Astelehenero 8:00etan zure epostan
Ingurumenaren defendatzaileak, fauna basatia erreskatatzen dutenak eta nekazariak beren bizitzekin ordaintzen ari dira, Israelek Libanoko hegoaldeari eraso egiten dion bitartean.
Salatu dute ekologistak helburu militar bilakatu direla Israelentzat, eta mehatxatuak eta bahituak iaten ari direla.
"E! Arrautzak aurkitu ditugu!", oihukatu dute Beirutetik iparraldera dagoen Jbeil hondartza publikoan. Ekaineko azken goizetako bat da. Uretako motor abandonatu eta plastikozko etzaulkien artean, boluntario talde txiki bat belaunikatuta dago hondarretan. Bilaketa hasi eta ordubete baino gutxiagora, itsas dortokaren arrautza errunaldi bat aurkitu dute. Aurkikuntza aparta izan da. Gauean, dortoka inozo eme bat hondarretan lehorreratu da, eta egunsentian, hondar zati hori bera bainulariz, surflariz eta turistaz beteta dago.
Habiaratzea
"Goiz hartan iritsi nintzenean, zulo handi bat ikusi nuen hondarrean, eta, hasieran, norbait erori zela pentsatu nuen", gogoratu du Michel Koury sorosleak, habia begiztatu zuenak. "Ondoren, segurtasun kameraren irudiak berrikusi eta dortoka ikusi nuen".
18 urteko soroslea berehala jarri zen harremanetan Rami Khashab Libanoko kontserbazionista ezagutzen zuten surflari batzuekin, herrialdeko fauna basatiaren erreskatatzaile ezagunenetako bat. Rami haiekin elkartu zen bilaketa antolatzeko. Habia kontuz aurkitu eta arrautzak kontatu ondoren, taldeak ingurua hesitu zuen, ia aparkatutako uretako motor batzuen azpian zegoena. Boluntarioek egunero zaintzen dute habia kumeak jaio arte.
"Duela hamar urte ez zen horrelako kontzientziazio mailarik ikusiko", adierazi du Khashabitek. "Garai hartan, habi asko oharkabean pasatuko ziren".
Errepresaliak
Normalean, Libano hegoaldeko Mansouri hondartzan pasako luke habi denboraldia dortokak, desagertzeko zorian dauden itsas dortokentzat herrialdeko habi-gune garrantzitsuenetakoa baita. Ordea, aurten, Hezbollharen eta Israelen arteko gerrak zaildu egin du dortokoen jarduna, bereziki Israelgo Defentsa Indarren (Tsahal) erasoek.
Ekainaren 4an, Mona Khalil kontserbazionista bere etxean zegoen, Mansouri hondartzako "Etxe Laranjan", Israelen eraso batek eraikina jo zuenean. Larri zauritu zen, baita Hawi bere etxeko langilea ere, eta ospitalera eraman zuten; bertan hil zen Khalil ekainaren 19an.
Libanoko itsas dortokak babesten eman zuen bizitza Khalilek hainbat hamarkadatan. Sarritan berak aurkitzen zituen habiak, boluntarioak prestatzen zituen, kumeak gainbegiratzen zituen eta Libanoko biodibertsitatearen zati hori aztertzeko prest zeuden pertsonak biltzen zituen. 2024an ihes egin behar izan zuen, gerrarengatik. Azaroaren 27an su etena adostu zuten Israelek eta Hezbollahk, nahiz eta gerora Israelgo Defentsa Indarrek hainbatetan hautsi duten.
Martxoaren 2an, AEBek eta Israelek Ali Jameneiren erail ostean Iraken, Hezbolak suziriak jaurti zituen Israel iparralderantz. Ordutik Israelen errepresalia odoltsuak 4.000 pertsona baino gehiagoren heriotza eta milioi pertsonaren desplazamendua eragin du.
Mehatxatua
Su eten berria apirilaren 17an indarrean sartu bazen ere, Israelen erasoek egunero jarraitu dute, eta Libanoren zati bat okupazioaren menpe dago oraindik. Ekainean memoranduma sinatu zuten Israelek eta Libanok, Hezbollahren parte hartzerik gabe, eta Libanoko armada okupatuta dauden eremu batzuetan zabaltzen hasi da. Dagoeneko istilu batzuk izan dira.
"Jendeak itzultzen jarraitzen zuen animaliak elikatzeko, fauna basatia babesteko eta arriskua gorabehera bere erlauntzak zaintzeko, bere lurraren arduradun sentitzen baitziren"
Martxoan erasoak beste koska bat igo ziren, baina Khalil kontserbazionistak uko egin zion hondartzatik alde egiteari, behin eta berriz mehatxu eta bonbardaketak jasan arren. Bere heriotzak Libanoko komunitate ekologista hunkitu zuen.
Habi berriak aurkitzea kontserbazio lan hutsa baino zerbait gehiago bihurtu da. "Terapia da", esan du Khashabitek. "Herrialdean bizi den kaos guztia orekatzen du".
Aktibistek, ordea, behin eta berriz diote Khalilen heriotza ez zela tragedia isolatua izan. 2023ko urritik Libanoko lurraren zaintzaile asko hil, bahitu edo mehatxatu dituzte.
Suntsipena
The Green Southerners talde ekologistako presidente Hisham Younesek The Ecologisti adierazi dionez: "Jendeak itzultzen jarraitzen zuen animaliak elikatzeko, fauna basatia babesteko eta arriskua gorabehera bere erlauntzak zaintzeko, bere lurraren arduradun sentitzen baitziren". Younesek gertuko bi laguntzaile galdu ditu gatazka hasi zenetik. "Behin eta berriz, lan horiek egiten ari zirela hil zituzten".
Horien artean zegoen Osama Farhat, 2025eko maiatzaren 1ean Israelek aire-eraso batean hil aurretik hegoaldeko mugan zehar ingurumenaren suntsiketa eta fosforo zuriarekin egindako israeldarren erasoak dokumentatu zituena. 2026ko maiatzaren 31n The Green Southerners taldeko kide Mohammad Sunek hil zen, Israelen eraso batek etxea suntsitu zionean.
Beiruteko Unibertsitate Amerikarreko ekologia politikoko irakasle Roland Riachik uste du ingurumen kalteak dokumentatzen dituztenek arrisku partikularrei egin behar dietela aurre. "Gertatzen ari dena artxibatzen eta dokumentatzen saiatzen den edonor helburu bihurtzen da: kazetariak, akademikoak, medikuak. Gerra honek eragindako suntsipena erregistratzen ari dira".
Babestu
Basakeria horren beste adibide bat Amal Khalil kazetariaren hilketa da, pasa den apirilaren 22an, Israelek egindako eraso baten ondorioz eraila. Kazetaria, Libano hegoaldekoa Al-Tiri inguruan ari zen gertaeren berri ematen Zainab Faraj lankidearekin batera, haien aurrean zihoan autoa Israelen eraso batek jo zuenean. Geroago, bi kazetarien autoa ere harrapatu zuen erasoaldiak. Bi kazetariek gertuko etxe batean bilatu zuten babesa, eta ondoren bonbardatu egin zuten etxea.
Hasiera batean erreskate taldeek ezin izan zuten bertara iritsi. Faraj ebakuatzea lortu zuten, baina Israelen mehatxuengatik atzera egin behar izan zuten Khalil salbatu ahal izan baino lehen. Egun horretan bertan berreskuratu zuten Khalilen gorpua. Bere ahizpa Zainab Khalilen arabera, Khalilek gainerako animaliak "bere buruaren aurretik" jartzen zituen beti. "Hil zuten egun berean, Amal gelditu egin zen errepidean aurkitutako dortoka bat erreskatatzeko. Beti zegoen prest besteak babesteko, bere burua baino gehiago", gogoratu dio hedabideari ahizpak familiaren etxetik, maiatzaren 5ean.
Atxilotuak
Israelgo armada beldurra zabaltzen eta eragiten saiatzen da Libanon geratzea erabakitzen duten bertako herritarren artean, batez ere lurra zaintzen dutenen artean. Maiatzean, Israelgo indarrek Libano hegoaldeko Rachaya el-Foukhar inguruan olibadiak zaintzen ari ziren nekazari batzuk bahitu zituen, jatorriz Halta herrikoak (mugako gehiengo sunia duen herrixka) .
"Dagoeneko ez dira mugatzen elikadura sistemei eraso egitera", salatu du Agrimovement erakundeko Bachar Abu Saifanek. Libanoko erakundeak nekazariak laguntzen ditu. "Lurreko jendea erasotzen ari dira. Hamarkadak daramatzate horrela, bai Libanon, bai lurralde palestinar okupatuetan eta baita Sirian ere". Legal Agenda gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gutxienez 30 libanoar daude bahituta Israelen.
Fosforoa
Hamaika pertsona bahitu zituzten lehen su etenean, 2024ko azaroa eta 2026ko martxoa bitartean, tartean artzain bat eta bi arrantzale. Martxoaren 2az geroztik, beste zortzi pertsona bahitu dituzte, tartean Haltako hiru nekazariak eta Hezbolako miliziako hiru borrokalari.
"Lurreko jendea erasotzen ari dira. Hamarkadak daramatzate horrela, bai Libanon, bai lurralde palestinar okupatuetan eta baita Sirian ere"
Libanoko ingurumen erakunde askoren iritziz, hilketak, bahiketak eta lurren eta bizitzen etengabeko suntsiketa lurra erretzeko kanpaina zabal baten parte dira, eta ekozidioa dela salatu dute. Hain justu, Human Rights Watch eta Amnistia Internazionalak jaso dute fosforo zuria behin eta berriz erabiltzen dela nekazaritza eta herri eremuetan. Are, Libanoko erakundeek salatu dute mugatik gertu herbizidak [belarrak hil eta haien hazkundea oztopatzeko produktu kimikoa], glifosatoa barne, erabiltzen direla.
2023ko urriaz geroztik, 50. 000 hektarea baino gehiago kaltetu ditu gerrak, bereziki Libano hegoaldean eta Bekaa bailaran.
Itsasoa
Erakunde ekologistek azpimarratu izan dute, nazioarteko zuzenbidearen arabera, basoak, laborantzako lurrak, biodibertsitatea eta baliabide hidrikoak modu metatuan suntsitzea ingurumenaren aurkako delitua izan beharko litzatekeela.
Libanoko hegoaldean, Mansouritik 57 kilometro iparraldera, Rmeileh hondartzan, Fadia Jomaak banbuzko makil mehe batzuk sartu ditu poliki hondarretan. Gerragatik lekualdatu behar izan du, eta beste kostalde batean jarraitzen du itsas dortoken kontserbazio lanarekin.
Iaztik hona zortzi habia identifikatu dituzte dagoeneko. Banbuzko makiltxoek hondar azpian ezkutatutako habiak antzematen laguntzen dute. Lurra bat-batean bigunago bihurtzen bada, taldeak badaki dortoka batek arrautzak jarri dituela han. Eta bainulariek edo higadurak habiak mehatxatzen dituenean, boluntarioek kontu handiz eramaten dituzte leku seguru batera.
Jomaak lan honi buruz dakien guztia Mona Khalilengandik ikasi zuen. "Duela urte batzuk, esan zigun: "Gehiegi nekatzen ari naiz. Itsasoa zuen aurrean dago orain. Joan hondartzara, erakutsi zer egiteko gai zareten eta jarraitu lan honekin"", gogoratu du.
Bizitza
Gaur egun, hitz horiek arduraren zentzu bilakatu dira. Jomaak mehatxuak jaso ditu egindako lanagatik, RSF Mugarik Gabeko Berriemaileak elkarteari jakinarazi dionez. Jomaaren ustez, Khalilen hilketa Libanoko ingurumenaren aurkako kanpaina zabalago baten parte da. "Israelek zehatz-mehatz zekien norengana zihoan. Ingurumenaren babesaren ikur bat hil zuten. Monak sistematikoki salatzen zuen Israelgo gerra bakoitzak ingurumenean eragindako kaltea", adierazi du.
Israelen etengabeko erasoen eta okupazio militarraren ondorioz, Libanoko hegoaldearen zati handi bat oraindik eskuraezina den arren, kontserbazionistek biodibertsitatea dokumentatzen jarraitzen dute, basoko fauna zein gerrak suntsitutako ekosistemetatik geratzen dena babestuta. Haientzat, dortoken arrautzen errunaldi bat salbatzea dortoka soilak baino askoz ere garrantzitsuagoa bihurtu da: Suntsipena izan arren, bizitzak aurrera jarraitzea bermatzen baita hala.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545