Astelehenero 8:00etan zure epostan
Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren natura eta eguzki-izpiak ere. Birziklatutako ontzi soil batzuez egindako kamerekin, hori guztia jaso dezakegu urazaletik, eta hausnarketarako bide ematen duten argazkietan islatu.
Zer erantzungo liguke ibaiak gure joan etorriez eta garapenaz galdetuko bagenio? Zer gertatuko litzateke geure burua ibaien begietatik ikusiko bagenu? Galdera horien erantzunera hurbiltzeko asmoz hasi nintzen, duela urte batzuk, birziklatutako ontziekin egindako argazki kamerak ibaiaren ur azalean kokatzen, ibaiaren ikuspuntua horixe izan zitekeelakoan. Ibaia argazkilari lanetan, zibilizazioa zelatatzen.
Ibaia ez da toki bat proiektua –Iñaki Segurolaren esaldia– 2016an abiatu nuen, Cristina-enea Fundazioak Urumea ibaiaren inguruko praktika artistikoak garatzeko deialdia zabaldu zuenean. Etxe ondoan nuen Urumea, mundu zabaleko beste ibaietako urekin lotu dut orduz gero: lehenik Odra (Wroclaw, Polonia) eta Almendares (La Habana, Kuba) ibaiekin; eta uda honetan, Casamance (Ziguinchor, Senegal) eta Rio de la Plata (Buenos Aires, Argentina) izenekoekin.
Batean zein bestean ateratako argazkiak bata bestearen ondoan jarriz gero, zaila da bereizten zein den kasu gehienetan ibaiari izena jarri dion herrialdearen kokalekua. Hasiera batean indibidualki irudi bidez landu diren ibai horiek, orain elkarren ondoan jarrita, ibai bakarra osatzeko joera dute. Horrek pentsaraztera garamatza urrun geratzen zaizkiola ibaiari gizakion gorabeherak, nahiz eta sufritzen dituen.
Ibai horiek elkarri lotuta, lehen aldiz erakutsiko da proiektua abuztu honetan Buenos Aireseko Bienalsur arte garaikideko bienalean, erakusketa formatuan. Hiriari nolabait ibaien begirada itzuli, beste leku askotan bezala, uholdeak medio ibaiak hiriaren azpian lurperatu baitziren. Hiritarrak eta ezkutuan dauden paisai horiek harremanetan jartzeko testuinguru aproposa sortu dezake iruditegi honek: ekarpenak jaso, ibaietara gerturatzeko gonbidapena luzatu, eta ibaien eta herritarren arteko elkarrizketa sustatzea, besteak beste.
Hernaniko Udalak urtero abiatzen duen Sormen Beka baliatuta, Ibaia ez da toki bat: Urumea dokumentala plazaratu genuen 2020an Bira Produkzioakekin elkarlanean, Beñat Iturrioz zuzendari zela.
Dokumentalean, Urumea ibaiaren inguruan egindako lan-prozesua ezagutu daiteke bertatik bertara: nola kokatzen diren ontziekin eraikitako kamerak ibaian, nola errebelatzen diren, ontziekin Urumea ibaia erretratatzeko egin zen lantegia, ibaiari lotutako herritarren lekukotasunak, baita ibai ondoan bizi izan den gure amona Juanita Ugalderen testigantza ere.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545