Onddo urtea, elur urtea

Gu ere lugorri

Sendabelarrak non bildu galdetuz idazten didate eta bide bazterrei erreparatzeko esan ohi diet. Erromantizismoak kalte egin digu bizitzako esparru askotan eta hemen ere bai, sendabelarrak ez baitaude mendi tontorretik gertu dauden bide zidorretan (bakarrik), ezta kostatik bertan dagoen leku birjin horretan ere.

Garbiñe Larrea Iturralde
Garbiñe Larrea Iturralde

Sendabelarrek dakitena liburuaren egilea


2025eko apirilaren 14a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Seguruago aurkituko dituzu zure herriko azken kaleak eta industria poligonoak bat egiten duten paraje abandonatu horretan. AHT egiteko desjabetutako lur abandonatu horretan edo telefoniako antena ipintzeko gorritu zuten bidearen bueltan. Edozein herritaz ari naiz, zureaz ere bai.

Aste honetan betelana egiten ari diren lugorri batean izan naiz. Eremu mortua dirudien leku bat, gizakiak abandonatuta utzi duen alferrikako lur sail bat, “belar txarrez” beteriko toki bat. Gilles Clémentek hirugarren paisaia deitzen dion leku horietako batetaz ari naiz. Pasmo-belarra (Lysimachia arvensis), berbena (Verbena officinalis), malba (Malva sylvestris), asuna (Urtica dioica), mihilua (Foeniculum vulgare), azeri buztana (Equisetum arvense), oreganoa (Origanum vulgare), Santio-belarra (Hypericum perforatum), plantainak (Plantago lanceolata eta major) eta intsusa (Sambucus nigra) zeuden bertan. Udaberri hasierako lehen bilketa eta lehen ukenduak egiteko adina lehengai. Itzultzeko moduko leku bat.

Botaniko eta paisaialari frantsesak 2024an argitaratu zuen Hirugarren Paisaiaren Manifestua. Gizakiak atenditu gabeko espazio naturalen eboluzioaz aritu zen bertan, ez erreserba edo parke naturalez, baizik gure bizitzetan periferiko diren lur eremu ikusezin eta ulertu gabeko horietaz. Oroz gain behin behineko egoera arraroan bizitzen gelditu den landare jendeaz ari da, tartean asko sendabelarrak.

Irabaziari bakarrik begiratzen dion gizarte diruzaleak sortua, higiezinen espekulazioak eta garapen basatiak eragindakoa da lugorria. Pertsonen eta haien bizi bideak suntsitzen dituen heinean, bertan landaredia anarkikoa sortzen zaigu. Existentzia laburrekoa da askotan baina ekosistema oso bat da, Carterpillar hondeamakina hori batek utzitako arrastoetan jaiotako landareak hurrengo Komatsu hondeamakina horiak eramango baititu.

Hiriko trafiko, zarata, kutsadura eta abiadura zoroaren artean hantxe daude lugorriak, udaberrian berdetu eta loratuko direnak. Lore hauetara tximeletak, erleak eta bestelako intsektu asko inguratzen dira, baita txoriak ere. Bizitzaz gainezka dago.

Ekosistema hau gizakiak sortu du baina oharkabean bezala. Inolako estimaziorik ez dio, hori argi dago. Naturgune babestuetako pagadiek ez duten basatitasuna dauka. Aukerarik ia batere gabe, lekurik esker txarrenekoenean biziak lehertzea erabaki izan balu bezala. Baldintzarik zeken eta eskasenetan loratzeko gaitasuna nork duen erakutsiz. Jakinik epe oso motzean lugorri horretan hormigoizko bloke bat egin dezaketela, fatxada aireztatua duten horietakoa, edo coworkingeko leku ezin zuriago eta argiztatuago bat edo aparkaleku bat.

Bukatzeko, gugan ere lugorri asko dago. Jar gaitezen barrura begira arren. Bizitza laburreko landaredia hori bezala indarrean jaio zena eta bere existentzia laburraren memoria barruan utzi diguna, aparkalekuaren azpian.

Urak beherantz
Jubilatutakoan bizitzera Oriora joan zen andoaindar bati entzun nion behin: “Pertsonak, ondo izatera, bere bizian Oria ibaiak bezala egin behar du, hau da, beherantz”. Itsasondon... (+)
3x02: Landareen oihuak eta azeri buztana
Landareen inteligentzia, gaitasunak eta sentiberatasuna hizpide izan ohi ditugu podcast honetan, eta azken urteetan botanikan egiten ari diren ikerketak ekartzen ditugu horretaz aritzeko, landareekiko daukagun... (+)
3x01: Mina tratatzeko landarerik zaharrena
Deigarria egin zaigun aurkikuntza arkeologiko batekin hasi dugu saioa. Mina tratatzeko landarerik antzinakoena aurkitu dute Tafugalten, Marokon, egindako indusketetan. Ephedra (Ephedra sinica) da sendabelarra eta... (+)
Loreen agurra
Udazken sasoia iritsi zaigu eta ohikoak diren irudiak etorri zaizkigu; hostaje gorrixkak, erortzen ari diren hosto bakan malenkoniatsuak, haizeak astindutako orbela. (+)
Sendabelarrak oliotan
Sendabelarra oliotan beratzeaz ariko gara baina ukendurik egin gabe. Bai, arraroa dirudi baina sendabelar freskoak oliotan beratu, iragazi eta erle argizaria ipinita ukendua egiten ikasi... (+)
gora