San Jurgi, artoak ereiteko goizegi.

Magnolian kakalardoa polen-mamitan

Magnoliak eleganteak dira. Dotoreak. Anddereak. Pontxoak. Apainak. Pimentak. Gurbilak. Ponposak, ponpoxearrenak. Ortiroak. Ia-ia fazazkoak, kriket eta kraket. Ez naiz harritzen, beren loraldien azpian lurrarekin urtzerainoko handitasunaren menpeko sentitzen naiz urtero.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko martxoaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Magnolia (Magnolia spp.) baten loraldia ezagutzen duzunean ez duzu berehalakoan ahaztuko. Begiak irentsiko dizkizu, bista jango eta ikuspegirik gabetzeraino hustuko zaitu. Ezagutzen duzun edertasun goiena areagotu baldin badaiteke, magnoliak eramango zaitu, beste munduratuko zaitu eta seko sorgorra ez bazara jo eta lo utzi. Edertasun gutxi dago, eta landareen erreinuaz ari gara gero, edertasun gutxi dago magnoliarenaren tamainakoa, zeure buruaz zeu egiteko gai dena.

Magnoliak ugariak dira, erruz ugaritu ditugu. Milaka urtetako lorezainen barrenikarak eta bihotzetako erupzioak ez dira alferrikakoak izan, eta belaunaldiz belaunaldi hibridazioak eginez garraldi bikainak baliatu izan dituzte magnolia bat eta bestearen nahastekakoen emaitza gero eta ikusgarriagoak sortzeko. Eta, gero eta barietate edo kultibar gehiago dugunez, nahasketak egiteko aukera gehiago: eta orduan eta loraldi oparoagoko, eite bereziagoko, lore kolore deigarriagoko, lore tzarragoko eta fruta-usaintsuagoko, loraldi iraun luzeagoko magnolia berriak. Magnoliaren Nazioarteko Elkarteak argitaratua duen magnolia kultibarren zerrendan milatik gora azaltzen dira. Eromena. Denak etxerako modukoak. Nork egingo du magnolien lorategia? Landatu eta urte batzuk behar dituzte oparo loratzeko, baina gero urteetarako lore emana dute. Mila horiek landatzeko lursail handia behar, baina gero ekarria ere halakoa, bisitena soilik gizena litzateke.

Loredun landareetan lehenengoetakoak dira magnoliak. 100 milioi urtetik gora bizi dira dagoeneko. Dinosauroak aurrean hartuta eraman zituen lurreko desmasiari aurre egin zioten, hostoei astindutxo bat eman eta adar muturrez aurrera. Erleak baino askoz lehenago sortu ziren eta polinizaziorako bektore edo bitarteko lagunak kakalardoak dituzte, haiek bezain zaharrak. Erleak ez bezala, kakalardoak ez ditu nektar lurrintsu gozoak erakartzen, bai ordea polenak. Loreko alor emea diren karpeloak polengile arren tankerakoak dituzte, polen ugariago bailegoke. Polena jaki nagusietakoa dute. Horrek baldintzatu du magnolia-loreen ezaugarri nagusia: handiro berebiziko polen pila sortzen dute, mukuru-gaindika, eta, noski, kakalardoak polen-mamitan. Gauez loreak itxi egiten dituzte: kakalardoak, polenetan ero, bertan harrapatuta geratzen dira. Goizez irekitzen diren arte, ederki poleneztatuta, hurrengo lorea bisitatzean erraz ernaltzeko. Kakalardo gajoak behatza eman eta magnoliak bihotza hartu.

Magnolia izena Peire Manhol botaniko okzitaniarraren omenezkoa du, frantsesez Pierre Magnol esaten baitzioten. Manhol jaunak 2.000tik gora espezie berri deskribatu zituen, asko Pirinioetan, eta lehenengoz Prodromus obran landareen familiakako sailkapenerako sistema bat proposatu zuen; egun sona eta loria guztiak harenganatu dizkiogun Linneok egindakoa baino lehenago. Zenbaiten arabera, Linneok berak jarri zizkien lehen-lehenengo familiari Magnoliaceae eta generoari Magnolia izenak bera baino lehenagoko sailkatzaileari. Egun ohikoak diren erleentzako loreen aurrekoak bere loriaren aurrekoa merezi zuenari.

Atera kalera, parkera, eta adi magnoliei. Eta amainatu eta limurtzen dituzten kakalardoei.

Inude landareak eta animaliok
2026-08-31 | Jakoba Errekondo
Elkarlana, elkarjana eta era guztietako trukeak dituzte gure paisaiako landareek eta animaliek. Elkarlanari “auzolana” ere esaten zaio, eta naturan ederki asko azaltzen da gure artekoak... (+)
AA ez, AB bai, Adimen Biologikoa
2026-07-27 | Jakoba Errekondo
Txakurrak? Noski! Behorrak? Bai! Zezenak? Nola ez ba! Arbolak eta barazkiak? Nola ba, txoratu egin al zara, ala! Gogoan al duzu 2020. urte txar hartan,... (+)
Arbolaren agoniaren distira
2026-07-20 | Jakoba Errekondo
Zisneak hiltzerakoan bere kantua erredoblatzen du”, itzuli zuen Aita Villasantek Axularren 1643ko Gero liburuaren 1964ko bertsioan. Ez dakit nola adieraziko zuketen ez batak ez besteak,... (+)
Beroari beroarena ezin kendu
2026-07-13 | Jakoba Errekondo
Zuhaitzak ere erretzen ari dira aurten. Bero latzak egin ditu ekainean, izugarriak. Eta hilaren amaierarako azaldu dira erremediorik gabeko hondamendiak: belazeak hori eta landare asko... (+)
Uztailean hurrengo uzta
2026-07-05 | Jakoba Errekondo
Uzta nagusia biltzen zen uztailean, hilabete horri izen hori jarri ziotenean. Lurra lantzearen kultura ikasi genuenean nagusiki lantzen ziren mozkinak urte sasoi horretan jasotzen ziren,... (+)
gora