Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko abenduaren 23a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Gregor Mendelek (1822-1884) “legeak” esaten zaien genetika modernoaren hiru oinarriak frogatzeko saioak ilarrekin egin zituen. Harrezkero, polinizazioaren garrantziaz, hibridazioaz, hazien nahasketa genetikoen muntaz eta truke sexualak dakarren ondorengotzaren eraketaz are gehiago jantzi gara. Animaliok landareak bezalaxe dantzatzen gara genetikan.

Ilarrekin egiten du lan, baita ere, Monica Gagliano biologo eta ikerlari italiarrak. Gagliano itsas ekologiaren arloan aritu zen lehen, eta Australiako Hesi Handiko arrain batzuen ikerketan trebatu zen. Ikerketaren amaieran arrainak hil eta disekzionatu behar zituen. Arrainek ohituta, bere esku artean igeri egiten zuten egunero, baina, azken agurrerako joan zenean, uko egin zioten zirrikituetatik atera eta bera agurtzeari, esku artean zer asmo zuen jakingo balute bezala. Horrek krisi etiko eta profesionala sortu zion Gaglianori. Azterketa amaitu bai, baina zientziaren izenean sekula gehiago ez zuela hilko zin egin zuen. Animalien zientzia utzi eta landareenean murgildu zen. Arrainek sentimendua bazutenaren zantzuak beste bizi-forma batzuetako sentikortasuna aztertzera bultzatu zuen.

Egun, landareen adimen, oroimen, komunikazio eta eman-hartuaren inguruan lan egiten du, Lismoreko Southern Cross Unibertsitatean, Adimen Biologikoko Laborategiko zuzendari. 2012an arto landareek (Zea mays) igortzen zituzten hotsak erakutsi zituen. 2014an argitaratu zuen bere lanik ikonikoena: minberak (Mimosa pudica) ikasteko, oroitzeko eta, ondorioz, egoeretara egokitzeko duen gaitasuna azaldu zuen. Egun, ezagunen egin duen bidea lantzen du: landareek entzun egiten dute. 2017an, ilarrek uraren mugimenduak sortzen duen antzeko hots bat entzuten dutela eta sustraiak harantz luzatzen dituztela frogatu zuen.

Edozein bizidunek, garuna izan edo ez, ikasteko, adimena garatzeko, oroimena eraikitzeko eta abarretarako gaitasuna duela dio. Eta sutsuki defendatzen du zientzia ahalguztidunaren izenean egiten diren ikerketetan bizidun guztiek pertsona bati emango litzaiokeen tratu bera merezi dutela. Zientzia totemiko zurrunetik bezala, xamanekin eta landareekin eman-hartu berezia duen jende askorekin ikasi du. Ondorioz, elkarbide sakona landu du landareekin, eta laborategiko esperimentuetarako diseinuak iradokitzea eta ikerketa-arazoak ebazteko berarekin lankidetzan aritzea eskertzen die.

Liburu mordoxka argitaratua, ikastaro eta hitzaldi ugari egina eta elkarrizketa interesgarri franko emana da dagoenerako. Webgune polita du, monicagagliano.com; azalean hau dio: “Alderrai dabilen guztia ez dago galduta”. Eta, amaieran, musikarekiko eta pinturarekiko bere gogoak azaltzeko Thomas Mooreren esaldi bat dakar: “Arimak sorginkeriara ohiko txangoak egiteko behar absolutua eta ahaztezina du”. Goaztean ba!

Loratu ala hil. Loratu eta hil
2025-03-10 | Jakoba Errekondo
Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak... (+)
Zakilixuten potroximela
2025-03-03 | Jakoba Errekondo
Nori ez zaio gustatzen ahuakatea? Ia denok atsegin dugu fruitu berri hori, di-da amaren batean etxekotu zitzaigun. Zenbat urte da ba dendaero ikusten hasi garela?... (+)
Abarkak astintzen zituen
2025-02-24 | Jakoba Errekondo
Ibon galdezka etorri zait Bizibaratzea.eus webguneko kontsultategira. Uda aurre horretan artoa (Zea mays) eta baba gorria (Phaseolus vulgaris) erein nahi ditu. “Arto” hitza grekotik dator... (+)
Intsektuen negupasa
2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera... (+)
Migranondoa, beste bat etxerako
2025-02-10 | Jakoba Errekondo
Mingrana urrutitik ekarritako fruitua da. Punisagarra da mingrana edo alesagarra edo alegorria edo milagrana edo xokorra edo granada: Punica granatum. Punica izena latinetik dator, eta... (+)
gora