Asteroko buletina
Maddalen bero, gaztaiña seguro.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Tomate eta abar noiz landatu
2024-05-17 18:20 | Jaione

Arratsalde on Jakoba. Ez dakit mezua ikusiko duzun baina zure iritzia eskertuko nuke. Tomate piperrak, tipulak tipulak kuyak eta quijatxoak noiz dira hobeto jartzea gaur arratsaldean edo bihar goizean. Mila esker


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-18 18:53

Berdin da gaur edo bihar egin. Bihar igandean 19an egitez gero arratsaldeko 14:00 baino lehenago. Bestela hurrengo larunbata 25 arte berdintsu duzu; baina onena 22 goiza.

Gaur arte erantzundakoak (772 galdera-erantzun)

Egun on Jakoba, terrazako arbustoek kotxinila zuria izan zuten duela bi urte. Bat galdu zen, baina besteak salbatu ziren. Abuztu honetan, ordea, arbustoetako bat lauzpabost egunetan suak erreta bezala geratu da, erabat igartuta. Sargoriagatik izango zela pentsatu genuen, juxtu teilatuaren hegaleko aterpearen parean geratzen zen arbustoa zelako. Baina ondokoa ere ziztu batean igartzen hasi da orain...
Igartutako arbustoari kotoi erako orban zuriak agertu zaizkio. Begira hasi gara eta "kotoi" hori gainontzeko arbusto guztietara hedatu dela konturatu gara... kotxinila ote berriz ere??
Nola tratatu beharko genituzke?
Igartutako arbustoen lurretan aldatu al daitezke arbusto berriak? Ala lurra aldatuta hobe?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:36

Kotxinila itxura du. Kotoi zorria ere izan daiteke. Biak izurrite gaiztoak dira, zein baino zein. Erasoa hain handia izanda eta hedatua egonik, nik denak kendu egingo nituzke eta erre. Zaila da lurretik ugaltzea horiek, baina inguruan egongo dira negua pasatzen. Ahal izanez gero ontziak hustu, ondo-ondo garbitu eta lur berrian jarri landare berriak.

Behin tomate landarea eta aleak garatu eta ontzen hasten direnean, altuera egoki batetik mozten ahal da zuztor nagusia edo kaltea eragin dezake? Zer da komenigarriena?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:31

Nire iritziz onena bere horretan uztea da. Goi horretan hostoak ditu eta hostoetan sortzen du landareak janaria. Kenduta aleak heldu eta elikatzeko janari gutxiago izango du landareak.

Egun on, Jakoba: bojaren harraren aurka bacilus turingiensis botatzen ari natzaio, baina zenbatero eta noiz arte egin beharko nioke? Eskerrik asko...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:27

Tratamentu hori oso egokia da. Zortzi-hamar egunero egin behar duzu eta urria arte. Bacillus desberdinak daude eta aldatzea komeni da. 2-3 tratamentu batekin, gero beste hainbeste beste batekin eta berriro lehengoa eta horrela. Eraginkortasuna hobetzeko xaboi potasiko piska bat erantsi eta Neem olioa ere nahastu.

Kaixo. Otsaileko sustrai egunetan aguakatea landatu nuen, artean sustraia hazitik eman berria zuela. Kostata baina landarea indar izugarriz etorri zen, apirila-maiatza aldera edo. Lehen unean lorontzi txikia erabili nuen eta nire kezka da ez ote zaion komeni lorontzi handigora pasatzea, eta batez ere noiz den garai egokiena horretarako.
Iritzi ezberdinak ditut inguruan, berehala egiteko diotenak, eta baita neguari itxarotea komeni dela diotenak ere. Noiz aldatu beharko nuke?
Mila esker aldez aurretik.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 16:11

Ontzitik ontzira noiznahi landatu daiteke, sustraiak ez bai dituzu moztuko. Hala ere sasoi bereziki ona da izerdia mugitzera doanekoa. Hostoa galtzen ez duten landareetan martxoa amaiera aldeko ilbehera.

Arratsalde on Jakoba! Etxean lorontzi batean dugun gorostiari adar bat idortu zaio. Zeren ondorio izan daiteke? Poto handiago batera pasa beharko genuke? Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:17

Garbi ikusten da lur gutxi duela. Lur gutxi ez, oso gutxi. Ihartu den adarrak sustraiak bistan ditu... Pasa ontzi askoz ere handiago batera ahalik eta azkarren. Gorosti gajoa!

Kaixo Jakoba, aurten artoak zanbroa du, iaz baino ugariago. Argazkiko arto landareetan ikusten den zuri horri esaten zaio zanbroa Altzagan. Kentzea komeni al da? Hala bere horretan utzita hobe? Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-23 10:45

Zanbroa deitzen duzun hori artaburua erasotzen duen onddo bat da, Ustilago maydis. Beizaman añua edo arto-añua deitzen diote, beste toki batzuetan ikatza ere bai. Onddoak arta ale esnetsuak erasotzen ditu eta forma berezietako kozkor horiek sortzen dira. Mexikon huitlakotxe edo kuitlakotxe deitzen dute eta urte guztiko gutizia onena bezala dute. Gero eta gehiago baloratzen da jaki hori mundu guztian eta Mexikoko boilurra edo trufa eta kabiar azteka esaten zaio. Agi danean, izugarrizko nutrizio balioak ditu.

Txartzat baduzu, onena ahalik eta azkarren kendu eta erretzea da onena.

Haritzaren ezkurra erabiliz landarea ateratzeko zer pauso eman behar dira?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-21 19:21

Haritza aukeratu zeure arabera: handia, dotorea, azkar hostotzen dena, udazken kolore pilotena duena... Ezkurrak heldu eta lurrera erortzen direnean bildu. Oso-osorik daudenak eta itxura onena dutenak hautatu. Geruzatu: errekako hondarra behar dugu, zulatutako ontzi batean hondar geruza bat jarri eta gainean ezkur geruza bat, gainean hondarra, gainean ezkurrak... Hondar geruza batekin bukatu. Ontzi hau kanpoan jarriko dugu negu guztia han igaro dezan. Beti heze egon behar du, baina ito gabe.

Ezkurrak neguko hotza sentituko du eta udaberrian erraz ernatuko da, hondarrak ebaki txikiak egingo dizkio azala leuna badu eta hezetasunean hazia puztu eta ernatzeko prestatuko da. Neguan otsailean haziak atera eta erein, edo hondarretan bertan kimuak atera arte itxaron eta orduan landaretxoak landatu.

Baratzean getozka landarea ugaritzen ari zaigu, kentzen saiatzen naiz baina berriak sortzen dira
Jakin nahi dugu komeni den kentzea edo hobe den bertan uztea lurra estal dezaten
Mila esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:06

Zeuk ikusi behar duzu. Gehiegi ugaltzen bada kendu. Jangarria da, beraz badakizu... Negu partean hutsik dauden taulenetan bertan utzi daiteke eta udaberrian kendu. Berozaleak diren landareen artetik kendu (tomate, tipula, baratxuria eta abar).

Tomate bateo xartaxa du eta berde dago oraindik. Gainontzekoek sano daudela ematen dute.
Xartaxtutako tomate hori landaretik ateratzea komeni da?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-19 15:12

Zalantzarik gabe kendu. Xartaxa edo gorrina azaldu ordurako kendu eta garbitzea ona da. Tomate bat galduko duzu, baina agian gainontzeko guztiak salbatuko dituzu.

Aitak baserrian landatuta dauka, baina ez dakigu zein Sagar mota den, jakingo zenuke zein den esaten?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:12

Barrutik mami gorria duten sagarrak hiru izenez ezagutzen ditut: Azalain, Santio sagarra eta tomate sagarra. Santio sagarra da niretzat ezagunena. Hura, ordea, luze antzerakoa da, zure argazkikoa borobil samarra dela iruditzen zait.

Mixurka landare bat daukat, lore ontzi baten mixurka hazi batetik irtenda, 80cm altuera badu.
Noiz da garai ona lurrera aldatzeko? Mixurka lurrera aldatutakoan nolako ongarria?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-16 09:18

Mixurka fruitu arbola desberdinei deitzeko erabiltzen da: albertxikoa, melokotoia, mizpira...

Denek, hala ere ezaugarri garrantzitsuena bera dute, ziklo berdintsua, alegia. Hostajea galtzen dute neguan eta sasoi hori baliatuko dugu landaketa egiteko. Beraz abendua-urtarrila alde hori izango da onena. Izotz egunetan ez landatu.

Ongarria organikoa (simaurra, luarra, zizare-lurra...) jarri inguruan erruz, landarea bera ukitzen ez duela. Udaberria iristerako desegiten hasia egongo da, eta ederki aprobetxatuko du.

Egunon.
Egutegiaren arabera, oraintxe ilargi berapenean gaudela, egun aproposak sira hauek geranioen eskejeak hartu eta landatzeko? Delako sustraia errexteko hormona hori gomendagarria da?
Milaka eskerrak aitzinetik.
Ixabel.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-08 13:09

Bai oso sasoi ona da lan horietarako. Hormonarena zeuk ikusi, geranioa berez errez antzera itsasten da. Hala ere etxean ere egin dezakezu hormona salda: bai dilistekin baita sahats edo zume hostoekin ere.

Babarrunak landatzeko garaian ze distantziatara landatzea litzatekeen egokiena jakin nahiko nuke. Gure etxean 120 zentimetrotara landatu izan ditugu beti, baina toki askotan ilarak binaka ikusten ari naiz, elkarren artean metro erdiko distantzia daukate eta gero ziriak elkarri lotuta "X" moduan. Nola da egokiena? Eskerrik asko!!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-08 13:16

Makilarik gabe sarea jartzez gero, iladak metrobete eta metro eta erdi arteko tartearekin ereiten dira. Beraz zuen 1,2 metro egokia da. Argazkikoaren moduan, makilekin lotzeko, ilada artean 70-90 zentimetro eta iladan bertan, zulotik zulora 50-70. Egokiena zeuk erabaki. Beti esan izan da babarrun finena itzaletan hazitako lekak ematen duela. Gero sistema bakoitzak dituen lanak ere kontutan hartu eta zeuk erabaki...

Sagasti bat dut eta belarra moztutzekoan sagarrondoen adar bajuak arazoak ematen didate. Datorren urteari begira, gutxi gora behera, jakin nahi nuke noiz moztu kalte haundirik egin gabe. Zure erantzunaren zain, mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-05 14:59

Hori egiteko sasoi onena martxoa da. Izerdi berria laister etorriko da eta egindako zauriak ixten lagunduko du. Ilbeheran egiteko lana da kimaketa.

Jakoba, leno galdetu nizun tipula garbi edukitzeko sistema zein den eta erantzun zidazun gainean egon eta eskuz egiteko lana zela,kaso egin dizut eta oso gustora nago,zortzi ziento aterattut eta tipula eharra,tipula zuria da bainan bastante bizia hau zergatik da? Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-05 15:23

Tipularen bizitasuna edo gozotasuna aldaera edo barietateari lotua da. Berezko ezaugarria da. Klase bakoitzari lotutakoa. Bizi punttua duenak beti izango du. Baratzean nola landu denak ez du ia eraginik. Pixka bat giroari lotzen zaio, hau da, giro hezeetan bizitasuna apaldu egiten da, aldiz giro bero eta batez ere lehorrarekin bizitasuna handitu egiten da. Baina, beti izango du bizitik.

Hurrengorako jakin behar dena da aldaera edo barietate hori zein den berdina ez jartzeko.

Izenburuko lana nola egiten den azalduko al zenidake?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-02 14:41

Tipula ez da baratzean bertan ereiten. Hazitegian ereiten da. Hazitegia baratzeko txoko batean ere egin dezakezu. Hazitegian lur harroa behar da. Hazia egun betez uretan beratzen eduki eta gero lur azalean zabaldu. Lur pittin batekin estali eta ondo ureztatu. Belarrik gabe mantendu. Hilabete pare batean landatzeko moduan egongo dira landaretxoak.

Kaixo. Hortentsiak noiz moztu bear dia gero beste toki baten jartzeko. Badakit abuztun egiten dela baño ze egunetan ez.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-01 17:48

Bi sasoi daude hortentsien aldaxkak egin eta horiek landatuz lendare berriak sortzeko. Lehenan martxoa da, inausketa sasoia. Mozten diren adarrak baliatu landatzeko. Beste sasoia loreak kolorea galdu eta ihartzen hasten direnekoa da. Aldaera batzuk lehenago beste batzuk geroxeago. Egun onenak ilbehera eta sustrai egunak dira, abuztuak 4, 5 eta 6 adibidez 2019ko urte honetan.

Kaixo.
Intxaurrari adar bat moztu beharra daukagu eta jakin nahiko nuke ze hilabete dan egokia horretarako.

Aldez aurretik
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-05 15:27

Ahal izanez gero intxaurrondoa ez da inausi behar. Zura ahula du eta zaurietatik hezetasuna sartzen zaio, barruko egurra ustelduz. Inausi behar izanez gero adarrak txikiak direnean egin, zauri tzikiak eginez. Onena martxoa aldera inaustea da, izerdi berria laister etorriko zaio eta hark zauria itxiko du. Ilbeheran inausi eta ebakia adarrak goian eta behean dirtuen orbanak edo marrak errespetatuz egin, ahalik eta ondoen ixteko.

Badago bideo bat ikusteko: tomateak kimatu nola egin ?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-22 20:10

Tomatearen kimaketa azaltzen duen euskarazko bideorik ez dut ezagutzen. Gazteleraz edo frantsesez erruz topatuko dituzu interneten. Oso erraza da tomatearen kimaketa eta edozein bideorekin ulertuko duzu. Ikusita gero zalantzaren bat baduzu idatzi lasai.

Egun on Jakoba:
Orain dela 15 edo 20 egun sartutako zerbak pixkanaka pixkanaka usteltzen doaz. Oinak belzten hasten dira eta egunak pasatzen diren einean indarra galdu eta orori egiten dira ostoak. Zergatik izan daiteke? Humusa bota nien oinetan, horrek eragingo zion?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-22 21:07

Lurraren azaleko arazo bat izan behar da. Onddoek sortutako gaitzak izaten dira horiek. Gaitz horiek garatzeko hezetasuna nahitaezkoa da. Humusak ere eragin dezake. Ez baldin badago behar bezala ondua, usteltze horrek ahuldu dezake landarearen lepoa. Beraz ahal baduzu ongarri hori landarearengandik aldendu eta ura kontuz erabili.

Sagastiko hiru sagarrondo (tomate sagarrak hain zuzen ere) ihartzen ari dira. Orain arte osasuntsu eta emankor egon dira ta oain bapatean ihartzen ari direla konturatu gara. Zerengatik izan daiteke ta nola sendatu ditzazkegu?
Eskerrik asko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-23 15:51

Itxura guztien arabera lepoko gaitza da, Phytophtora generoko onddoren bat, Gipuzkoan jeneralean Phytophtora cactorum izaten da. Lur hezeetan, drenaje zailekoetan ugaltzen da. Mentuoinek erresistentzia maila desberdina dute onddoaren erasoarekiko: MM106 asko sufritzen du; M26 eta makatzak sentikortasun ertaina dute; M7 eta M9-k sentikortasun txikia dute. Arazoa larritzen da, baita ere, txertua lurraren mailan baldin badago, hortik eraso baidezake onddoak. Ezinezkoa da tratatzea. Sagarrondoaren lepo aldean orbain gorri-marroiak ikusten hasi ordurako, inguruko lurra kendu, eta aireratu, horrek hezetasuna kentzen dio. Kontuz zauriak egitearekin, belarra moztean, adibidez.

Xehetasun gehiagorako ikusi:

https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/sagarrondoak/-/lepo-usteldura

Egun on Jakoba,
duela urtebete fruta-arbola nanoak alda nituen, paraguaiondo, udareondo, brinoiondo, gereziondo...
Kontua da fruta ematen hasiak direla, baina txikitxoak bai iaz zein aurten.
Ni ohiko neurrikoak izango zituztelakoan nengoen, hala esan baitzidaten, baina hauek dagoeneko jateko moduan daude bere txikian.
Aurrerantzean ere fruta txikitxoak emango ote dituzte, ala handitzen joango dira urteak pasa ahala?
Esker aunitz!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-22 19:52

Argazkian ikusten denez, arbolaren eta fruituen arteko proportziorik ez dago. Hosto gutxi eta fruitu asko. Nire iritziz nahitaez janari gehiago behar du arbolak. Ongarri organikoa eman erruz. Hostaje mardulagoa beharko du izan hainbeste fruitu ekartzea nahi baduzu. Hori horrela bada ere lehen urteetan fruitu guztiak ez utzi. Fruitu koxkorrak ikusi ordurako aleak bakandu. Utzi lehenengo arbolari bere egitura egiten. Gero emango du. Baina hartzeko zeuk ere eman berari.

Tomate landareei kentzen zaizkie txupoi Eta hostoak onak dirá kendu Eta Gero surtoinean botatzea?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-24 17:14

Kendutako kimu horiek gero intsektizida eder bat egiteko erabili daitezke. Beraz onena lehortu eta jasotzea. Bestela landarearen oinetara botatzea ere ez dago gaizki.

Zergatik legortzen zaizkit babarrun landareak sustraitk. Aurten bigarren urtea ia da.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-22 21:22

Bi arrazoi izan daitezke: edo ongarri gehiegi eta lepo alde hori ahuldu egiten da, edo zerbaitek jaten du lurraren azal alde horretan. Nire ustez zerbaitek azala janaren antza du. Luhartza edo satagina izan daiteke. Hala ere horietako bat balitz seguruenera erabat lepoa moztuko lioke. Hain axaleko zauriak izateko, ez dira bada bare txikiak izango? Bada ezpada gauez, ilunpean linterna batekin ondo miatu inguruko lurra kenduta. Baina, era guztietara, kontuz ongarria ematearekin, babarrunak ez du ongarririk behar. Ahulago hazten da. Ongarria berak sortzen du. Eta ongarri gutxiagorekin indar gehiagorekin etortzen da.

Egun on. Gereziondoa noiz podatu daiteke? batzuei entzun izan diet abuztu aldera eta beste batzuei azaro aldera. Argitzerik bai? Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-22 22:51

Neguan egindako zauriak ezin itxi izaten ditu gereziondoak. Inausketa izerdia duenean egin behar da. Bi inausketa sasoi bereizi ditzakegu: martxoa aldera, izerdia abiatua dagoenean, eta udaberrian, ekaina aldera.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora