Baratza bati ekiten diozun egunean hasten da bizitza

Tsunamiak eraman eta lohiak lurperatu dituen planak

Abuztuaren 26an Nepal iparraldeko goi-mendiko glaziar bat hautsi eta –ur, izotz, harri, lur– maldan behera milaka metro amildu ondoren beheko ibai-ibilgu estuan 50 metro baino gehiagoko altuera zuen tsunamia eratu zenean, ordu gutxiren buruan Trishuli ibaiaren arroan jazo zen hondamendiari aurrekari konparagarri gutxi aurkituko dizkiogu.


2026ko irailaren 01a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Astebete igarota, olatu suntsigarriaren dozenaka kilometroko ibilbidean jasotako gorpuen baturak gora eta gora jarraitzen duen arren, milaka desagertuen (eta salbuespenak salbuespen, hiltzat eman beharko direnen) kopuruak ez du apenas behera egiten. Eta ez du egingo denbora igaro arren.

Fenomenoa gogoraraziko digun berezitasuna izango baita, zalantzarik gabe. Uholde “normalek” ere –zer esanik ez lurrikarek– horrenbeste biktima, edo gehiago, egin ohi dituzten arren, itsas-tsunamien edo sumendi-erupzioen emaitzekin bakarrik alderatu litezkeen ondorioak izango ditu Nepalgoak. Batetik, eginahalak eginda ere, hildako gehienen gorpuak ez direlako aurkituko, haien ingurukoentzat horrek erakartzen duenarekin.

Baina, bestetik, gaztigu orokorragoa uzten du etorkizunerako, eta gertakariaren gune fisikoa lehengoratzea oso-oso zaila, edo ezinezkoa, izango da. Eta horrek ere baditu ondorio latzak. Beharbada, ez horren txarrak guzti-guztiak.

Haren ekialdeko ibai-adar batetik etorri bada ere hondamendia, Trishuli ibaia, eta haren ibarra, da zorigaitz honen agertokia. Eta ondorioak nozituko dituena. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula Trishuli ibaiaren garrantzia: Nepalen sartzen denean hartzen badu ere izen hori, Tibeteko goi-lautadaren hego-ertzetik –4.000 metroko goieratik– abiatzen da Ganges ibaian amaituko den ibilaldian. Eta haren ibilguari erantsita –bientzat lekurik apenas dagoen haitzarteetan askotan– doan bidea izan da, milaka urtez, salerosgaientzat nahiz ideientzat. Tibet eta Nepal erdialdeko giza-korridorea. Himalaia erdialdea zeharkatzeko ataka nagusia. Bakarra kasik. Halaxe zen aurtengo abuztuaren 25ean ere.

Segundo gutxitan tsunamiak nola suntsitu zuen ikusi ahal izan dugun eraikin hori zen Txinako G216 errepidearen akabua, 1.850 metroko goieran. Antza denez, harainoko errepidea berregitea da oraintxe bertan txinatarren helburu nagusia. Badakite akabuan ez dela harritza bat besterik geratzen, eta handik aurrera, Nepalen, ez dagoela orain arte bidearen jarraipena zen NH42rik. Eta luze joango dela, inoiz lortzen bada, hura lehengoratzea.

Oso bestelakoak ziren, ordea, orain arteko planak. Himalaia errepidez zeharkatu ahal dadin egitasmo bat baino gehiago dago, zebilen, mahai gainean. Deigarriena da Txina-Nepal trenbidea eraikitzeko egitasmoa ere badela, bazela. Eta, hara nondik eta Trishuli ibaiaren ibilgu mehar horretatik joan beharko lukeela Tibetetik Katmandurantz.

Betirako lurperatuta geratuko diren milaka gorpuekin batera, halaxe geratuko zela egitasmo hori ere esango nuke. Baina batek daki.

Filipinak: erregaien shockaren erakusleihoa
2026-03-31 | Mikel Aramendi
Trumpen Estatu Batuek eta Netanyahuren Israelek aurtengo otsailaren 28an Iranen aurka sututako gerrak erakarri duen segizioa –aurreikusgarria, hein handi batean–, bereziki larria da Asiako hego-ekialdean... (+)
Uholdeen kontroleko proiektu fantasmak eta Filipinetako elitea
2025-12-02 | Mikel Aramendi
Aspaldian antzekorik ez zuten ur-estutasunak jasaten ari dira Asia hegoaldeko hainbat herrialdetan: batzuetan egundoko sikateak direnean, berealdiko euriteak nozitu behar izan dituzte besteetan, ezohiko heriotza-kopuruak... (+)
Myanmar: lurrikarak ekar ote dezake gerraren amaiera?
2025-04-01 | Mikel Aramendi
Triskantzaren balantze humano eta ekonomiko ilunaren esperoan, galdera berehala bururatzen zaigu urrutiko begirale baino asko gehiago ezin izan garenoi: zer gertatuko da orain gerra zibil... (+)
Gorabehera ekonomikoak otorduraino heltzen direnean: arrozaren krisia
2025-02-18 | Mikel Aramendi
Estatu Batuen muga-zergak nahiko buruhauste ez balira, pasa den asteko albiste xalo samar batek dardara-uhinak helarazi ditu mundu-parte handi bateko otordu-mahaietaraino: Japoniako gobernuak bere arroz-gordekin... (+)
Su hartuko ote du Txinak eraiki nahi duen munduko presarik handienak?
2025-02-04 | Mikel Aramendi
Iazko azken hatsean Txinako gobernuak Yarlung Zangbo ibaiaren behe-arroan proiektu hidroelektriko handia abian jarriko duela iragarri izanak, urak harrotu ez, sutan jarri dituela dirudi gure... (+)
gora