Asteroko buletina
Otsaileko euri, urteko ongarri.

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Simaurtu eta errautsa
2024-05-07 15:13 | Gabino

Egun on, Jakoba.
Jakin nahi nuke lur eremua simaurtu ondoren errautzarekin batera ongarritu nezaken.
Eskerrik asko zure erantzunagatik.


1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2024-05-07 15:14

Simaurtu eta karearekin edo errautsarekin ongarritzeko tarte bat uztea komeni da. Ahal izanez gero hilabete. Ezin baldin bada ahal duzuna.

Gaur arte erantzundakoak (766 galdera-erantzun)

Aupa Jakoba!

Landareei hazia nola atera ikastea gustatuko litzaidake. Fruituei (tomate, kuia, etab.) erraz egiten dut baina apio, perejil, borraja... -ekin ez dut jakiten nola egin, eta azkenean handi egin eta lorea ematen duten arren ipurditik atera eta baztarrera botatzen ditut, aprobetxatu gabe. Berdin gertatzen zait bestelako landareekin ere (cinta, regadera...). Non ikas dezaket hau?ikastarorik, zure landareen liburu berrian...?

Eskerrik asko aldez aurretik!eta gora baratzak!!!

Maria 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-06-06 12:17

Hazi handiak ematen dituzten landare horietatik haziak erauztea ez da hain zaila. Hazi txikiak ematen dituzten beste landare horietatik bildu eta jasotzea bai, zailagoa da. Hala ere aipatzen dituzun perrexila, borraja eta abar berez hedatzen dira. Haziak erori eta inguruan jaiotzen ikusiko dituzu. Horretarako landare oso-osoa ihartu zen arte ez kendu. Utzi haziei heldu eta zailtzen. Nahi baduzu ondoren landare osoa poliki-poliki atera edo moztu eta paper baten gainean astindu edo esku artean estutu eta hazi ttikiak eroriko dira. Bestela bertan utzi eta inguruan jaioko dira landare berriak.

Hazien sareak badira ia lurralde guztietan eta horiek ikastaroak moldatzen dituzte gehienak udaren amaiera aldera. Adibidez Euskal Herriko Hazien sarea, Aleka, Kristina Enea Fundazioko Haziera, Nafarroako Hazien sarea eta abar.

Aupa Jakoba!

Galderatxo bat, zure liburuan irakurri dut kuien atalean, komeniagarria dela landatutakoan inguruan inaurkina jartzea landarea hobeto itsasteko. Landare guztiei komeni zaie hau egitea (piper, tomate...) udara partean behintzat? eta hazten direnean, edo euri egunak direnean kentzea komenigarri ikusten duzu hezetasuna dela medio (kantauri isurialdean)?

Eskerrik asko aldez aurretik!eta gora baratzak!!!

Maria 

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-06-06 11:59

Landarea txikia denean inaurkina jartzea ez da kaltegarria eta giro beroak badira alderantziz lagungarria da. Gutxiago ureztatu beharko duzu eta beste belarren konpetentziarik ez du izango. Kontuz ordea euri asko egiten ari bada, hobe ez jartzea. Eta jarrita badago kendu, edo behintzat landareengandik urrundu.

Idea eta sasiak galtzeako....noiz moztu behar dira?
Hitzaldi baten entzun neuntzun ekain eta uztaileko hilgoran baia zure egutegie ez doa bat beste egunkaroegaz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-06-06 12:01

Maiatzeko, ekaineko eta uztaileko ilgorak dira mozteko onenak. Hiruretan mozten baduzu hobe.

Maiatzekoa joan da. Ekainekoa 15 arratsaldetik 28ra izango da. Uztailekoa 13tik 26 eguerdira.

 

Kaixo, baratzean baba txiki beltzaren landare ederrak ditut. Momentu honetan, loraldiaren ondoren, landareak izugarri garatu dira (2 metro baino gehiagoko landareak) eta leka aunitz eta mardulak dituzte. 

Prozesuaren amaiera iristen ari den honetan ez nago ziur nola egin. landareak erabat lehotzen utzi behar al ditut, babarruna izango balitz bezala? zer aholkatzen didazue?

Argazki batzuk bidaltzen dizkizuet. Milesker eta ondo izan. 

Txisku Txiki.

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-23 11:52

Baba beltx txikia eltzekari gisara jateko jaso egiten da. Horretarako ondo lehortu behar da, jasoptzeko babarrunak bezala. Horretarako lasai utzi, lekaren barruan dauden aleak janariz osatu eta zaildutakoan landarea ihartuko da, baita lekak ere. Orduan lekak Bildu, areago lehortzen utzi eta aletu eta jaso. Landare iharra ez atera ipurditik, moztu eta sustraiak bertan utzi lurra aberasten dute. Moztutako landareak ere luar pilarako oso onak dira, osorik edo txikituta. On egin!

Egun on.
Zuhaitz, zuhaixka edo landare bat landatu nahi dugu gure amaren errautsekin batera.
Jakin nahiko genuke ekainaren erdialdean landatu ahal izango genukeela, ondo hazteko bermea izateko.
Lursaila Donostiako Ibaeta auzoko lokal batean dago.
Ibarbide batean dagoenez, eguzkia eta itzala jasotzen ditu egunean zehar.
Eskerrik asko erantzunagatik.
Luis Garmendia

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-16 17:44

Nik zalantzarik gabe hagina jarriko nuke. Bertakoa da, hostorik ez du galtzen eta oso gogorra da. Txakurren etengabeko pixa errekek bakarrik akabatzen dute. Toki txiki samarra bada hagin zorrotza jarriko nuke (Taxus baccata Fastigiata Robusta) toki zabala eta enbarazurik egiteko arriskurik ez badago hagin arrunta (Taxus baccata)

Kaixo, hilabete hontako ze egun da egokiena patata ereiteko? Mila esker!

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-16 16:42

Erein egiten dela uste baduzu Ilgoran, eta ahal izanez gero sustrai egunean: 19an, 20 arratsaldean, 21ean eta 22 goizean; baita 29, 30 eta 31. Landatu egitewn dela uste baduzu Ilbeherara itxaron eta egun bereziak ekainaren 8, 9, 10 eta 11 goiza.

Arratsalde on, Jakoba:

Bide hau aukeratu dut zuri arazo bati erremedioa jartzeko esperantzaz. 

Kultibo mahai bat det etxean 1,5 m karratukoa. Inurritegi bat daukat bertan eta letxuak etab landatu aurretik ura irekiten bota  nuen lurrera, inurriak akabatu asmoz. Ba, ondoko tiestoetara zabaltzea besterik ez det lortu eta olibondo tiestoa ere inurriek hartu dute. Letxuak tipulinak eta marrubiak ere hartuta jarraitzen dute.

Zer egin dezaket?

Eskerrik asko aldez aurretik eta barkatu eragozpenak.

Argitze

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-16 16:14

Ez da lan erraza inurriak uxatzea. Loreontzietan daudenak bidaltzeko egingo nukeena zera da loreontzia oso osorik uretan sartu eta eduki gau batez edo egun oso batez gutxienez bertan. Entzun izan dut ozpina ere ez dutela gustuko. Ozpina urarekin urardotu eta esprai batekin busti maiz-maiz dabiltzan inguru guztia.

Arratsalde on:

Zalantzak argitu nahiean, galderatxo bat luzatu nahi nizuke. Aspaldi xamar Urgull, Ulia eta inguruko bide hertzetan “marrubi antzeko” batzuk aurkitzen ditugu. Batzuk baietz eta besteak kontra ibiltzen gera, alegia marrubi edo beste landare mota bat  ote den.
Bide batez, Argia eta Irratian jarraitzen zaitugunez gure esker beroena Jakoba!
Adeitasunez,
  Iñaki Zubillaga.

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-11 12:52

Marrubiaren tankerako beste landare bat gero eta ugariago ikusten da bazter hauetan.

Sasimarrubia da, Potentilla indica (lehen Duchesnea indica).

Marrubiak lore zuria du, besteak horia. Marrubi fruitua konikoa da, bestea borobila. Marrubia zintzilik egoten da, bestea zut goruntz begira. Marrubia gozoa eta bizia da, bestea gozo antzekoa baina zaporegabea eta motela.

Arratsalde on!
Baratzan karakolak eta bareak inguratzen zaizkigu eta ez dakit nola uxatu: karea botatzen dugu buelta guzian baina, ez dakit nola, pasatzen dira eta barazkiak jan. Kalabazinekin ez dugu karrerik ateratzen. Arrautzen azala botatzea ona dela entzun dut baina nola lortu inguru guztian botatzeko adina arrautza azal!
Zer beste egin dezakegu?
MIla esker.
Axun

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-11 15:49

Errazena harrapatzea da. Horretarako gauez hurbildu behar da eta linterna baten laguntzarekin bildu. Bestea babesguneak jartzea: teilak, adar edo egur pilatxoak eta antzekoak; egun argiz azpian eta tartean babesten direnez miatu eta bildu. Tranpak ere jar daitezke; erabiliena hondoan edo ipurdian garagardoa edo sagardoa duten ontziak ertza lurraren mailan dutela lurrean sartu; edariak erakarrita bertan itoko dira. Gai ekologikoz osatutako produktuak ere badaude, janez gero hiltzen dituztenak.

Landareen karea edo errautsa jartzeak eragin mugatua du. Ihintzarekin edo euriarekin bustiz gero trinkotzen dira eta mugalari lana galtzen dute.

Egunon

Lote bat tokatu zait herrian sutarako egurra itteko,ze egun die aproposenak mozteko maiatzean?
Agur bat Patxi

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-02 17:08

Maiatzean haltza botatzen da, gainontzeko egurrak ez; horiek hobe udazken neguan. Haltza maiatzeko ilgoran mozten da. Ilgora 19an hasten da eta hilaren amaiera arte iraungo du. Agian egun berezienak ilgorak eta ilberriak bat egiten dutenak izango dira, maiatzaren 30 eta 31.

Noiz bildu? Azala lehortzean? Ala orain berdea dagoela?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-02 17:19

Gaur egun ilarra berdetan, fresko eta samur-samur dagoenean jateko biltzen da hemen. Garai batean baba edo babarruna bezala lehortu eta lekale edo eltzekari bezala erabiltzeko jasotzen zen.

Freskotan jan nahi baduzu berdetan bildu eta ahalik eta azkarren jan. Gutizia ederra da.

Lehortu eta eltzekaria nahi baduzu, leka ihartu arte utzi bertan eta gero bildu, lekak aletu eta jaso.

Zein egun dira egikienak maistzean

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-05-02 17:36

Sagardoa eta gainontzeko edariak botilaratzea ilbeheran egiten da. maiatzean 5 eta 18 artean izango da ilbehera. 16 eta 17 ezik beste egunak onak dira baina onenak 12, 13 eta 14

   
   
   

 

 

Kaixo Jakoba

Tomate landara hauek ditut etxean. Ortuan labdatzeko gogoarekin daudela esango nuke baina gouz da. 5cm lorontzi hoietan beste hilabete bat izango zenituzke? Aguantatuko dute? Arinago landatu? Ez dakit zer egin. Zuk zer egingo zenuke?

Eskerrik asko

Toki

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-04-19 15:14

Zalantzarik gabe ezin dituzu egun bat gehiago eduki kartzela horietan. Atera eta birlandatu loreontzietaneman orainduten baino lur dexente gehiago. Ahal baduzu orain arte bizi izan diren toki berean eduki landatu arte. Haundi eta txiki badituzu eta agian onena bi landatualdi egitea litzateke onena. Bi data proposatuko dizkizut eta ahl baduzu egun horietan landatu, bietan eguerdia aurretik: maiatzaren 1 eta 20. Lehenean handienak eta gero besteak. Emango diguzu emaitzen berri...

Arratsalde on.
Lekak ereiteko unerik egokiena zein izango litzake, apirileko hilgora ala maiatzakoa?
Mila esker.

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-04-25 11:33

Aurten apirilaren amaieran ere ilgora dugu eta nahi izanez gero aste honetan bertan erein daiteke. Larunbata apirilaren 30 eta igandea maiatzaren 1 oso egun onak izango dira. Maiatzean izango den hurrengo ilgora ere ez da txarra izango.

Zelan uxatu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-04-25 13:42

Hona BIZI BARATZEAn satorrarern atalean agertzen dena:

 

Satorra harrapatzeko tranpak daude. Beste batzuk kez edo urez betetzen diote satorzuloa, atera arazi eta harrapatzeko. Pazientzia gainezka dutenak munto berriak egiten dituenean aitzurkada emateko zain egoten dira. Askotan satorra akabatu nahiean egiten diren lan hauek bera ernegatzea besterik ez dute lortzen. Eta ondorioa okerragoa da, zulo berriak egingo ditu.  Intsusarekin edota tartikuarekin egindako irakinarekin ere betetzen zaiozkio zuloak.

 

 

Uxatzeko era errazagoa bada: metro eta erdiko burdinezko hagatxoa erdia lurrean sartu eta lurretik ateratzen den beste erdiaren muturrean, plastikozko botila bat sartu buruz behera. Haizea dabilenean botilak dantza egingo du eta honen mugimendua hagatxoak lurpera eramango du. Mugimendu honek sortzen dituen dardarak ez zaizkio batere gustatzen, eta ospa egingo du. 

 

 

Arratsalde on.

Pagoa kimatu behar dugu eta jakin nahiko nuke noiz den garairik egokiena horretarako.

Mila esker

Lorea

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-04-06 12:03

Pagoa kimatzeko urte sasoi egokiena otsaila edo martxoa da, beti ere ilbeheran. Dagoenerako apirilean gaude eta beraz berandu antzera. Aurten nahitaez egin beharreko inausketa dela uste baduzute ahalik eta azkarren egin. Ilbeheran apirilaren 8, 10:16ean sartuko gara, 21 arte; baina momentu onena 11ean izango da, 13:00 eta 19:oo artean.

Baratze inguruko eta zelaiko asuna bakantzeko Edo hobeto esanda eliminatzeko ze ilargitan moztea komeni da?

2 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-21 14:50

Beti ilgoran moztea komeni da. Moztu eta moztu indargabetu arte.

Era berean lur azidozalea da eta beraz karea emanda atzeratu egingo da. Bi gauzak batera egitea onena.

 

 

Haritz-ren erantzuna
2022-04-05 07:30

Egunon,
Karea lur azalean utzi behar da ala bota eta gero nahastu egin behar al da sakonago dagoen lurra eragiteko ?
Bota eta gero lurra ureztatzea komeni al da?
Mila Ester

Egunon,

Honela dio erosi dugun metro bateko hagiñan ontziak: Taxus bacata fastigiata robusta (argazkia behean erantsi dut)

Fastigiata robusta hauek zutabe batean hazten direla dirudi.

Zalantza: mendian landatzekotan giñan Urbia inguruan, baina orain konturatzen gara inguruan dauden hagiñak ez direla berdiñak eta ez dugu nahaste horrekin kalterik sortu nahi.

Aproposa al da landatzea naiz eta beste bariedadekoak izan? Hala ba da, ondo aldatzeko argibide batzuk eskertuko nituzke.

Eskerrik asko.

Pellon falta iada somatzen hasiak gara, itzala luzea...Maite zaitugu Pello! Lurrak arin bekiola..

 

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-21 13:04

Hagin hori, zuk diozun bezala txorrotx-txorrotx luzatzen da. Ez da hemengo mendiko hagin zabala bezalakoa, hortik “Fastigiata Robusta” izen hori. Egia da bere polena nahasteko aukera izango dela mendian landatuz gero. Zeuk ikusi. Forma horretako haginak lorategi eta etxe inguruetan ikusten dira batez ere. Bertan sortutako bat landatzea hobe izango da, bertako hagin bati hartutako hazi batetik sortutakoa alegia.

Txorrotx hori beste nonbait landatu, orain apirilaren erdi aldera arte horretarako sasoia da. Landatzerakoan kontutan izan lurraren maila orain duen toki berean izan behar duela. Eta lehen urtean erruz ureztatu.

Arratsaldeon Jakoba,

Larrosa txiki bat daukat leihoan, eta iñausteko garaian sartu garenez orain ilbeheran, lan hori egitera noa. Baina ondoren, ukenduren bat eman behar zaio ebakidura-zaurietan, ezta? Zer eman ahal zaio?

Mila esker

Itziar

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-21 13:01

Landareei egiten dizkiegun zauriak ahalik eta guraize zorrotzenarekin egitea da garrantzitsuena. Zauria airean utzi behar da. Ore antzeko ukenduek mesede baino kalte gehiago egiten dutela aspaldi jakina da. Beraz zauriak utzi bere horretan eta landareari lagundu ongarri ona emanez lurrari.

Pagoari noiz eta nola egin " trasmotxea"??(25 urte ingurukoak(

 

Eskerrik asko!!
 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-20 12:59

Ez dakik nolako pagoak diren: lehen lepatuak eta 25 urte utzita egon direnak edo landatu eta 25 urte eta sekula lepatu gabeak.

Bietan inausketa arriskutsua da lepatze hori. Nola egin? Adar berriak eman eta zabaltzea nahi duzun altueran moztu. Noiz beti neguko ilbeheran. Ostiralera arte duzu.

Aste honetan 400 abeto duglas zartu behar dittut, zer da oso berandu??

Eskerrik asko!!

 

 

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-20 12:54

Duglasak ez du hostorik galtzen neguan eta beraz martxoaren amaiera arte lasai landa daiteke.  Saiatu beti ilbeheran egiten, izotzik ez den egunean.

Galderatxo bat egin nahi nizuke

Ahalko zenidake aholkatu noiz erein edo noiz aldatu produktuak?

Gipuzkoako Hernanitik hitz egiten dizut

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-15 12:18

Hiru bide emango dizkizut ereintza eta landaketa egutegia eskuera izateko:

1.- BIZI BARATZEAko buletinerako harpidetza. Neronek moldatuko dizut hau. Honela, besteak beste, astelehenero goizeko 08:00etan aste bakoitzean zein lan egin behar diren jasoko duzu.

2.- Informazio hori bera www.bizibaratzea.eus wegunean “Asteko lanak” atalean daukazu.

3.- Urtero Bizi Baratzeak argitaratzen duen “ILARGIA ETA LANDAREAK” agenda eskuratu, https://azoka.argia.eus/produktua/ilargia-eta-landareak-2022-agenda/ . Bertan dituzu bilduak lan guztiak, batia egutegi orokor bat ere eta, nola ez, agenda izaki egiten dituzun lan guztiak ondo apuntatu eta jasotzeko aukera ematen dizu. Gero emaitzak eta ilargiaren egoera parekatu eta ikasteko.

4.- Antzekoa, laburtuagoa duzu ILARGIAREN EGUTEGIAn, https://azoka.argia.eus/produktua/ilargiaren-egutegia-2022/

Honakoa pasatzen zaigu tipulekin: 
Duela 3 urte hasi ginen tipula plastikoarekin jartzen. Lehen urtean primeran. Ale ederrak eta sanoak. Azken bi urteeta berriz, urtero lekuz aldatuta noski, usteldu egiten dira. Ale dexente txikiagoak eta asko bAratzean bertan usteltzen hasiak kanpotik. Ateratakoan ikusten da zainak dituzten lekuan har txikiak dituztela. Halere ez dakit zein diren lehenak, ustela edo harrak. Onddorenbat ote den pentxatu dut baina aldapan egonda eta ureztatu gabe eztakit ba.
Azebarioekin ere azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian. 
Mila esker.
Iraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-08 17:47

Usteldura hori zergaitik sortu daitekeen aztertu behar da. Aipatzen dituzun har horiek izan daitezke errudunak. Harrak hozka egiten duen tokian gaitza sartzen da. Beste animaliatxoren batek ere sustraiak jaten dakizkioke. Hark egindako zaurietatik sartuko litzatake usteldura sortzen duen onddoa. Sataina, luhartza... Begiratu ea galeria tankerako zulotxorik ikusten duzuten sailean.

Beste aukera bat da hezetasun handiegia izatea, plastikoa jarri delako izan daiteke, edo ura pilatzen den tokia delako sustraien hasierako parte hori usteldu daiteke. Pentsatu tipulari hezetasuna ez zaiola zipitzik ere gustatzen. Usteldura guztiak, azken beltzean, hezetasunak ekartzen ditu. Edozein eratara lurra harrotu, ildo-bizkarrak edo muntoak (40 cm inguru altuerakoak) egin eta bere bi aldeetan landatu, eta abar egin saila lehortzeko.

Kontuz gehiegizko ongarriketarekin ere. Tipulari ez zaio ongarria gustatzen, eta baldin bada oso ondo ondua edo luartua. Ondo egin gabekoak ahul haztea dakar eta gaitzetarako samurragoa.

Azebarioekin azken urteetan gaizki. Erne gutxi eta hala ere gero desagertu egiten dira. Zerbaitek janda agian. 
Mila esker.
Iraitz

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-08 17:47

Azenarioari beroa gustatzen zaio, eguteran erein. Ongarri freskorik ez eman. Ureztaketa ere ez ahaztu ttikia denean, baita tarteko belarrak kentzea ere. Erein aurretik lurra ondo harrotu eta errautsa lodi ematea trikimailu ona da.

Egun on,

Ortuaren inguruko galdera pare bat dauzkat.

Aurten lehenengo urtea da hazitegia egiten dudana, aurreko urtean landatutakoaren haziekin, alegia. Udan hartutako barazkien haziak sikatu eta aurreko astean jarri nituen. Negutegi txiki bat egin dut eta bertan jarri ditut, irudian ikus daitekeenez.

Galdera honakoa da, zenbatero ureztatu beharko nuke hazitegia? Negutegiak egun osoa emango du itxita. Nahikoa da goizetako ihintzarekin? Beti hezea egotea komeni da edota landareak berak bezala egunero edo bi egunetan behin ureztatuko dut? Kutxa bakoitzean, nahiz eta bananduta eta identifikatuta egon landare ezberdinak daude (piper berde handi eta txikiak, piparrak, tomateak, txerriak, berenjena, kuia eta kuiatxoa...); maiztasun igualarekin ureztatuko ditut?

Bestalde, ongarria botatzen hasi beharko nintzateke lurrari? Normalean aste santuko oporrak aprobetxatzen ditut ortua prest uzteko, baina aurten apirileko azken astean direnez ez dakit asko berandutzea izango den.

Aldez aurretik eskerrik asko eta zorionak lanagatik,

Zaindu

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2022-03-01 15:18

Hazia ondo hozitzeko, ernetzeko, lurrak heze egon behar du. Hala ere lurra ez ito. Ihinztagailu bateko lainoztatu eta lurrazala busti. Bandejetan jarri duzuna lur harroa bada maiz-maiz, berak ere ura hartzen baitu. Denak batera ureztatu bai. Haziek portaera beretsua dute urarekiko. Batzuk lehenago jaiotzea da normalena.

Ongarriketa bai, ahalik eta azkarren egin. Orain ongarri ondua bakarrik erabili. Hurrengorako gogoratu lan hori udazkenekoa dela, eta orduan bai bota dezakezu ongarri berrixeagoa.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora