Astelehenero 8:00etan zure epostan
"Izurdea” edo “balea” esaten dugunean, seguruenik denoi hiruzpalau animalia etorriko zaizkigu burura, beren izena jakin gabe ere: izurde handia, xibarta edo zere arrunta. Komunikabideetan asko agertu diren espezieak dira horiek. Alabaina, “izurde” eta “balea” izenek talde eta espezie asko barne hartzen dituzte, eta Kantauri itsasoko uretan horietako hainbat bizi dira, ezagutzen ez baditugu ere. Izurde muturmotza esaten badugu, seguruenik betiko izurde bat imajinatuko dugu, baina ez da inola ere animalia bera. Goazen, bada, itsas ugaztun iheskor hau ezagutzera.
TALDEA: Ornoduna / Ugaztuna / Cetacea / Delphinidae.
NEURRIA: 3,2-4,3 m. Arrak handiagoak izan ohi dira, eta 680 kg pisatzera iritsi daitezke.
NON BIZI DA? Planeta osoko itsaso tropikal, epel eta subpolarretan, beti ur ozeaniko eta kontinental sakonetan.
ZER JATEN DU? Ia soilik zefalopodoak, bereziki txipiroi mesopelagikoak.
ANIMALIA SOZIALA DA: Normalean 10 ale inguruko taldeak eratzen dituzte baina ehunka eta milaka banako ere elkartu daitezke.
BABES MAILA: Nazioarteko hainbat hitzarmenek babesten dute.
Hasteko, ez da arraroa espezie hau nahiko ezezaguna izatea; batez beste 1.000 metroko sakoneran bizi dira espezie honetako animaliak, ur sakon eta ilunetan igerian, eta noizbehinka igotzen dira ur azalera arnasa hartzera. Hala ere, itsasontzian bagoaz eta gertu azaltzen bazaizkigu, erraz ikusiko ditugu, helduek 3-4 metro bitarteko luzera izaten baitute eta 600 bat kilogramoko pisua. Ur sakonetan eta kostaldetik urrun bizi dira normalean, kontinente-plataformako ertzean eta itsaspeko arroiletan. Euskal kostaldean, ordea, eremu horiek kostaldetik gertu ditugunez, beste leku batzuetan baino errazago topatu ditzakegu.
Hiru ezaugarrirengatik da bereziki bitxia izurde muturmotza: 3-7 hortz ditu, eta beheko barailan soilik; ebaki edo orbanez beteta du gorputza; eta globo baten moduko kopeta du.
Bere hortzeriak eta habitatak elikaduraren inguruan pistak ematen dizkigute. Izurde muturmotzek ez dute janaria gehiegi murtxikatzen, ez dutelako behar. Ia erabat zefalopodoz elikatzen dira, itsas hondoan bizi diren gorputz bigun eta hezurrik gabeko txibiez eta halakoez. Animalia horiek igortzen dituzten ultrasoinuak detektatuta jakin ahal izan da gauez ehizatzen dutela; seguruenik beren harrapakinak ere aktiboagoak izango direlako ordu horietan eta igortzen dituzten ultrasoinuen oihartzunak jasotzen dituztenez, mugitzen dena errazago hautematen dute. Gainera, itsas sakonean ez dago argirik bestela ere, beraz, iluntasunak ez die axola.
Ultrasoinuen gaiak aipatutako beste ezaugarri batekin egiten du lotura: baloi itxurako kopetarekin, hain zuzen. Izurde muturmotzak, gutxi dituen arren, baditu hortzak eta, beraz, zetazeo horzdunen taldean sartzen da, odontozetoen taldean. Aurreko artikuluren batean aipatu nuen bezala, talde horretako kideek gaitasun eder bezain erabilgarria dute: ultrasoinuak sortzen dituzte, ondoren jasotako oihartzunekin mapa mental bat sortzeko. Gaitasun hori gauzatzeko, meloi izeneko egitura dute kopetan, igortzen dituzten soinuak anplifikatzen dituena, eta espezie honetan bereziki garatuta dago.
Orbanen gaia argitzea soilik geratzen zaigu, beraz. Adinarekin nabarmenagoak izan daitezkeen arren, izurde muturmotz jaioberriek ere badituzte orbanak. Adinarekin asko aldatzen zaie gorputzeko azalaren kolorea; gris ilunak jaiotzen dira, eta gero marroiak, gris argiak eta ia zuriak ere izan daitezke. Hala eta guztiz ere, arrek orban gehiago eta nabariagoak izaten dituztenez, pentsatzekoa da arren artean haginka egiteagatik sortu litezkeela. Animalia kurioso bezain ezezaguna dugu izurde muturmotza.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545