Asteroko buletina
Baratzezaina zati bat zientzialaria da, beste bat artista, beste bat filosofoa eta beste bat nekazaria

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Simaurtu eta errautsa
2024-05-07 15:13 | Gabino

Egun on, Jakoba.
Jakin nahi nuke lur eremua simaurtu ondoren errautzarekin batera ongarritu nezaken.
Eskerrik asko zure erantzunagatik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-07 15:14

Simaurtu eta karearekin edo errautsarekin ongarritzeko tarte bat uztea komeni da. Ahal izanez gero hilabete. Ezin baldin bada ahal duzuna.

Gaur arte erantzundakoak (766 galdera-erantzun)

Egun on Jakoba, bai zauri handiak istaltzeko inausketa egin ondoren, bai txertaketak babesteko, nik buztina erabiltzen dut. Jakin nahi nuke zer da komenigarriagoa, buztina erabiltzea edo kooperatibetan saltzen dute "pasta hori".
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-14 12:11

Zauriak sendatzeko onena ebakia behar bezala egitea da. Mozketa bakoitzak bere angelua eskatzen du, hori da garrantzitsua. Ondoren onena zauria bistan uztea da. Nahi baduzu buztinarekin estali, pastarekin ez. Buztina segituan lehortu eta denborarekin hautsi edota urtuko da. Pasta aldiz bere horretan gogortzen da. Buztinak zauria orbantzen eta estaltzen utziko dio landareari. Pastak ez. Hori da aldea.

Eguerdion Jakoba, Garraldako eskolan zuhaitz batzuka landatu nahi ditugu (haritza, pagoa, lizarra, gaztainondoa eta intxaurrondoa) zein egun izanen dugu aproposena? Milesker eta ongi izan
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-13 15:58

Zuhaitz eta arbola horiek, laurek hostoa galtzen duten eta egokiena negu-neguan landatzea da. Beraz ahal duzun azkarren landatu. Konturatzerako izerdia bor-bor izango dute eta aurrez landatzea komeni da. Garraldan atzerago etorriko da udaberria. Asteburu honetan hasten den ilbehera ona izango da, eta egun onenak 21, 22 eta 23. Izoztzik bada, egun horretan ez landatu.

Zelai bihurtu nahi dut pinudia izandako gain eder bat. Garo ugari dago eta hau desagertzeko zer egin dezaket?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-12 21:37

Bi lan egin beharko zenituzke. Batetik garoa hazi ahala moztu. Desbrozadorarekin edo segarekin edo nahi duzunarekin, baina ilgoran moztu. Ahal baduzu hilero. Zenbat eta maizago moztu hobe. Kalte gehiago egingo diozu. Hilabetero ezin baduzu moztu, garrantzitsuenak maiatza, ekaina eta uztaila dira. Bestetik karea zabaldu. Garoari lur azidoa gustatzen zaio eta kareak azidotasun hori borrokatzen du, eta belar gehienak indartu. Zabaldu 100-150 gr/m2 ahal baduzu pikorrean, hautsa baino hobea da

Kaixo, Jakoba:
Hortensia macrophylla 'mophead', hemen nonahi ikusten dena, batzuk ditut, 'lacecap' bat eta gezi formako paniculata bat. Mota bakoitza noiz eta nola kimatu beharko nukeen esan ahal didazu? Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-12 16:53

Hydrangea macrophylla diren bi lehenengo hortentsia horiek berdin inausten dira. Dagoenerako izerdia mugitzen ari da eta oraintxe da sasoi onena. Onena ilbeheran. Nola egin? Adarren lautik bat moztu, baina behe-behetik. Gainontzeko lautik hiru oso-osorik utzi. Hauek loratzen diren artean moztutakoek adar berriak emango dituzte. Hurrengo urtean gazte berri horiek utzi eta gelditu ziren haietatik moztu, lautik bat, behe behetik. Horrela lau urtetan adar guztiak gaztetuta izango dituzu eta urtero loraldia galdu gabe.

Hydrangea paniculata, gezi edo kono formako loreak ematen dituztenak ere orain inausten dira. Baina inausketa desberdina da: adar meheak denak mozten dira eta sendoak indartsuak direnak 6 begi inguru utzi eta gainerakoa kendu. Horietatik sortutako adar berriek emango dituzte loreak.

Non aurkitu Urki landarea, berandu xamar baina hutsuneak betetzeko dira
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-11 10:27

Edozein mintegitan topatuko duzu. Agian bateren batean bukatuta izango dituzte, baina gehienetan izango dute urki landarea. Baso landareekin lan egiten duten mintegietan aukera handiagoa izango duzu. Arazorik izanez gero, basogintza elkarteetara jo eta bertan informazioa emango dizute.

Egunon Jakoba,

Etxe inguruko zuhaitzak haunditzen ari dira eta arazo bihurtzen ere. Etxetik oso gertu daude eta udazkenean teilatu zikindu eta erortzen diren adarrak teilak puskatzen dituzte.

Lizar gazte batzuk ere badaude baina hoiek neuk botatzeko asmoa daukat eta lizar asko dago ( gure etxeko sasia Lizarra da eta). Gure zalantza haundiena pagoekin daukagu. Arbol zoragarriak dira, handiak ere eta izugarrizko pena ematen digu botatzea, baina beste aldetik egunen baten etxe gainean eroriko balira, kriston txikizioa egingo zuten.

Daukaten tamainakin pago-motz bihurtzea posible izango al zen? Lurretik bi metrora moztu ezkero, hilko al ziren? Teknikoki hori egiteak bere arriskuak dituela kontuan hartuta (basozalea gogo handirik ez du, ipurditik nahiago du, noski), beste proposamenik?

Milesker

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-04 09:51

Egun on Joseba!

Zuhaitz horiek ondoen oso osorik daude. 

Mozten hastean zauri haundiak egiten dira eta horrek ekarriko du enborraren bihotza usteltzen hastea.  Horrek arriskua handitu besterik ez du egiten. Begiratu mendian pago-motzek nolako amaiera izaten duten: denak barrutik hustuak. 

Nik zalantzarik gabe ipurditik moztuko nituzke.

Eta lizar sasia berdin. 

Zuhaitzen bat jarri nahi badezute, kontutan izan heldutasunean zer tamaina hartuko duen etxetik zenbateko tartea emateko…

Ondo izan

Duela 3 urtetatik sagarrondotan zorria daukagu, urtetik urtera kopurua handituz joan delarik. Pentsatzen dugu neguan arraultzak geratuko direla eta horregatik izango dela. Hostoak atera aurretik egin al dezakegu tratamendurik arraultza horiekin akabatzeko? Eskerrikasko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-02 20:16

Zorria zergaitik dagoen hain ugari jakitea da garrantzitsuena. Tratamentuekin urritu dezakegu, baina laister izango da bueltan. Arrazoi nagusia gehiegizko ongarriketa nitrogenatua izan ohi da: nitrogeno gehiegi. Ongarri kimikoak edo ondo heldu gabeko simaur edo minda gehiegi; horrek zorria erakartzen du kimu berrietara.

Izurrite maila hartzen badu onena da neguko tratamentua, orain oso berandu da. Hurrengo neguan kontutan izan: kaltzio polisulfuroa %10 urtua eta urtarrilean. Garrantzitsua da arbola ahalik eta geldien egotea bestela erre egingo da.

Behin izerdia mugitzen ari dela Neemazal produktua erabili dezakezue.

Bi tratamentu horiek fruitugintza ekologikoan erabiltzeko baimenduak daude.

Aupa Jakoba! Soroa udazkeneti ikutu gabe zeok eta belarra edo hirusta modulo belarrez estalita zeok dana. Ximaur pila pronto zeukiat, belarrak kendu edo ez nere galdera. Eskerrikasko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-01 18:15

Goldetzeko asmoa baldin badek ez kendu. Goldetu gabe landuko bahukek, orduan bai belarrak izakitu edo zopizartu.

Intxaurrondoa ze garaitan inausten da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-01 10:46

Intxaurrondoa berez ez da inausi behar. Hezetasunarekin zaurietatik onddoak sartu eta gaitzak sortzen zaizkio. Ahalik eta gutxiak ukitu behar da intxaurrondoa.

Hala ere mozketaren bat egitez gero, adar handiak badira martxoko ilbeheran egin. Adar txikiak mozteko uztaila ere garai oso ona da, berdetan, hostoz jantzia dagoenean.

Kaixo Jakoba,
Aurten, zuk esaten dozun moduan, animatu gara obonu berdea ereiten eta oraintxe daukagu berde- berde, baina ez dakigu noiz mostu behar dogun ezta nola egin behar dogun lurrarekin bat egiteko.
Eskerrik asko eta zorionak, egiten dozuen lan politagaitik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-02-05 09:28

Ongarri berdearen teknikaren helburua lurra aberastea da. Janariz aberastea baino garrantzitsuagoa da lurraren bizitza sustatzea. Bizitza horrek emango dio aukera ondo elikatzeko landareari. Ongarri berdea hemendik atzera nahi duzunean ebaki dezakezu. Ebaki eta bertan utzi lur gainean. Egun batzuk igaro ondoren eta usteltze prozesuak abiatu direnean azal-azalean landu daiteke, baina inolaz ere lurperatu gabe. Horrek lurrari harroago eutsiko dio, gero egin beharreko lanak erraztuz. Beste aukera, moztutako landareak bildu eta luartzeko edo konpostatzeko kanpora ateratzea da. Horrela saila libre geratuko da eta gero luar ederra izango duzu.

Orain sasoi ona da azak sartzeko? Horrela Bada ekainean jasotzeko moduan egongo litzatekez? Eskolarako da
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-02-03 20:55

Bai orain negu neguan landatu eta maiatza-ekaina aldera jasotzeko moduan izango dira. Ongarri organiko zaharra (simaurra, luarra edo konposta...) eskuratu ahal baduzu lurrari asko eman, alde ederreko abiadan haziko da aza jendea.

¿¿ cuando hay que podar la camelia y meter en tierra los esquejes . eskerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-02-03 18:40

Inausketa lorealdia amaitzean egiten da, lorearen ondoren hasiko baita adar berriak ematen.

Oso zaila da kamelia aldaxketik edo eskejetik sortzea. Nik uste dut aukera bakarra belaunketa dela, bai zuzenean lurrera, adarren bat oso behean badu, eta bestela aireko belaunketa, adar baten bueltan poltsa batean lurra jarriz. Hala ere errepikatzen dizut oso lan zaila hartu behar duzu.

Aúpa Jakoba! Otsailean iderrak,babak eta baratxuriak ereiteko sasoi ona da? Arabaldean,Gasteiz inguruan.milkesker aldez aurretik bihotzez
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-28 12:57

Otsailean ilarrak erein ditzakezu, egokiena arba motza ematen duten aldaerak edo barietateak jartzea, epe motzagoan loratuko baitira. Babak jartzeko ere azken aukera duzu. Ahalik eta azkarren erein. Baratxuria burutako jartzeko berandu xamar da, baina agian asmatu egingo duzu. Eta baratxuria berdetan edo fresko jateko asmotan bazara lasai erein otsail osoan.

Egunon jakoba! Udaberria laister etorriko denez jakin nai nuke zer den hobea tomatearentzat, lurrean plastiko beltza jartzea edo ezer ez jartzea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-28 12:57

Plastikoak bi lan egiten ditu. Batetik belarrak atzeratzea eta bestetik lurretik lurruntzen den urari eustea. Belarrena ondo dago, baina urarenak arazoak sor ditzake. Tomatea toki lehor eta bero batean bizi bada, urari eusteak lagundu egingo dio. Aldiz, toki hezean bizi bada, edota lur motel buztitsua badu, plastikoak hezetasun hori areagotu egingo du, eta landarearen lepoaren aldean, lurretik sortzen den puntu horretan, onddoek eragindako gaitzak ugaltzeko arriskua handitu egiten da. Zeuk erabaki.

Jakin nahiko genuke noiz inaustea komeni den kiwiak. Bizkaiko kostealdean bizi gara eta iaz martxo bueltan egin genituen eta nahiko denboran egon ziren "negarrez".
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-28 12:12

Berez emeak martxoko ilbeheran eta arrak loratu ondoren egin beharreko lana da.

Negarrarena ez da harritzekoa, ezta arduratzekoa ere. Hala ere uste baduzu toki gozoan bizi direla eta azkar mugitzen dutela izerdi berria, otsaileko ilbeherara aurreratu.

Kaixo Jakoba

Amabirjin sagarrondo bat erosi berri dut. 2,5metro luze da eta zabaleran oso fina. Landatzerakoan, pixka bat moztea komeni da edo luzera horrekin landatuta ere berdin du? Eta moztea komeni bada, nola egin beharko nuke?

Aldez aurretik eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-23 21:37

Etorkizunean sagarrondo hori nola haztea nahi duzunaren arabera hartu behar da erabaki hori. Eta amabirjin sagar hori zein mentuoinaren gainean txertatua dagoenaren arabera, hark aginduko baitu gerora zein tamaina izango duen. Orokorrean, erdiko ardatza deitzen den eran, sagarrondoa bera datorren forma horrekin utzi behar da, izan ere enbor luze hori da ardatza. Irekitzea nahi baduzu ardatza moztu eta alboetara sortu eta haziko diren adarrak izango dira arbolaren egitura. Nik ez nuke moztuko eta utzi ardatz hori. Beste gauza bat da alboetara sortuko zaizkion adarrekin zer egin. Ni sagarrondo handien zalea naiz eta azpiko adarra gutxienez metro eta ardira behar du, eta ahal bada gorago. Gero sagarra ematen hasten denean makurtuko da bai.

Berez ekarri duen fintasun hori beste sagarrondo batzuengandik oso hurbil egoteagatik izango da. Muintegian hori gertatzen da. Orain nahikoa toki eman eta ikusiko duzu nola zabaltzeko joera hartzen duen.

Kaixo Jakoba,

Jaso zenuen nire aurreko galdera? Baratza berri batek behar lituzkeen geruzak ezberdiñaz galdetzen nizun

Jon
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-11 11:27

Eskabazio hori ikusi behar da. Igerileku bat bezala lau aldeetatik eskabatutako horma aldu? Horrela bada igerileku bat bezala beteko da urez, nahiz eta lurrarekin egon. Maila freatikoa beherako egonagatik agian zaila du urak alde egitea, hormako lurraren egituragatik.

Arrazoi duzu hezetasunarekin kezkatuta egonda. Isuri atlantiarreko lurreldeetako arazo nagusia da. Beraz eskabatutako gune hori imaginatu igerileku bat dela eta behe-behetik drenaia zulo bat prestatu. Hala ere harriarena eta geotextilarena bai ala bai jarriko nuke.

Gabon, Jakoba:
Lehen ez bezala, jendeak jatekoak diren kuia barietate desberdinak ari dira gure merkatuetara iristen; baratzeetara ere bai, segur aski. Horietako batzuk beren izenarekin etorri dira, eta ez dakigu euskaldunen batek euskaratik ere bataitatu ote dituen. Konparazio batera, Cucurbita maxima diren frantsesezko Potimarron (Bizi baratzean, izen horrexekin ikusi dugu), Giraumon eta Potiron; edo Cucurbita pepo diren Citrouille (Bizi baratzean, hau bai: Kuia erraldoia irakurri dizugu) eta Pâtisson. Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-21 21:59

Bizi Baratzean bertan aipatzen dut kuia luzea (Cucurbita moschata) ere. Edankuia ere hor dago, gure etxean kurkubia deitzen duguna, Lagenaria siceraria. Garai batean edariak eramateko erabiltzen zen, eta bereziki pregrinoaren imaginari lotua dugu egun. Izango dira dagoenerako han eta hemen ezarritako izenak, baina nik ez ditut eskuera.

Egun on Jakoba. Azaroko beherapenean udaberrirako lorea ematen duten bulboak erain nituen eta orain landarea ernetzen ari dela ohartu naiz ez direla Idibihotzak beste lore bat baizik. Bajeran hazi zaharrak ordenatzen ari naizela hor ikusten ditu iaztik bildutako Idibihotz bulboak. Heldu den asteko beherapenean bulboak ereinez gero lorea emanen al dute? Edo hurrego urtearte esperatuko dut?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-19 08:04

Berandu zabiltzanez, izan ere urri-azaroko lana da eta ez urtarrilekoa, ahal duzun azkarren landatu. Ilargiari begiratu gabe, oso da eta berandu. Bestalde horrelako erraboilak edo tuberkuloak hobeda gorapenean landatzea beherapenean baino, ilgoran alegia, eta ez ilbeheran.

Ze garaietan moztu behar da otea jakoba galtzeko??eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-15 08:04

Otea moztu eta ahalik eta kalte handiena egiteko izerdi betean dagoela eta ilgorna egitea komeni da. Ekainekoa, maiatzekoa eta uztaioekoa dira otearentzako txarrenak. Onena, moztu ondoren botako duen kimu berriak mozten jarraitzea da, beti ere ilgoran.

Kaixo Jakoba.

Lursail txiki bat dugu eta lurra oso buztintsua da. KARE HILA erabili nahi dugu lurra harrotzeko. Lehen aldia da eta ez dakigu nola erabili:
- Osasun edo segurtasun aldetik zein neurri izan behar da kontuan? Betaurrekoak, eskularruak etab. erabiltzea derrigorrezkoa da? Arrisku handiak ditu kareak?

- Lursail zati batean badugu landatutakorik, bestea ordea, belarrez josita dago. Kareak landatutakoari kalterik egingo dio? Bestalde belarra soilik dagoen lekuan, lehenbizi, lurra prestatzea komeni da? (belar txarrak kentzea, lurra berdintzea…)


Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-10 12:00

Kare hilak ez du, ezta gutxiagorik ere, kare biziak adina arrisku. Beti ere haizerik ez dabilenean zabaldu; eskularruak eta betaurrekoan ez daude soberan, jantzita hobe. Arriskuak ditu kare biziak, hezean dagoen edozer erretzeko gaitasuna baitu (eskua, azala, begia...)

Landatutakoaren tartean zabaldu. Zaila bada, utzi lasai, eta uzta jasotakoan, hurrengo landareak jarri aurretik orduan karetu. Belarra nahi baduzu moztu eta bertan utzi eta gainean karea eman, deseginten lagunduko du. Bestela lurra prestatzean.

Puri naiz, eta arretaz entzuten saiatzen naiz zure "landaberri saioa" Eskura dut baita ere, zure liburu eder  "bizi baratzea"

Gure etxe ondoko baratzean gogoz saiatzen gara etxerako behar dugun guztia lantzen, baina  azken urteetan, patata ederra bai baina, barnean dena hari-harrak hartu du urtetik urte gehiagora eginez. Zure liburuan aipatzen duzu lurra denboraz landu behar dela horri aurre egiteko. Zer esan nahi duzu zehazki? zer egin beharko nuke gaitz horren aurka? Mila esker aldez aurretik.

Puri eta familia

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-10 12:30

Lurra aurrez lantzeak arrautzak eta har txiki jaio berriak aireratzea dakar. Lehorrari eta eguzkiari beldur diote, hil egiten dituzte. Beraz, patata egin aurretik lurra landu, harrotu eta utzi. Denbora badago, bi alditan ere harrotu dezakezu. Kareak ere atzeratzen ditu. Lurra harrotutakoan karea zabaldu.

Erasoa handia bada, onena urtebetean edo bitan patatarik egin gabe uztea dela uste dut. Lur horretan beste zerbait egin edo belarrari hazten utzi. Belarra moztuz harra atzeratu egiten da.

Baratzea ongarritzeko eskura dudan simaurra astoarena da. Zati batzuk guztiz deseginda daude, beste batzuk, aldiz, puxtarriak bezalakoak dira. Simaurra zuzenean taulenetan jartzen dut. Rotabatorra pasatzerakoan, aurreko denboraldiko simaur-puxtarriak agertzen dira desegin gabe. <br />
Nire zalantza hauxe da. Lurrean simaur-puxtarriak agertzea ondo dago, ala hobe da simaur desegina bakarrik erabiltzea? <br />
Eskerrik asko!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-09 10:00

Astoaren simaurra, behorrarena bezala, asko luartu edo desegin gabe erantsi dakioke lurrari. Astoak jan duenaren araberakoa izango da gorotzetan utziko dituen pustilen egitura. Zuntz asko eta nitrogenoa tamainan, jeneralean. Zuntzaren gogortasunak ekar dezake zeuk ikusi duzuna, lurpean erabat ez desegitea, alegia. Ez arduratu. Daukazunetik eman, desegindakoak bezala osorik dauden pustilak.

Lizarratik gertu dugun etxeko lur zoruan, sagar, udare, intxaur, urra, almendra zuhaitzak ditugu. Datorren otsailean kimatzeko asmoa ditugu? Egokia da ilabetea? eta Zure ustez hobe litzateke ilgoran ala ilbeheran egitea? Eskerrak aldez aurretik! Duela bi urteko argazkia bidaltzen dizut! laguntzaile eta guzti! Orain arte bete otsailan eta ilgoran egiten saiatu izan gara!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-09 10:00

Inausketa egiteko izerdia mugitzera doan sasoia aukeratu behar da. Aipatu dituzun horien artean arbendolondoa edo elmendrondoa da goizen mugituko den. Hori bai otsailean inausi.

Baina sagarrondoa, udareondoa, intxaurrondoa eta hurritza lasai asko utzi ditzakezu martxorako ere. Hori bai, bai otsailekoak eta bai martxoko inausketa lan horiek ilbeheran egitea hobe da.

25 edo 30 bat errezil sagar zeuzkeau, urtek e hor inguru 25 edo 30 urte eta ia sagarrik ez die ematen.
Zer egitea zeok denak bota aurretik?? sagarrondo horik ez dituk nik sartutakok, mentu-oina zein duten ideaik etzeukeat toki ezin hobean bizi dituk, eguteran , len soroa izandako lurrean ongarritu behar aundik dauketenik etzetak iruitzen, inausi orain de la lau bat urte arte batez..( denak itxi- itxi einda eon dituk, etzeoan barrua sartzeik.) lau urtetik onea pare bat aldiz....
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-09 10:00

Informazio horrekin nire ustez arazoa izan daiteke:

- Arbolak itota egotea, elkarrengandik juntuegi, hazteko tarterik gabe, gora hazi sasi handi bat bezala eginez. Honek adierazten du lurpean ere gauza bera gertatzen ari dela, zabalera, lur onera jotzeko tokirik ez eta sustraiak beheruntz haztea beste aukerarik ez izatea.

- Ongarriketa eskasia. Ongarri asko behar du sagastiak, asko! Bi urtez behon ematea egokia da, baina erruz eman: simaurra, luarra edo konposta, txitxare-lurra... Buztin lurra bada kaera eman.

Zeuk aipatzen duzun polinizazio arazoa ere izan daiteke, baina polinizazioa zuzenduta ere, beste bi baldintza horiek ere hobera egin behar dute.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora