Asteroko buletina
Bizitza baratze bat da, lurpetik azaleratu ezazu

Jakoba Errekondoren kontsultategia

Galdetu Jakoba Errekondori
Adaxkak (hierbaluisa)
2016-09-30 08:55 | jon ezkurra
Egunon Jakoba.
Ari zara asteotan hau sasoi ona dela adaxka edo eskejeetatik landare berriak sorteko eta abar. Nik hierbaluisatik (ez dakit euskarazko izenik baduen) atera nahi dut, baina ez dago modurik. Bestetik landare honek oraintsu eman dituen loreetatik ateratzen diren hazi txiki horiek ereinda, zer?

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2016-11-07 08:30

Nik ez dakit beste izenik baduen, guk luisa-belarra deitzen dugu Aloisya citriodora. Luisa-belarraren adaxkak egiteko ahal dela lehengo urteko adarra eta urteko kimua hartu. Zuzenean landatzea da onena, lur beltz harroa eta erreka-hondarra nahasi. Aldaxkari mutturreko heren bateko hostoak bakarrik utzi. Azpiko aldeko bi herenak soildu, labana batekin goitik behera arrastan azala zauritu eta aldaxka ebaki dugun zauria zanpatu. Soildutako zatia lurpean jarri eta ondo zanpatu. Dilista ura prestatu (uretan jarri dilistak, ernetzen direnean ur eta guzti txikitu) eta berarekin ureztatu. Aldaxkak plastiko garden batekin estali daitezke, giro hezeari eusteko.

Beste era bat ere badago landarean sortzeko: landaretik moztu gabe adarrean zauritxo horiek egin eta lurra jarri inguruan poltsa batean bilduta edo, errazago, adarra makurtu eta lurretik pasa arazita.

Hazitik landarea lortu duen inor ez dut ezagutzen eta ez dut inoi entzun. Hala ere, saiatu eta landarerik sortzea lortuz gero jakinaren gainean jarri, denok ikasi dezagun.

Gaur arte erantzundakoak (66 galdera-erantzun)

Eguardi ón Jakoba!!!

Nere galdera da hiedrai nai nuke lurra aldatu, noiz izanen tzen egun egokia?? 

Senarrak erraten nau ilbeheran in behar direla...

Xoko Urdazubi tik..

Milesker..

1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-04-07 10:13

Orain oso garai hona da lan honetarako. Sustrai berriak ematen hasita daude eta lur berria badute alde ederreko kemenarekin haziko dira. Hala ere aurreko hilabetean, martxoan eginez gero hobe. Giroak agintzen du. Hurrengo urteetan gogoan izan. Giroa epeltzen bada, martxoan egin.

Ilbeheran hobe, zalantzarik gabe.

Aupa egunon Jakoba. Gauza bat illa belarra galtzeko zer dek hobeo pitakin moztu o segadorakin? Argazkikoa da guk hilla belarra deitzen dioguna Irunen. Eskerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2021-03-26 10:57
Ederki guretzako Ihia da. Hori galtzeko onena pitarekin, eta ahalik eta beherenetik jo. Buztin lurretakoa da eta karea zabaltzeak atzeratzen du.

Egun on.
Kanarietatik ekarritako adaxkatik sortutako bouganvilla honek, iaz, amaren balkoian lorea eman zuen. Geurera ekarrita, ordea, hostoa bai, baina lorerik ez. Eguzkia bete betean 20 minutuz edo jasotzen du egunez. Gu kostaldean bizi gara, Algortan eta landarea balkoian bizi da.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-06-06 10:00

Eguzkizale amorratua da Bouganvillea. Zerorrek esan duzu, egunean 20 minutu besterik ez, normala da lorerik ez ematea edo oso bakana izatea.

Noiz podatu behar dira? Aurreko urtetan lore gutxi eman dute.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2020-03-08 20:09

Hortentsiak otsaila-martxoa aldera inausten dira. Ahal baduzu ilbeheran. Lore gutxi ematearena inausketa gogorregia egitearekin lotuta dator. Moztu adarren hirutik bat, zaharrenak, eta besteak oso-osorik utzi. Hurrengo urtean berdin. Moztutakoak adarra berritu egiten dute behe-behetik eta osorik utzitakoak loratu egingo dira, erruz.

Duela bi egunetatik nabaritu dugu gauez baserriko terraza arraz betetzen dela, ehundaka. Pentsatzen degu geraniotik ateratzen direla, zulotxo batzuk dituztelako hostoetan, baina egunez ya desagertu egiten dira. Hauek hiltzean likido berde bat geratzen da lurrean. Zergatik izan daiteke? Nola bukatu eurekin?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-21 17:13

Nik esango nuke roska deitzen diren harren multzokoak direla. Denetatik jaten dute, lore landareak bezala barazkiak. Erakarri eta hiltzeko nahasketa bat prestatu daiteke: zahiari edo irinari azukrea nahasi. Bacillus thuringiensis deituriko produktu naturala erantsi eta ur piska batekin ore bat egin ondo-ondo nahasita. Landareen inguruan jarri.

Kaixo! Aldaxka batetik bi metroko wisteria lortu genuen baina udara honetan hartu duen itxura eta kezkatuta gaude... Ez dakigu zeren errua izan daitekeen, laguntzerik?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-10-21 17:50

Argazkian ez da garbi ikusten, baina itxuraren arabera ontzi batean bizi dela esango nuke. Nire iritziz bi arazo elkartu dira. Batetik janari gutxi, ontzi handiena ere txikia da wisteria bat eder izateko. Ahal duzun ontzi handiena jarri, urtero simaurra edo luarra eman lodi eta ureztatzeko urari ere ongarri likidoa nahasi. Bigarrena, lehortea da. Hostoetan ageri diren orban horiek, janari eskasiaz gain euli txuriaren edota tripsaren erasoa azaltzen dutela dirudi. Horiek uxatzeko onena urarekin ihinztatzea da. Maiz maiz egin, ahal baduzu egunero, hostajea ondo busti.

Egun on, Jakoba: bojaren harraren aurka bacilus turingiensis botatzen ari natzaio, baina zenbatero eta noiz arte egin beharko nioke? Eskerrik asko...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-09-30 15:27

Tratamentu hori oso egokia da. Zortzi-hamar egunero egin behar duzu eta urria arte. Bacillus desberdinak daude eta aldatzea komeni da. 2-3 tratamentu batekin, gero beste hainbeste beste batekin eta berriro lehengoa eta horrela. Eraginkortasuna hobetzeko xaboi potasiko piska bat erantsi eta Neem olioa ere nahastu.

Egunon.
Egutegiaren arabera, oraintxe ilargi berapenean gaudela, egun aproposak sira hauek geranioen eskejeak hartu eta landatzeko? Delako sustraia errexteko hormona hori gomendagarria da?
Milaka eskerrak aitzinetik.
Ixabel.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-08 13:09

Bai oso sasoi ona da lan horietarako. Hormonarena zeuk ikusi, geranioa berez errez antzera itsasten da. Hala ere etxean ere egin dezakezu hormona salda: bai dilistekin baita sahats edo zume hostoekin ere.

Kaixo. Hortentsiak noiz moztu bear dia gero beste toki baten jartzeko. Badakit abuztun egiten dela baño ze egunetan ez.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-08-01 17:48

Bi sasoi daude hortentsien aldaxkak egin eta horiek landatuz lendare berriak sortzeko. Lehenan martxoa da, inausketa sasoia. Mozten diren adarrak baliatu landatzeko. Beste sasoia loreak kolorea galdu eta ihartzen hasten direnekoa da. Aldaera batzuk lehenago beste batzuk geroxeago. Egun onenak ilbehera eta sustrai egunak dira, abuztuak 4, 5 eta 6 adibidez 2019ko urte honetan.

Arratsaldeon jakoba
flor de azahar delakoa daukagu (ez dakit euskaraz nola den)...noiz iñausi behar den jakin nahiko nuke???
aldez aurretik eskerrikasko...
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-07-03 15:39

Benetako azaharra laranjondoaren lorea da. Zeuk diozun hori sasi azaharra da, edo filadelfoa, Philadelphus coronarius. Udaberrian loratzen da. Loraldi ikusgarria du, zuri-zuria eta usaintsua, arrazoi horiengatik azaharra esaten zaio. Inausketa loraldia amaitzean egin behar da. Landarea gaztetzeko adar zaharrak kentzen joan. Urte askotan ikausi gabe egon bada, denak batera ez kendu. Loraldiaren ondoren inausita, negua iritsi aurretik adar berriak hazi eta hurrengo urteko goizeko loraldia prestatzeko nahikoa denbora izango du.

Kaixo, Elgoibarko institutoan baratzan diardugu lanean bi urtetan. Barazkiekin batera loreak ere landatzea nahi dugu, horien artean kalendulak. ZIG gelako ikasleek kurtso hasieran landatu zituzten baina orain hasi dira irtetzen (pare bat). Noiz da garaia kalendulak landatzeko? Horrekin batera argazki bat bidaltzen dizut non kalendulekin batera beste lore bat irtetzen ikusten den, ba al dakizu zein den?
eskerrikasko.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-18 09:52

Orain, udaberriaren sarrera sasoi ona da Kalendula edo ILENA ereiteko. Udaberrian aurrera, landareek 4-5 hosto dituztenean birlandatu baratzearen inguruan.

Kalendularen arazo handiena lur motelak dira. Hau da, urez asetzen direnak. Kontu beraz, lurrarekin eta ureztaketarekin.

Ilenaren aldamenean dagoen landare hori, “belar txar” bat da. Ez da ilenaren haziarekin etorri. Lurrean bertan izango zen edo beste nolabait etorri da. Agian ilen landarearekin batera etorriko zen bere ontzian.

Kaixo, Jakoba:
Hortensia macrophylla 'mophead', hemen nonahi ikusten dena, batzuk ditut, 'lacecap' bat eta gezi formako paniculata bat. Mota bakoitza noiz eta nola kimatu beharko nukeen esan ahal didazu? Mila esker.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-03-12 16:53

Hydrangea macrophylla diren bi lehenengo hortentsia horiek berdin inausten dira. Dagoenerako izerdia mugitzen ari da eta oraintxe da sasoi onena. Onena ilbeheran. Nola egin? Adarren lautik bat moztu, baina behe-behetik. Gainontzeko lautik hiru oso-osorik utzi. Hauek loratzen diren artean moztutakoek adar berriak emango dituzte. Hurrengo urtean gazte berri horiek utzi eta gelditu ziren haietatik moztu, lautik bat, behe behetik. Horrela lau urtetan adar guztiak gaztetuta izango dituzu eta urtero loraldia galdu gabe.

Hydrangea paniculata, gezi edo kono formako loreak ematen dituztenak ere orain inausten dira. Baina inausketa desberdina da: adar meheak denak mozten dira eta sendoak indartsuak direnak 6 begi inguru utzi eta gainerakoa kendu. Horietatik sortutako adar berriek emango dituzte loreak.

¿¿ cuando hay que podar la camelia y meter en tierra los esquejes . eskerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-02-03 18:40

Inausketa lorealdia amaitzean egiten da, lorearen ondoren hasiko baita adar berriak ematen.

Oso zaila da kamelia aldaxketik edo eskejetik sortzea. Nik uste dut aukera bakarra belaunketa dela, bai zuzenean lurrera, adarren bat oso behean badu, eta bestela aireko belaunketa, adar baten bueltan poltsa batean lurra jarriz. Hala ere errepikatzen dizut oso lan zaila hartu behar duzu.

Egun on Jakoba. Azaroko beherapenean udaberrirako lorea ematen duten bulboak erain nituen eta orain landarea ernetzen ari dela ohartu naiz ez direla Idibihotzak beste lore bat baizik. Bajeran hazi zaharrak ordenatzen ari naizela hor ikusten ditu iaztik bildutako Idibihotz bulboak. Heldu den asteko beherapenean bulboak ereinez gero lorea emanen al dute? Edo hurrego urtearte esperatuko dut?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-19 08:04

Berandu zabiltzanez, izan ere urri-azaroko lana da eta ez urtarrilekoa, ahal duzun azkarren landatu. Ilargiari begiratu gabe, oso da eta berandu. Bestalde horrelako erraboilak edo tuberkuloak hobeda gorapenean landatzea beherapenean baino, ilgoran alegia, eta ez ilbeheran.

Lizarratik gertu dugun etxeko lur zoruan, sagar, udare, intxaur, urra, almendra zuhaitzak ditugu. Datorren otsailean kimatzeko asmoa ditugu? Egokia da ilabetea? eta Zure ustez hobe litzateke ilgoran ala ilbeheran egitea? Eskerrak aldez aurretik! Duela bi urteko argazkia bidaltzen dizut! laguntzaile eta guzti! Orain arte bete otsailan eta ilgoran egiten saiatu izan gara!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-09 10:00

Inausketa egiteko izerdia mugitzera doan sasoia aukeratu behar da. Aipatu dituzun horien artean arbendolondoa edo elmendrondoa da goizen mugituko den. Hori bai otsailean inausi.

Baina sagarrondoa, udareondoa, intxaurrondoa eta hurritza lasai asko utzi ditzakezu martxorako ere. Hori bai, bai otsailekoak eta bai martxoko inausketa lan horiek ilbeheran egitea hobe da.

25 edo 30 bat errezil sagar zeuzkeau, urtek e hor inguru 25 edo 30 urte eta ia sagarrik ez die ematen.
Zer egitea zeok denak bota aurretik?? sagarrondo horik ez dituk nik sartutakok, mentu-oina zein duten ideaik etzeukeat toki ezin hobean bizi dituk, eguteran , len soroa izandako lurrean ongarritu behar aundik dauketenik etzetak iruitzen, inausi orain de la lau bat urte arte batez..( denak itxi- itxi einda eon dituk, etzeoan barrua sartzeik.) lau urtetik onea pare bat aldiz....
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2019-01-09 10:00

Informazio horrekin nire ustez arazoa izan daiteke:

- Arbolak itota egotea, elkarrengandik juntuegi, hazteko tarterik gabe, gora hazi sasi handi bat bezala eginez. Honek adierazten du lurpean ere gauza bera gertatzen ari dela, zabalera, lur onera jotzeko tokirik ez eta sustraiak beheruntz haztea beste aukerarik ez izatea.

- Ongarriketa eskasia. Ongarri asko behar du sagastiak, asko! Bi urtez behon ematea egokia da, baina erruz eman: simaurra, luarra edo konposta, txitxare-lurra... Buztin lurra bada kaera eman.

Zeuk aipatzen duzun polinizazio arazoa ere izan daiteke, baina polinizazioa zuzenduta ere, beste bi baldintza horiek ere hobera egin behar dute.

aupa arkazi piketeak egiteko noiz egin behar da ilgoran ala ilbeheran?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-13 09:00

Sasiakazia egur gogorrak eta busti-lehorrean iraupen luzea dutenak egiteko erabiltzen da. Horien adibide garbia dira piketeak edo hesolak.

Nire iritziz negu-neguko ilbeheran moztu behar da. Jende askok, hala ere, ilgoran mozteko zuhaitza dela diote. Zer iruditzen zaizu zerorrrek saioa egiten badezu? Moztu batzuk ilgoran eta beste batzuk ilbeheran, Hori bai, negu neguan.

Kaixo Jakuba. Zuhaitz hau, eztakit goxatua ez ote dagoen. Akaso negun Bide normala eramango du, eh?! Baino, iruitzen zait, gaixotzen hari ote dan... Eskerrikasko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-07 10:01

Nire iritziz pago landare gazte horren itxura erabat normala da. Agian ur falta pixka bat izan du udaren amaieran eta horregatik hostoen ertzak uste baino lehenago gorritu dira, baina normala da.

Ea udaberri berriari nole ekiten dion. Orduan ikusiko da bere indarra.

Lursail malkartsua bat dugu Berastegin, 433 m-ko altueran. Dagoneko, intxaurrondo handi bat dugu hantxe, eta, ez oso urrun, gaztainondo pare bat eta urkia. Beraz, hiru zuhaitz hauek landatu nahiko genituzke:
- gereziondoa
- udareondoa
- kiwi arbola
Hori dela eta, jakin nahi genuke zuhaitz horiek egokiak diren han landatzeko edo zer beste aukera leudekeen. Gainera, noiz den garai egokia ere jakin nahiko genuke.

Mila esker!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-06 10:01

Hiru zuhaitz horiek egokiak dira Berastegirako. Han hotza da landareak bizitzeko muga, eta hiru horiek ederki iraungo dute hotzagatik. Landaketa egiteko sasoia orain hasi eta otsailaren amaiera artekoa da. Izotz egunetan ez landatu, bestela noiznahi.

Zer beste aukera landatzeko? Aukera izugarria da zuek erabaki behar duzutena da zein helburu dezuten: fruituak, su egurra, zura, itzala... Hori jakinda aukera laburtuko da, eta zerbait zehazten hasi gintezke.

Kaixo,
Tulipan batzuk ditut landatzeko, noiz? Eta baratze barruan landatu ditzaket?
Eta kiwiak jasotzeko, noiz?
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-11-05 10:33

Urriatik atzera, abenduaren amaiera arte landatu ditzakezu idi-bihotz erraboilak. Nahi duzun tokian: lorontzian, lorategian, baratzean.... Baratzean tokia aukeratzerakoan kontutan izan lorea zimeldu ondoren hostajea berdea den artean ezin dituzula erraboilak atera lurpetik. Beraz, hurrengo landareak jartzeko eta plangintzan kontutan izan idi-bihotzen tokia.

Kiwia jasotzeko bi baldintza kontutan izan. Batetik ahalik eta beranduen, fruitua arbolean den artean aberasten ari delako. Bestetik Izotza egin aurretik. Izotzaren bedur ez bazara utzi lasai arbolean bertan. Izotzak datozela jakin arazten dutenean aurretik bildu. Luze irauteko ahal baduzu ilbeheran jaso.

Aupa Jakoba:
Oraingo honetan cyclamenari buruz galdetzeko idazten dut. Amak haziak ditu eta ereiteko noiz den sasoirik onena jakin nahiko luke.
Eskerrik asko
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-05-14 15:35

Ziklamena urte guztian erein daiteke. Haziak badituzunez, ahal duzun azkarren erein. Egun batez uretan beratzen eduki, lur onean erein, toki epelean eduki (18-20º) eta lurrari heze eutsi. Ez da azkar jaio eta ahazten den landarea, beraz hartu patxara.

Arratsalde on. Kamelia bat lekuz aldatzeko garairik onena zein den jakin nahiko nuke.
Aldez aurretik, eskerrik asko.
MAITANE
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2018-01-18 19:02

Kameliak ez du hostajerik galtzen neguan. Beraz udaberrira itxaron behar da. Behin loraldia amaitu denean, apirila aldera da egokiena. Sustrai batzuk galduko dituenez, kimaketa arin bat ere egin.

Landarea handia bada onena litzateke udaberria hostajearen parean lurrean sustraiak zuzen goitik behera ebaki buelta osoan. Bertan utzi landarea, eta hurrengo urteko apirilean atera. Ebakia egindako pare horretan susttaiek sustraitxo berriak emanda izango dituzte, itsasten lagunduko dutenak.

Oso magnolia haundia daukat jardinean, hosto erorkorrak ditu. Gehiegi haunditu da eta podatu nahi nuke. Zein da garaia egokiena? Hendaian bizi naiz.
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-10-28 20:01

Pena handia da horrelako loraldia duen zuhaitza inausi beharra. Nik loraldia amaitu arte itxarongo nuke. Neguko soiltasunaren ondoren loretza ikusgarria zabaltzen du, eta ondoren hostajea. Tarte horretan, hostoak irekitzan ari direnean inausiko nuke, izerdiak zauriak ahal den azkarren itxi ditzan.

Kaixo Jakoba,
Aurten ez dugu orturik prestatu etxe alboko landatxoan zeren eta gure ezkontza ospatu nahi dugu bertan Irailean. Hori dela eta lurra ondo berdindu nahi dugu, eta belar motaren bat landu txukun egon dadin Irailak aldera.
Baina ez dakigu zein belar mota landu berarko genuke, hurrengo urteetan arazorik ez izateko (eta aldi berean lurra ondo zaintzeko). Batzuk hirusta diote, baina ez gaude ziur. Besteak ryegrass diote...
Zer gomendatuko zeniguke?
Lurra ongi berdintzeko irudian agertzen den motako tresna bat erabiliko zenuke?

Eskerrik asko!
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-07-11 12:05

Irailean gainean dantzatzeko moduko belardi bat nahi badezute azkar mugitu. Belardi berri bat zanpatzeko moduan egoteko hiru edo lau moztualdi emanda izan behar da. Eta mozteko makinaren mozten duen zafla txorrotx-txorrotx egin da jarrita, bestela belar jaio berria atera egingo du, moztu beharrean. Ureztaketa ere zaindu urte sasoi txarra da eta. Berez ereinta lan hori udaberrian egin beharko litzateke...

Nik bertako etxe bat gomendatuko nizueke, Tuterako Zulueta etxea. Eta bere katalogotik, belar nahasketa pare bat horietatik aukeratzeko “Boston” eta “Classic”

Argazkian bidali didazun tresna hori alferra deitzen da, eta ez da lurrak berdintzeko, baizik eta hazia zabaldu denean hazia lurrera ondo itsasteko, azkarrago ernatu edo hozitu dadin.

Kaixo jakoba,
ezagutzen al duzue hortentsiatan hedatzen den kotxinilla kentzeko edo gitxitzeko modurik?? Nire bizilagunaren hortentsiak dira eta erabat harrapatuak dituzte. Mile esker
1 erantzun | Zeuk erantzun
Jakoba Errekondo-ren erantzuna
2017-06-26 19:46

Kotxinila kentzeko era onena eskuz egitea da: hartu guata edo kotoi harro zati bat alkoholetan busti eta enborra igurtziz kotxinilak askatzen eta biltzen dira. Gero zuzenean erre. Lan hori hartu nahi ez baduzu, tabako ura egin. Litro erdi bat alkohola eta beste erdi bat ura, hor tabako-belarra jarri, 100 gramo. Hamabost egunez utzi. 100 gramo xaboi potasiko nahasi. Hori dena 10 litro uretan urtu. Eta tratatu. Kotxinila bera ondo busti behar da. Tratamendua errepikatu egin beharko duzu, behar adina aldiz.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora