren saioen eta pasioen artean, zein ederra den baratzea.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Simaurtu eta errautsa
2024-05-07 15:13 | Gabino

Egun on, Jakoba.
Jakin nahi nuke lur eremua simaurtu ondoren errautzarekin batera ongarritu nezaken.
Eskerrik asko zure erantzunagatik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-07 15:14

Simaurtu eta karearekin edo errautsarekin ongarritzeko tarte bat uztea komeni da. Ahal izanez gero hilabete. Ezin baldin bada ahal duzuna.

Gaur arte erantzundakoak (766 galdera-erantzun)

aupa arkazi piketeak egiteko noiz egin behar da ilgoran ala ilbeheran?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-13 09:00

Sasiakazia egur gogorrak eta busti-lehorrean iraupen luzea dutenak egiteko erabiltzen da. Horien adibide garbia dira piketeak edo hesolak.

Nire iritziz negu-neguko ilbeheran moztu behar da. Jende askok, hala ere, ilgoran mozteko zuhaitza dela diote. Zer iruditzen zaizu zerorrrek saioa egiten badezu? Moztu batzuk ilgoran eta beste batzuk ilbeheran, Hori bai, negu neguan.

Ze ilargitan landatu behar da tipula?
Eta illarra eta baba handia??
Mila esker aldez aurretik
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-13 09:00

Tipularen landaketa ilbeheran egitea komeni da. Orain, udazkenean jartzen diren tipulak, udaberrian eta uda hasieran tipulun edo tipula fresko ebzala jatzen dira. Urte guztirako tipula izan nahi baduzu otsailean edo martxoan landatu.

Ilarra eta baba handia ilgoran ereiten dira.

Kiwi landarek zenbateko bizia izaten ote dute?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-13 09:00

Ez dakit eta ez dut informazio nahiko zabalik jaso urte kopuru zehatz bat esateko.

Euskal Herrian landatu ziren lehen kiwi landarean berrogei bat urte bizi izan ziren, eta ez ziren kendu hil zirelako... Beraz berrogeitik gora esaten baduzu ez zara oker ibiliko.

Ilarra ereiteko sasoia izanik, zalantza dut zein ilar- klase egin: landare handia emango duena edo txikia emango duena. Klase txikikoa aukeratuz gero lan gutxiago izango dut, arbatu gabe hazi daitezkeelako. Zein da 2 ilar-mota horien arteko aldea?

Eskerrik asko, ondo bizi
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-07 10:01

Ilar motza eta ilar luzearen arteko aldea hiru aiekatan laburbildu daiteke:

1.- Arbatzea, bakoitzak bere garaierako arba beharko dute, baina biek behar dute, motzak ere bai.

2.- Denbora, hazten denbora gehiago beharko du luzeak, beraz geroago loratuko da eta fruituak berandugo emango ditu.

3.- Uzta, luzeak lur sail berdinean uzta handiagoa emango du, leka gehiago alegia.

Kaixo Jakuba. Zuhaitz hau, eztakit goxatua ez ote dagoen. Akaso negun Bide normala eramango du, eh?! Baino, iruitzen zait, gaixotzen hari ote dan... Eskerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-07 10:01

Nire iritziz pago landare gazte horren itxura erabat normala da. Agian ur falta pixka bat izan du udaren amaieran eta horregatik hostoen ertzak uste baino lehenago gorritu dira, baina normala da.

Ea udaberri berriari nole ekiten dion. Orduan ikusiko da bere indarra.

Lursail malkartsua bat dugu Berastegin, 433 m-ko altueran. Dagoneko, intxaurrondo handi bat dugu hantxe, eta, ez oso urrun, gaztainondo pare bat eta urkia. Beraz, hiru zuhaitz hauek landatu nahiko genituzke:
- gereziondoa
- udareondoa
- kiwi arbola
Hori dela eta, jakin nahi genuke zuhaitz horiek egokiak diren han landatzeko edo zer beste aukera leudekeen. Gainera, noiz den garai egokia ere jakin nahiko genuke.

Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-06 10:01

Hiru zuhaitz horiek egokiak dira Berastegirako. Han hotza da landareak bizitzeko muga, eta hiru horiek ederki iraungo dute hotzagatik. Landaketa egiteko sasoia orain hasi eta otsailaren amaiera artekoa da. Izotz egunetan ez landatu, bestela noiznahi.

Zer beste aukera landatzeko? Aukera izugarria da zuek erabaki behar duzutena da zein helburu dezuten: fruituak, su egurra, zura, itzala... Hori jakinda aukera laburtuko da, eta zerbait zehazten hasi gintezke.

Nahi nuke jakin kiwiak jasotzeko azaroko lenengo ilberako fruitu egunak hau da 1,2,eta 3 a la bukaerako ilberako 28, 29 eta 30 zein izango litzake onena edo erdi ta erdi.
Ezkerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-04 19:33

Izotzaren beldurrik ez baduzu, hobe fruitua arbolean edukitzea. Zeuk erabaki, kiwi horiek non bizi direnaren arabera. Arriskua ikusten baduzu bildu.

Larrosa oso altua dugu eta igokaria kiribilduta du. Hauxe dira gure galderak:
1-Noiz kimatu behar da larrosa?
2-Landare igokariak kalte egiten al dio?
Eskertuko genuke zure erantzuna.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Arrosondoa kimatzeko sasoi egokiena izerdi berriaren hasiera da. Hurrengo urteko otsaila edo martxoa, kimuak puzten hasi zaizkiola jabetu ordurako kimatu. Bitartean adarren batek enbarazu egiten badu orain ere moztu daiteke. Igokaria, ezkertea da eta bai, kalte egiten dio, argia kendu adibidez. Noski hobe da ahalik eta azkarren kentzea.

Kaixo Jakoba: galtzen ari zitzaizkigun azelga haietaz galde egin genizun irailean, eta ur falta ote zen galdetzen zenuen edo zomorroren bat sustraiak jaten ari ote zen; bada, eguraldi bero haiekin, ureztaketan aritu ginen sarri eta ez zuten ur faltarik eta sustraien hortaz oroituta, hori begiratzeko, zainetik atera genituen pare bat eta zuri-zuri eginda zeuzkaten sustraiak, eta baita inguruko lurra ere: kotoia izanen balitz bezala, hariz beteta, nonbait onddoren baten izurritea sartu zaigu. Internetez bilatu dugunaren arabera, Sclerotium rolfsii edo ote den. Eta geroztik, eskarola lisoak ere berdin-berdin ari zaizkigu galtzen; nabaritu ahala, atera eta lur-eremu hori irauli eta karez zuritzen ari gara; ez jakin ongi ari garen edo ez. Horrela ote da? Zer iruditzen? Zer egin dezakegu?

Eskerrik asko arretagatik,

ongi izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Onddo hori baldin bada, arazoa alderantzizkoa da, ura gehiegi. Lurra lehortzeko ahalegin guztiak egin behar dira: bat ere ez edo ahalik eta gutxien ureztatu, landare arteko tartea handitu, airea errazago mugitu eta lurra lehortu dezan, landarea kanpotik eskuratzen badezute sanoa dagoela ziurtatu. Taulenak edo lur zatiak igotzeak ere lehortzera lagunduko luke.

Aurrez bertan izandako landare gaixotuak deuseztatu, ahal baduzu erre, ez behintzat luartokira edo konposgunera bota. Kareak ere lehortzen du, baita sutako hautsak ere.

Zein Eta noiz da garaia kiwia biltzeko??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren bedur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.

Kaixo,
Tulipan batzuk ditut landatzeko, noiz? Eta baratze barruan landatu ditzaket?
Eta kiwiak jasotzeko, noiz?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Urriatik atzera, abenduaren amaiera arte landatu ditzakezu idi-bihotz erraboilak. Nahi duzun tokian: lorontzian, lorategian, baratzean.... Baratzean tokia aukeratzerakoan kontutan izan lorea zimeldu ondoren hostajea berdea den artean ezin dituzula erraboilak atera lurpetik. Beraz, hurrengo landareak jartzeko eta plangintzan kontutan izan idi-bihotzen tokia.

Kiwia jasotzeko bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren bedur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.

Gaubon jakoba, urriko ilbera pasa jaku,azaroako zein egun da aproposa kukubiak batzeko? Eskerrik askooo
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Kurkubiak biltzeko ilbehera da egokiena eta fruitu egunak: azaroaren 2,3,11, 28 (17:00etatik atzera), 29 eta 30

Kaixo,
Etxe inguruetarako gero eta denbora gutxiago dudanez, lorategia barazkiak jartzeko aprobetxatzea pentsatu dut. Baina nire lorategia intxaurrondoen azpian dago. Irakurri dudanez, neguko barazki asko kerizpetan haz daitezke baina horrez gain, intxaurrondoek toxina bat botatzen dute konpetentziarik ez izateko. Hau guztia jakinda ere, gogo eta ilusioa dut azakiak, porrua, azelgak, letxugak... Intxaurrondo azpian izateko. Neguko baratzea intxaurrondoen azpian izatea posible izango dela uste duzu?
Solanacea familiakoak diren udako barazkiak eguzkitan jarriko nituzke noski.
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-08-24 16:38

Lorategia intxaurrondoen kerizpean bazen, honez gero ikusi eta ikasi duzun haien eraginaz. Ez da oso idea ona intxurrondoaren kerizpea. Batetik kerizoe trinkoa duelako, baita hosto eta adarretatik darion isurkin horrek sortzen duen kalteagatik eta bestetik intxaurrondoak berak jango dituelako baratzean jartzen dituzun ongarri gehienak.

Beste aukerarik ez izan ezkero, zeuk esaten duzun era da onena.

Egun on. Kukuluak landatu ditugu; dexente hazi dira, eta lehengoan bat atera genuen, baina iruditu zitzaigun kukulua ongi egin gabe zegoela oraindik (hostoak laxo samar, ez estu-estu). Denbora gehiago utzi ditugu, baina tontortzen hasi dira. Ez da komeni tontortzea, ezta? Hobe izango dugu lehenbailehen biltzea?
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-08-10 19:03

Kukuluak urazak bezala ez du bero handia maite, beroa etortzen denean loratzeko grina pizten zaio, eta hortik tontortzeko joera hori.

Ahal duzun azkarren jan eta kitto.

Aurten, Tuta Absolutaren arazoari beste bat gehitu behar izan diogu: tomatearen lorearen sikatzearena. Bai inbernaderoan zein kanpoan, itxuraz ondo zetorren landareari, lorak sikatu zaizkie. Tomate batzuk usteldu zaizkigu eta "falta de calcio" dela esan digute.
Lorea galtzearena zergatik izan daiteken azalduko zeniguke?.
Kokapena: Itsaso kontran, Ondarroa inguruan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-08-06 19:36

Nire iritziz bi arazoek (tomatea usteltzea eta loreak ihartzea) iturri bera dute: landarearen estresa. Aurtengo udan gertatzen ari den eguraldi zakar hau tenperatura altuak, euri kolpe gogorrak eta abar, horrek landarearengan batez ere uraren estresa sortzen du. Une jakin batean izugarrizko ur pila izan dezake sustraien erara eta denbora tarte handirik gabe beste batean lehortea. Horrek landarearen elikaduren gorabeherak sortzen ditu: jaki batzuk ezin ditu behar bezala mugitu eta loraldia makaldu daiteke.

Kaltzioaren kasua nabarmen arazo honi lotua dago. Tomatearen ipurdi aldean borobil antzeko orban beltzak sortzen zaizkio. Kaltzio falta bera ere izan daiteke, baina uraren gorabeherak seguru arazoa ekarriko duela.

Lorea sikatzearena ere uraren faltari egotzi behar zaio: tenperatura handiekin landareaka ezin du behar adina ur hartu eta polenaren sorkuntza, polinizazioa bera eta lorearen bidea moztu egiten du, gainean dituen fruituei heldu eta hazi ahal izateko.

Jakoba, balkoiko landareei buruzko galdera bat daukat.
3 jardineratan hiedrak eta geranioak ditut. Azken boladan geranioak oso lore gutxi ematen ditu, eta gaur ikusi dut barrualdeko hosto asko kotxinillaz beteta dituela 🤔.
Taladroaren kontra Bacillus+Neem+jaboi nahasketa erabiltzen det, baino duela gutxi hasi naiz tratamendua egiten.
Bueno, galdera da ea horrek balio duen baita kotxinillaren aurka, ala zeozer berezia bota beharko niokeen.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-07-20 16:29

Tratamentua egokia da, baina askoz ere eraginkorragoa litzateke tabako-belarraren urarekin osatuko bazenuke. Litro erdi bat ura eta beste hainbeste alkoholetan jarri 100 gr. tabako lehor. Utzi beratzen dozenaren bat egun. Iragazi eta erantsi beste 9 litro ur. Hortik erantsi lehendik egiten ari zaren tratamentuari.

Tratamentuak etengabe egin, astero. Gehienak galduko dira, gelditzen direnak alkoholetan bustitako goata batekin igurtzi eta kendu.

Kaixo! Arrautzak lapurtzen ari zaidan animalia honako arrasto hau uzten ditu. Whatsappeko Biolur-eko taldeko Baratzezain Ekologikoen artean kriston eztabaida sortu da eta erabaki dugu zuri, Jakoba, galdetzea. Eskerrikasko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-06-08 10:52

Nik ez naiz animalietan jakituna, baina itxuraz katajinetak eta lepazuriak oilategietan sartu zalean dira. Oiloak ere akabatzen omen dituzte maiz. Hala ere arrautz zaleena lepazuria omen da.

Aupa, noiz moztu behar da menta?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-18 14:57

Pentsatzen dut, menta galtzeko jakin nahi dudula noiz moztu.

Horrelakoetarako, eta menta bezala beste landareak, ilgoran moztu behar dira. Onena bi edo hiru moztualdi ematea da. Urte sasoi onena hauxe da maiatzetik uztailera arteko hau.

Maiatzean gaude eta zuri noiz behinka irratiko saioan entzuten dizut,baina orain arte aurtengo maiatza giroz oso kaskarra doa. Nire galdera da, hemendik aurrera zer landatu daiteken, patata batzuk, kuiatxo bazuk, gindilla, tomate batzuk jarri nahi nuke. Noiz egin daiteke? Zer iruditzen zaizu? Besterik gabe, mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 15:27

Aipatzen dituzun lan horiek denak egiteko garaiz zabiltza. Patata ereiteko ilebehera baliatu, eta potamea, kiatxoa eta piper minak jartzeko ilgora.

Zein ilargi sasoitan gauden jakiteko jo www.bizibaratzea.eus webgunera. Bertan dituzu, baita ere, sasoi bakoitzean zein lan egin behar diren “Asteko lanak” atala.

Aupa Jakoba:
Oraingo honetan cyclamenari buruz galdetzeko idazten dut. Amak haziak ditu eta ereiteko noiz den sasoirik onena jakin nahiko luke.
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 15:35

Ziklamena urte guztian erein daiteke. Haziak badituzunez, ahal duzun azkarren erein. Egun batez uretan beratzen eduki, lur onean erein, toki epelean eduki (18-20º) eta lurrari heze eutsi. Ez da azkar jaio eta ahazten den landarea, beraz hartu patxara.

Kaixo Jakoba:
Jakin berri dut udako zein neguko brokoliak omen daudela.
Nire zalantza da noiz landatzen ote den udakoa, orain maiatzean?
Eta bestalde, brokoli mota bera da?
Mila esker aldez aurretik!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-11 10:08

Brokolia urteko garai askotan jateko bil dezakegu freskoa. Horretarako landaketa sasoia ere oso luzea da: maiatzaren erditik irailaren erdira aldera arte. Orain maiatzean landatu ezkero, abuztuan jan dezakezu. Eta irailean jartzen duzuna hurrengo urteko negu osoan jango duzu. Landatzen duzun sasoiaren arabera abuztuatik hurrengo martxora arte jateko brokoliak izan ditzakezu. Brokolia mota bera da bai.

Brokoliak bezalaxe, azaloreak eta erromaneskuak ere antzeko zikloa dute.

1. Ortua daukagu aisialdirako Gernika aldean. Ezinezkoa zaigu ongarri naturala lortzea. Badakizu zer proportziotako (N/P/K) komeni den ohiko lurreko ortu eta arbolentzat?
2. Konpostadora sendo baten saltzailerik ezagutzen al duzu? Bi izan ditugu, baina ahulak, apurtu egin baitira.
3. Haziak. Hazi-paketea zabalduta, erabili ez diren haziekin zerbait egiterik ba al dago?
Esker mila, eta izan ondo.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 15:49

1.- Oso erraza da orain ongarri naturala topatzea. Haziak eta ongarriak saltzen dituen edozein tokitan aurkituko duzu zakuetan datorren ongarri organiko naturala. Lehorra eta koxkorretan dator, beraz erabiltzen eta banatzen oso erraza da. Minerala baina askoz ere hobea da.

2.- Luartoki onena bertan eraikitakoa izaten da. Egurrezko abt egitea oso erraza da. Hiru gunekoa egin; bata betetzen ari zarena, bigarrena geldirik egiten ari dena eta hirugarrena, egina dagoena eta behar ahala ateratzen ari zarena. Egur onena sasiakazia da (Robinia pseudoacacia), gogorra da eta iraupen luzea dau.

3.- Hazi gehienek urte batzuetarako bizitza dute. Erabili ez dituzunak, ontzi batean jaso toki fresko eta ikun batean.

Kaixo Jakoba,

Etxe aurrean madariondo bat daukagu urtero ale handiko madari asko ematen dituena, baina, zoritxarrez, zatitu orduko barruan arrak izaten dituzte ale guztiek. Orain, zuhaitzak lorak eman berri ditu , zerbait egin genezake aurtengo fruituetan hori ez gertatzeko?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 18:44

Madariondoaren harra, sagarra erasotzen duena bera da. Maiatzaren amaiera aldera azaltzen da lehen belaunaldia. Gero udaran bigarren belaunaldia izango da. Hura da min gehien egiten duena. Inguruan sagastirik ez bada aurrenekoa kontrolatzea komeni da, horrekin erasoa asko jeitsiko da, bigarrena ia erabat zapuztuz. Sagastiak baldin badira inguruan bietan tratatu beharko duzu.

Tratamentua egiteko harraren arrautzek jartzen dituen tximeleta noiz dabilen jakitea da onena. Horretarako feromonak dituen tranpa jartzen da, eta aste batean 4 tximeleta edo gehiago itsastita azaltzen badira handik 8-10 egunetara tratatu behar da. Orokorrean esan daiteke maiatzaren azken astean tratatu eta gero zortzi eguneko tartearekin beste tratamentu pare bat eman daitekeela. Hau uztailaren azken astean edo abuztuaren lehenengoan hasita errepikatu beharko litzateke. Tratamentuak egiteko nekazaritza ekologikoan onartutako produktuak erabili: “Bactur” edo “Madex”.

Kaixo Jakoba, "clavel chino"ak ditugu, eta pixkanaka zimeltzen bezela ari dira. Har bat aurkitu genuen pasa den astean....erruduna bera den eta zer egin dezakegun jakin nahiko genuke....Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 16:45

Bai harra hori izan daiteke landareak ipurditik mozten dituenak. Ipurdiko lurra pixka bat kendu eta bistaratu. Harraren kontrako tratamentua eman: osin-ura eta xaboi potasikoa nahastuta. Baita ere, surtako hautsa eskuera badezute, landarea bera azpiko aldetik hautsarekin "zikindu", horrela harrari ez zaio gustatuko.

Tomate eta babarrunak ezin dira elkarrekin landatu. Zein aldea utzi beharko genuke gutxien? Zein da arrazoia?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 16:49

Sustraien arteko borroka eta ezin eramana da arrazoia. Tartea metro pare batekoa utziz gero nahikoa litzateke, beti ere tarte horretan beste zerbait jarrita.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora