Asteroko buletina
Uztailako kallaren kantia, xakia bai eta xakukorik ez, edo xakurik ez da xakukoa bai.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Tomate eta abar noiz landatu
2024-05-17 18:20 | Jaione

Arratsalde on Jakoba. Ez dakit mezua ikusiko duzun baina zure iritzia eskertuko nuke. Tomate piperrak, tipulak tipulak kuyak eta quijatxoak noiz dira hobeto jartzea gaur arratsaldean edo bihar goizean. Mila esker


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-18 18:53

Berdin da gaur edo bihar egin. Bihar igandean 19an egitez gero arratsaldeko 14:00 baino lehenago. Bestela hurrengo larunbata 25 arte berdintsu duzu; baina onena 22 goiza.

Gaur arte erantzundakoak (772 galdera-erantzun)

Kaixo Jakoba!
Kalabazinak behin alea emanda usteltzen ari zaizkigu.
Zer dela ta?
Eskerrikasko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-14 08:57

Bi arrazoi ikusten ditut hori gertatzeko. Batetik lurra ukitzen duela txikia denean, azala zaildu gabe duenean, hortik usteldu daiteke. Bestetik txikia delarik ere gertatzen da maiz ez dela behar bezala polinizatu, eta lorearen atzean dagoen kuiatxoa galdu egiten da heldu gabe.

Lehenengorako azpian lastoa, belarra edo zerbait jarri, bigarrengorako eskuz polinizatzea gomendatzen da, lore arra hartu eta erdian duen hisiputxoa, lore emean (atzean kuiatxoa duena) igurtzi.

Egurrezko kupelean sagardoa egiteko asmoa dut datorren udazkenean. Lehen ere egin izan dut: kupel pare bat erosi bigarren eskukoak Oionen, ardotan ibilitakoak, eta bertan egin sagrdoa. Baina hauetatik kupel batek behintzat sagardoari gustu txarra ematen zion eta ez zegoen modurik kirtasa kentzeko nahiz eta kupelak ondo garbitu.
Nire galderak hauek dira:
Erabilitako kupelak hobe ez erabiltzea?
Kupel berrria erostekotan, nolakoa komeni da? Haritzarena? Gaztainondoa? Besterik?
Kupelen egurarren lodierak badu eraginik?
Ea zerbait argitzen didazun.
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-22 22:58

Erabilitako kupelak hobe ez erabiltzea?

Ez, ardoarekin erabilitakoa berrerabiltzeko, egokiena da upela ireki eta egurra barrutik marrusketatu; ardo gustua edo ezer txarrik duen azala kenduz. Emaitza oso onak ematen dituzte, jeneralean.

Kupel berrria erostekotan, nolakoa komeni da? Haritzarena? Gaztainondoa? Besterik?

Edozeinek berdin balio du. Gero bakoitzak bere ezaugarrien araberako eragina izango du sagardotan. Gerezia, sasiakazia, lizarra eta abar ere erabili izan dira.

Kupelen egurarren lodierak badu eraginik?

Bai, zenbat eta egur lodiagoa, isolamendu hobea; eta egur hori ondo zainduz gero sagardoa ontzeko eragina ere hobea izango da.

Aurten bertoko artoa eta arto komertziala aldatu ditugu soroan. Biak alkarren segidan, eta momentuz ondo ari dira hasten... Bertoko artoa bi mota dira artaburu bat horia eta bestea gorri kolorekuak. Galdera da: Urrengo urterako gordetzeko asmoa edukiko bagenu, arto komertzialaren ondoan izateak hibridazioa izango luke? eta zertan nabarituko litzateke?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-09 11:27

Hiru arto motak elkarren artean hibridatzea izango da naturalena eta normalean gertatuko dena.

Hibridatzeak esan nahi du aurten jasoko duzun hazietan hiruren arteko ezaugarrien nahasketa joango dela. Nahiz eta horia, gorria eta hibridoa jaso, hazi horiek daramaten informazioa, hurrengo urtean emango dituzten landareetan ikusiko da. Adibidez: altura desberdineko landareak, artaburuen forma, artaleen egitura, aleen forma eta kolorea eta abar.

Hori ez gertatzeko hazitarako jasotzeko klase bakoitzetik artaburu pare bat aukeratu eta burua egiten hasten denean eta punttan bizarrak ateratzen diren bezain pronto aldameneko bere berdinaren goiko lore arra hartu eta poltsatxo batean sartu lore hori eta poltsarekin artaburua itxi. Honela bere berdinaren polena soilik jasoko du eta ez da besteekin nahastuko. Gero beste buruetako bizarra zimeldu dela ikustean poltsa kendu, baina artaburu horiek ondo markatu, hurrengo urterako hazitarako jasotzeko.

Kaixo Jakoba
Orain dela gutxi hasi gaituk baratzean eta zenbait galdera zeuzkeagu :
-Ze banarru mota duk baba motza ? Babarruna edo udaberriko baba berria edo beste motaren bat ?
-Entzuna diat tomatea aldatu aurretik zuloan asunak botatzea onuragarria dela tomatearentza Zer funtzio egiten ziok tomateari
Zuloan asunak bota eta pentsatzen diat tapatu egin beharko direla sustraiak ez erretzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-05 13:10

Babarrun motza, makilarik edo sarerik behar ez diken babarrun landarea dek. Aihenik ez dik ematen eta motza geratzen dek. Ziklo laburragoa ddik. Nik ezagutzen dizkiatenak aldaera zuriak dituk. Gure amonak esaten zian Santio egunerako bi hostotan behar zikela, beraz ereiteko sasoia etorri dek.

Asunak tomate landarea indartzen dik, silizioa eta beste mineral batzuk ematen zizkiok. Batez ere gaitzei aurre egitea dek helburua. Zuloan asuna jarri, gainean lur edo luar edo simaur heldu pixka bat eta gainean landatu tomatea.

Ezagutzen al duzu gaitz hau? Zein da? Aurre egiteko modurik ba la dago?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-05 13:02

Nik ustez mamiaren edo medularen nekrosia da, Pseudomonas corrugata. Enborrean orban arreak edo gorri-marroiak azaltzen dira. Ondoren enborra zartatu eta ikusten diren koxkor horiek sustrai berrien hasiera dira. Barrua hustu egiten da.

Jeneralean nitrogeno gehiegi dagoen lurretan agertzen da, enbor lodi eta indartsuak dituzten landareetan. Berotegian hezetasun handiegia eta argi gutxitxo den tokietan, batez ere.

Inausketarekin hedatzen da, zaurietatik, eta batez ere berotegietan. Landare gutxi batzuk badaude gaixo, onena kendu eta erretzea. Inausketa arindu eta inausketa tresnak desinfektatu.

Egunon;
Etxe parean arte haundi bat daukagu eta baserriaren berriztea dela eta pena haundiz baina bota beharrean gaude.
- Enborra altzari pare bat egiteko erabili nahi genuke
- Gainontzekoa sutarako
Noiz izango litzateke sasoi ona hau botatzeko? Bi helburuetarako (altzaria egin eta sutarako) sasoi berdina da egokia?
Eskerrik asko eta ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-04 15:24

Zura eta egurra gogorra ditu arteak. Gogortasun horren bila artea izerdi gutxiena duen garaian bota behar da. Negu-neguan, alegia. Gogortasun hori indartzeko ilbeheran botatzen da. Bi baldintza horiekin zura itxiagoa eta lehorragoa izango da. Honek iraupena emango dio, eta izerdi gutxi duenez egurra jatera hurbilduko diren sits eta antzekoentzako bazka gutxi izango du. Era berean. Egur itxi eta trinkoa izaki, sua egiteko berezia da artea. Ez du ilgoran eta izerditan dagoenean botatako pagoak bezala su azkarra eta gar handikoa egingo. Berak gar gutxikoa baina iraupen handiko sua eta brasa egingo ditu.

Egunon, aurtengoan patatak nahiko gaizki atera zaizkit, agian goizegi jarri nituen. Hostoetan orban beltz handiak atera ziren hasieran eta patata ateratzerakoan hau. zer dira zulo beltzak patatetan? azkar usteltzen ari dira. Milesker !
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-23 05:45

Zalantza ugari nuen ea arazo larriren bat ote zen zuen papatetan azaltzen den hori. Azkenean uste dut gorrina dela, mildiua alegia, Phytophtora infestans. Gorrinak landarea erasotzen du, hostoak, zurtoinak eta zuen kasuan ondoren lurpeko tuberkuluetara hedatu da. Pentsatuko duzun bezala, kontserbazio garaian, patata usteltzen joango da. Ez dakit zein duzun egoera, baina ahalik eta azkarren kendu patata hori. Hurrengo urtean beste soro batean jarri patata. Hazia ere aldatu eta landareetan orban gorri-beltz horiek azaldu bezain pronto tratatu: salda bordelesa, esne gordina eta asun ura. Azeribuztan ura ere erabili dezakezu.

Arratsaldeon jakoba
flor de azahar delakoa daukagu (ez dakit euskaraz nola den)...noiz iñausi behar den jakin nahiko nuke???
aldez aurretik eskerrikasko...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-03 15:39

Benetako azaharra laranjondoaren lorea da. Zeuk diozun hori sasi azaharra da, edo filadelfoa, Philadelphus coronarius. Udaberrian loratzen da. Loraldi ikusgarria du, zuri-zuria eta usaintsua, arrazoi horiengatik azaharra esaten zaio. Inausketa loraldia amaitzean egin behar da. Landarea gaztetzeko adar zaharrak kentzen joan. Urte askotan ikausi gabe egon bada, denak batera ez kendu. Loraldiaren ondoren inausita, negua iritsi aurretik adar berriak hazi eta hurrengo urteko goizeko loraldia prestatzeko nahikoa denbora izango du.

Hezetasunagatik tomateetan sortzen den gaitzari nola egin diezaioket aurre? Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-02 09:51

Gorrina da tomatearen gaitz arruntena. Hasteko tomatearen landaketan kontutan izan: lur-tontorra egin, landaketa zuloan asun adarrak jarri, tarte handia utzi (tartean ibiltzerakoan ez ukitzeko moduan, makilak jartzerakoan kontutan izan gero estaltzeko "txapela" jartzeko aukera (goia soilik estali, aldeak libre). Gaitza egun ilun eta bustiak segidan direnean etortzen da; aurrea hartu behar zaio. Tratamentua: asun-ura, azeribuztan ura, esnea (ahal bada gordina) eta salda bordelesa. Hezetasun handi hori etorri aurretik tratatu behar da.

Arratsaldeon, txingurriak ikusi ditut bainetan. Zer egin dezaket txingurriak bainetatik bidaltzeko?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-26 15:39

Txingurriek zuzenean ez dute kalterik egiten. Begiratu, ordea, leka landareen aihenen muturretan eta han zorriak egon daitezke. Horiek txingurriek ekarriak eta zainduak izan daitezke. Horiek egiten dute kalte. Horiek ez badaude txingurriak ez dira hurbilduko. Tratatu xaboi potasikoa, neem olioa eta Bacillus thuringiensisarekin.

Kaixo.
Ortuan tipulak, porruak... etb landatu eta zuztarrak usteldu egiten zaizkie askori, eta hortaz aparte, landareei haztea kostatzen saie, normala baino denbora gehiago. Tipulin guztiak usteldu zaizkigu, erdian koroi bat moduan irtetzen zaie...
Zein izan daiteke arazoa? Lurraren gaixotasunen bat edo?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-26 15:46

Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Ez ote dago animaliatxoren bat sustraiak jaten dizkiona? Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean. Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak egin eta han landatu, eta abar egin saila lehortzeko.

Arbol ipurdietan belarra pilatzea ona da? Zelaia mantentzeko belar zaharra moztu eta inguruko arbol ipurdietan pilatzea ongarritzat balio du?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-27 10:13

Edozein materia organiko ongarri bihurtzen da. Beraz belar zaharra ere ongarri izango da ontzen denean. Onena simaurrarekin nahasi edo geruzaka pila egitea litzateke, luarra edo konposta bihurtzeko. Ezin bada, beste era bazter batean pilatu eta piskanaka jiratuz luarra egitea da. Azkenekoa litzateke lurrean barreiatuta uztea, baina horrela ere denborarekin desegingo da. Lur gainean zabalduta uzten baduzu, simaur zahar pixka bat bota gainetik, usteltzerako bidea azkartzeko. Inoiz ez utzi belarra enborraren kontra, usteltzerakoan azala erre bai diezaioke. Enborretik aparte, ukitzen ez duela utzi.

Arratsalde on Jakoba.
Galdera bat egin nahi Arratsalde on Jakoba.
Galdera bat egin nahi nizuke, lupulo landare pare bat ditut, eta zorriak eta armiarma gorri txiki batzuk ere bai, baita amona mantangorri batzuk ere badakit beraiek direla zorrin aurkako botikarik onena, zer egingo det? gauzak bereartan utzi? edo tratamenduren bat hasi?
Eskerrikasko eta ondo izan., lupulo landare pare bat ditut, eta zorriak eta armiarma gorri txiki batzuk ere bai, baita amona mantangorri batzuk ere badakit beraiek direla zorrin aurkako botikarik onena, zer egingo det? gauzak bereartan utzi? edo tratamenduren bat hasi?
Eskerrikasko eta ondo izan.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-24 10:55

Amona mantangorria arduratuko da zorrien izurriteari tamainan eusten. Armiarma gorri ttikiak ikusteko modukoak baldin badira ez arduratu. Kalte egiten dutenak ia ikusi ezinak dira. Zerorrek ikusi, deskuidoan zorriak ugaritzen hasten badira tratamentua egin beharko duzu: tabako ura, neem olioa eta xaboi potasikoa edo beltza. Bidali duzun argazkia, ordea, beste gauza batek eman dit atentzioa: hostoak hori antzera ez ote dauden... Agian argazkiarena da, baina lupuloa oso berde iluneko landarea da. Zuri ere horrela iruditzen bazaizu, ongarri organiko hondua eman: simaurra, luarra, zizare lurra...

Aurten fruitu pila bat eman du. 5 edo 4 urteko arbola. Iaz 7, 8 bat....aurten 200 bat... baina egun hauetan %50koa jausi xako... Zergaitik izan leike ? Arbola itxura ona euki arren... Eskerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-21 16:02

Arbola gazteetan normala da hori gartatzea. Iaz 7n ale eta aurten 200... Neurria hartu behar dio, tamaina, eta era berean hazi eta heldu landare gisa. Loraldia ona eta polinizazioa oparoa izanda ale asko hartu bai, baina gero janaria behar da horiei denei eusteko. Era berean gaztea izanik hazi eta handitu egin behar da landarea, eta bi horiek, indarrean haztea eta fruitu asko ematea bateraezinak dira. Lasai hartu. Zuk egin dezakezun gauza bakarra landarearen bizimodua erraztea da, hau da ondo elikatzeko baldintzak jartzea: eman ongarri organikoa erruz, eta urtero (simaurra, luarra, zizare lurra...)

Kaixo Jakoba,
Baratzean dugun elorriak ez du lorerik ematen (5 urte dira aldatu genuela). Normala da? Lorerik ematen ez duen elorririk badago? Hala bada, txertua emateko asmoa dut.
Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-23 11:02

Bost urteko elorria oraindik ume ttiki bat da. Ehundaka urte bizitzen denez, orain hazi eta hazi egin behar du. Baratze batean egonik, nahikoa janari aurkituko du eta handitzen ariko da. Loratzeko itxaron egin beharko duzu, eta egin dezakezun gauza bakarra ez inaustea da. Inausten baduzu loraldia atzeratu besterik ez duzu egingo.

Lasai hartu.

Kaixo Jakoba,

Ortua "potro bedarrez" beteta daukagu eta eskertuko genizuke luzatuko bazenigu metodoren bat barauek desagertarazteko.

Eskerrikasko, Ramon.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-19 21:50

Antzeko galdera egin zidanari hauxe erantzun nion:

Borroka luze baterako prestatu behar zara. Potro-belarra egoskorra da. Lurpean duen tipulatxoa da gakoa. Hori akabatu behar da. Hor energia pixka bat den artean berpiztuko da. Borroka bakarra hostoak eman ahala kentzea da. Barkamenik gabe, bi edo hiru egunero hosto berriak tira eta atera. Horrela tipulak berriro hosto berriak eman beharko ditu bere energia xahutuz, eta zuk kendu hostoa, eta berak eman eta zuk kendu... Horrela tipulako energia bukatzen den arte.

Lan hau lursail ttiki batean egin daiteke, baina saila handi xamarra bada... Bestea ezikusiarena egitea da. Niri ez dit enbarazurik egiten landare artean ikustean. Landare ttikiak direnean dugu arazoa, gaina hartzen dietelako. Orduan bai, behin edo bi aldiz kendu hostoak eta landarea koskortzean berak hartuko ditu azpian.

Errotabatorra eta baratzeko tresnak dira potro-belarraren aliatu nagusiak, beraiek zabaltzen dute... Kontuz. Gune berri ttikiak kupidarik gabe kendu: aitzurrarekin eman eta lurpeko tipulak atera. Gutxi diren artean egin daiteke hori. Bestela laister izango da han ere andere eta jabe.

Kaixo Jakoba: Azken egun hauetan piperminetan eta baita piperretan amona mantangorri asko ikusten ari naiz. Ez dut uzte landarea jango dutenik. Bainan jakin nahiko nuke zertan ari diren. Zomorro baten atzetik badabiltza harek agian bai minduko du landarea ezta?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-19 22:01

Amona Mantangorriak mesede besterik ez du egiten. Landareei kalte egiten dieten zomorroak jaten ditu. Beraz, saiatu ahalik eta amona mantangorri gehien izaten zure baratzean.

Kaixo, kerezi aleak artxo txuri bat daukate barruan. Hau ekiditeko zer neurri hartu beharko nituzke ? Mila esker. (Kereziondoa Nafarroan daukagu, Gares inguruan).
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-19 22:11

Gereziaren eulia izango da, Rhagoletis cerasi. Heldua denean euli bat da, baina hasieran harra zurizta bat da. Apirila aldera jartzen ditu euli helduak arrautzak gerezi aletxoetan. Helduak lurrean sortu dira, hori ekiditea komeni da: lurrean gerezi ale kutsatuak ez utzi, eta bat bera ere. Eta udaberrian, apirila aurretik gereziondoaren azpiko lurra landu, euliak hiltzeko. Era berean apirileako, tenperatura 18º eta gehio denean tratatu: bacilus thuringiensis + neem olioa eta xaboi beltza edo potasikoa. 15 egunero tratatu, 3-4 tratamentu.

Sagarrondoek bi sexuak al dituzte beren baitan?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-19 22:19

Bai sagarrondo guztiak hermafroditak dira. Hau da, bi sexuak dituzte sagarrondo bakoitzak eta sagarrondo guztiek. Era berean bi sexuak lore bakoitzean agertzen dira. Beraz, sagarrondo lore bat ikusten duzutenean beti bi sexuak izango ditu. Badira hermafroditak izanagatik, hau da landareak bi sexuak izanagatik, sexu bakoitza lore bereizietan agertzen duten landareak: hurritza, intxaurrondoa, haritza... Baina sagarrondoak bi sexuak ditu landare bakoitzean eta lore bakoitzean.

Kaixoo
Ezagutzen al duzu norbait baratze biodinamikoa eramaten duena eta bere produktuak saltzen dituena etxeko kontsumorako??
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-20 10:45

Ez dut inor ezagutzen baratzea sistema biodinamikoan egin eta bere produktuak banatzen dituenik. Agian galdera hau bera Argian eta Irratian egin beharko dugu publikoari zabalduz, ea inor ezagutzen duen horrelakorik...

Arratsalde on,Jakoba: gorrinaren aurkako tratamentua zein den jakin nahiko nuke, zeintzuk diren neurriak... Inoiz salda bordelesa terminoa entzun dizut baina ez dakit nola egiten den.
Milesker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-20 10:54

Bizi Baratzea liburua eskuratzea gomendatuko nizuke (https://azoka.argia.eus/produktua/8), tratamentu guztiak gaitzentzako bezala izurriteentzakoak ere bertan argi eta garbi azaltzen baitira. Gorrina onddo bat da eta beraz hezetasunari aurre egin beharko diogu. Salda bordelesa kuprea eta karea dituen nahasketa bat da. Nahi baduzu etxean egin daiteke, baina gehienek nahasketa bera erosten dute. Salda bordelesaren lana indartzeko asunarekin edo azeribuztanarekin egindako minda edo purina nahasten diote. Gogoratu tratamentua gaitzari aurrea hartzeko dela, ez sendatzeko, beraz gegun hezeak eta ilunak datozela aurreratzen dutenean tratamentua egin, beti aurretik.

Artoa erein nuen eta orain babarruna erein nahi dut. Orain egun egokia da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-15 17:03

Lan hori egiteko sasoia ilgora da. Ilgora ekainaren 18an 17:29ean hasiko da. Egun horren azken ordu horiek onak dira, baina hurrengo eguna, ekainaren 19ko arratsaldea ere, 16:00etatik atzera.

Tomate landarea sano sano goraka doa baina orain dela aste batzuk irten ziren loreak lehortzen ari dira, fruiturik eman gabe
Zergaitik izan daiteke?
160 *30 zm tako tiesto batzutan daude, alboan azenarioa kipulina eta albahaka dituela
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-13 18:12

Tomatearen loreak zapuztearen arrazoi nagusia uraren estresa da. Jeneralean arazo hori bero handiekin sortzen da. Duela ez asko izan dira tenperatura oso goian ibili den egun batzuk. Orduan landareak ezin du behar adina ura garraiatu hostoetara eta estres hori pairatzen du. Arazo hori areagotu egiten da landarea ontzian dagoenean, ontzia bera, eta lurra ere gehiago berotzen baitira. Arazoa ez berritzeko, ureztaketa zaindu, batez ere bero handietako egunetan.

Bi aguakate landara dauskat lorategian etxean ateratakoak, esan daustie estitxu behar direla bestela ez dabela fruttuk emoten, holan da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-27 10:27

Eztitu gabe ere fruitua emango dute. Ez dakiguna da bere ama eta bere aita nor diren, eta horregatik ez dakigu nolako fruitua emango duen. Fruitu mota jakin bat nahi baduzu orduan eztitu beharko duzu.

Zuk ezan zendun karea koskorra botatzeko garoari baña ze garai da ona?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-06-27 10:31

Noiznahi botata ere kalte egingo dio. Nahi baduzu oraintxe bota. Hurrengo urtetan otsaila-martxoa aldera bota, horrela sustraiak mugitu eta kimua botatzen duen momentutik sentituko du kaltzioa lurrean eta bere eragina.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora