Astelehenero 8:00etan zure epostan
Urriaren 29an bete zen urtea Valentziako erkidegoa uholdeek hartu zutenetik, eta 229 pertsona hil zirenetik. Kudeaketa txarra egin zuen erkidegoko presidenteak, bai egunean bertan eta bai gero, eta gezurretan ibili da orain arte, baita biktimen senitartekoei ihes egiten ere. Presioa nabarmen areagotu da azken astean, biktimen elkartekoen lanari esker hein handi batean, eta, azkenean, dimisioa eman du Mazónek. Ez ditu hauteskundeak deitu: eskuin muturrarekin negoziatu beharko du Valentziako PPk.
Carlos Mazón, aurreko astean egin zen biktimak oroitzeko estatu-hiletan, Espainiako erregeari eskua ematen,
Denbora luzean itxarondako agerraldia egin du Valentziako Carlos Mazón presidenteak (PP) astelehen goizean. Orain arte ez du "bere izate pertsonalari buruz" hitz egin, "fribolitatea" iruditzen zitzaiolako, bere esanetan. Ez du argitu zergatik den momentu egokia oraingoa. Ezer iragarri aurretik, kargua hartu dio Espainiako Gobernuari: "Laguntza behar genuen, eskatu genuen, eta ez da sekula iritsi". Inoiz erkidego batek aurre egin behar izan dion "erronkarik gogorrena" izan dela ere nabarmendu du Mazónek, bere lanari gorazarre eginez.
"Akatsak" egin dituela ere aitortu du. Esaterako, egun horretarako "aurreikusita zituen zereginak" bertan behera utzi behar zituela esan du. "Bisio politikoak huts egin zidan". Baina bere esanetan, akatsak ere egin zituen meteorologia zerbitzuak, aurreikusi zutena baino euri gehiago egin zuelako. "Baina nik ez diet hiltzaile deituko hutsegite horiengatik".
Mazónek, azkenean, dimisioa eman du. Aukeretako bat zen Valentziako parlamentua desegin eta hauteskundeak deitzea, baina ez du halakorik egin. Dimisioa eman du, eta diputatu –eta hortaz, justiziaren aurrean aforatu– gisa jarraituko du parlamentuan. Orain, Valentziako PPk eta Vox-ek negoziatu egin beharko dute erkidegoko presidente berria hautatzeko.
Urteurreneko ekitaldia, gakoa
Gertakarien urtemugarekin bat eginez, iragan asteazkenean estatu-hileta laikoa deitu zaion ekitaldia egin zuten Valentzia hiriburuan. Espainiako Gobernuko presidentea, aldameneko ministro gehienak, errege-erreginak eta erkidego ugarietako buruak izan ziren Valentzian, tartean Maria Chivite eta Imanol Pradales lehendakariak. PPko ordezkari gorenak ere bertan ziren.
Mazón presidentearen aurkako oihuak ugariak izan ziren, bereziki eraikinaren kanpoaldean, protesta deitua zelako; baina baita ekitaldian bertan ere. Biktimen senide eta lagunen elkarteek makina bat bider adierazi zuten ez zutela Mazón bertan ikusi nahi, baina, urtebete eman duenez bere inozentzia defendatzen, oroimen ekitaldira ere joan zen. Oihu eta irainak jasan zituen, baita errekadu publikoa ere, denen izenean hitz egiteko ardura zuen biktimen elkarteko eledun baten partetik. Borroka indarrez darama biktimen elkarteak: hilak 29 izan dituen aldiro, elkarteek deituta mobilizazio jendetsuak egiten dituzte kalteturiko herrietan eta Valentzia hiriburuan.
Urriaren 29 hartan ez ezik, ondorengo egun, aste eta hilabeteetan ere ez du txalotzeko esku hartzerik egin Mazónek kaltetutako herrietan. Gainera, Espainiako Estatuko herritarren ekarpen modura jasotako diruaren zati handi bat, bederatzi milioi euro, geldirik dauzkala aitortu du duela gutxi, hainbat komunikabide galdezka zituelako ea diru hori guztia nora bideratu duen.
Biktimen elkarteek ez zuten Mazón bertan ikusi nahi, baina urtebete eman duenez bere inozentzia defendatzen, oroimen ekitaldira ere joan zen
Hortaz, suntsitutakoak suntsiturik jarraitzen du. Hondatu ziren ikastetxeetako ikasleak, barrakoietan ari dira eskolak jasotzen. Auzo txiroetan lokatz markak nonahi ikus daitezke, eta errepideak berreraiki gabe daude oraindik. Aldiz, merkatalguneak aspaldi ireki zituzten, eta enpresa handiei diru-uholdea iritsi zaie. Urko Apaolaza kazetariak berriki kontatu moduan, desberdintasun soziala agerikoa izaten ari da Valentzian: “Deitu krisi ekonomiko, deitu Covid, deitu dana, hondamendien ondorena ere klase kontua baita”.
Argipen eske, urtebete
Urtea luze joan zaio Valentziako erkidegoko presidente Carlos Mazóni (PP). Batez ere, azken astea. Iragan asteazkenean bete zen urtebete erkidegoko hainbat herri urak eta lokatzak hartu zituenetik. Mediterraneo inguruko beste zenbait leku ere kaltetu zituen tanta hotz edo dana hark, baina kalterik nabarmenak, alde handiz, Valentzia hiriaren aldameneko herrixketan gertatu ziren.
Bezperan ere euria gogotik egina zela, astearte hartan, goizean goizetik makurrak ziren eguraldi aurreikuspenak, baina erkidegoko presidente Mazónek ez zuen ezohiko ezer egin, dagoeneko frogaturik geratu denez, berak kontrakoa esan arren. Azkenean, gainera, esperotakoa baino euri gehiago egin zuen, eta bazkalondoan ura gain hartzeko zorian zen ibai ertzeko zenbait herritan. Komunikabideak ez zituen espero gabe harrapatu: Urko Apaolaza kazetariak duela urtebeteko erreportaje batean kontatu moduan, meteorologoek egoeraren larritasunaz eta gerta zitekeen hondamendiaz ohartarazi zuten telebista publikoan 15:00ak aldera. Mazón, baina, arratsaldearen amaieran heldu zen larrialdi-zerbitzuen koordinazio gunera. Eta orduantxe bidali zuten SMS mezu bat herritarren mugikorretara, kontuz ibiltzeko eta etxean gelditzeko esanez. Ordurako ibaiak gainez egin zuen hainbat herritan, eta urpean eta lokatzez beteta ziren karrikak. Ordurako, herritar batzuk jada hilik zeuden.
Mazónek badaki epailearen aurretik igaro beharko duela, eta horregatik, komeni zitzaion presidente karguari heltzea, edo hauteskundeak deitu ez eta diputatu aktari eustea, hartara aforatu izaera duelako
Bere ardurak konplitu ez izana da Mazóni leporatzen zaiona. Ibaiek gainez egitea ezin zezakeen ordu batzuetan eragotzi, baina segurtasun eta larrialdi mezuak aurretiaz bidaliz gero, heriotzak saihestu zitezkeela salatzen dute herritarrek. Baina egindako eta egin gabeko ezertxo ere aitortu ordez, Mazón gezurretan aritu da urte eta pikoan. Funtsezkoa bihurtu da argitzea egun horretan erkidegoko presidentea non demontre egon zen iluntzeko 20:30ak arte. Herri batzuk ordurako urpean ziren, eta komunikabideak, zoro moduan, zuzeneko konexioak egiten batetik bestetik. Mazón presidentea, arratsalde hartan, jendartetik ezkutaturik ibili den Maribel Vilaplana kazetariarekin egon zen. Bazkaltzen, lau orduz, jatetxe bateko gela pribatu batean, itxuraz negozio ustelak egiten. Mazónek ez zien telefono deiei erantzun. Gerora jakin denez, 13:00etan larrialdi mezu bat jaso zuen presidenteak, ibai batzuek ohiko mailak gainditu zituztelako; eta Segurtasun sailburuarekin, lehenbizikoz, 17:30ean hitz egin zuen. Baina ez zen mahaitik altxa, eta ez zen joan. 18:45 aldera irten ziren jatetxetik, aparkalekura lagundu zion kazetariari, eta bere etxera joan zen Mazón. Astia hartu zuen han, eta arropaz aldatuta, ia 20:30 zirenean heldu zen larrialdien koordinazio mahaira.
Informazio horiek eta gehiago apurka joan dira ezagutarazten hilabeteotan, ikerketa judiziala abian baita. Mazónen ahotik ez da ezertxo ere argitu; ihesean eta luzapenetan aritu da. Mazónek badaki epailearen aurretik igaro beharko duela lehenago edo geroago, eta, horregatik, interesgarri zitzaion presidente karguari heltzea, edo hauteskundeak deitu ez eta diputatu aktari eustea, hartara aforatu izaera duelako, eta, hala izanda, Auzitegi Gorenak soilik dei dezake deklaratzera, eta ohiko ikerketa-bideetan inork ezin dezake berari buruzko ezer esan epailearen aurrean. Ikerketa batzordetik igarotzen lehena Vilaplana izango da, azaroaren 3an, astelehen goizean. Lekuko gisa zitatua dagoenez, egia esatera behartuta dago.
Ikerketa batzordetik igarotzen lehena Vilaplana izango da, azaroaren 3an, astelehen goizean. Lekuko gisa zitatua dagoenez, egia esatera behartuta dago
Esfera politiko-instituzionalean, Espainiako PPrentzat gero eta astunagoa bihurtu da gaia. Hilotz politikoa izan da Mazón, baina azken hilabetera arte babestu egin dute. Argigarria, irailaren 28an, PPko buruzagi guztiak elkartu eta kurtso-politiko berriko argazkian irribarretsu agertu zirela denak. Baina behin urrian sartuta eta Mazónen gezur gehiago ezagututa, PPren zuzendaritzak Mazón bakartu du. Gero eta zailagoa zen bera defendatzea. Inkestak batzuk publikatu dira, gainera. Esaterako, urriaren 27an, ABC egunkariaren lerroburuak zioen lau valentziarretik hiruk nahi dutela presidenteak dimititzea, eta, aurreko hauteskundetan PPri botoa eman zioten hamarretik sei ere ados leudekeela. Editorialean, gainera, bere dimisioa eskatzen zuen historikoki alderdi horren aldean kokatu den egunkariak.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545