Hogei astez kuku, sanpedrotan mutu

Elkarren beharra bizitzeko

Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren (Viscum album) tankerakoa da landarea, oso tankerakoa.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2025eko urtarrilaren 06a
Mihura makaletan.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Biak bizkarroiak edo parasitoak dira, baina tamainan: berde kolorea dute eta horrek adierazten du fotosintesia behinik egiten dutela; landare ostatatzaileari izerdia lapurtzen diote, baina izerdi hori fotosintesiz eraldatu eta izerdi landu elikagarria beraiek bihurtzen dute; horrexegatik “hemiparasito” esaten zaie, erdi-bizkarroi alegia. Biek ostatatzaile baten adarretan bizi beste aukerarik ez dute. Biek koxkor jangarriak dituzte, ez azkurritsuak, baina pozoitsuak behintzat ez. Biak genealogikoki Lorantaceae familiakotzat genituen lehen; kintralak hor jarraitzen du baina orain mihura Santalaceae familiakotzat dugu.

Genetikak nahi duena esango du, baina niretzako herengusuak dira. Bere kastari etorkizuna emateko trikimailu ber-berak darabiltzate. Ale koxkor horiek hegaztiei eskaintzen dizkiete; mami bigun jangarri batean bildutako hazi gogor bat. Ez da mami bereziki gozoa, ez da gerezi (Prunus avium) edo gurbe (Sorbus domestica); ez du energiarik edo azukrerik xahutzen hegaztiak erakartzeko. Nahikoa du hegaztiek beste jaki aukera urria dutenean fruituak ontzea: neguan. Gosearen taktika: kaskarxeagoa ere ona. Neguak, baita ere, bistaratu egiten du; landarez jositako paisaian neguak soiltze ia orokorra dakar geurean eta mihura hor azaltzen da harro punttuarekin, berde distiratsu trinko, urrutitik ikusteko moduan.

Bi landareek alearen mamia likaz janzten dute, hegaztia elikatzera datorrenean alearen bihotzeko hazia mokoan itsatsi dakion eta hura kentzeko ahaleginean adarraren kontra mokoa igurtziz hazia adarrean erantsita gera dadin, gero bertan sustraiak sartu eta itsasteko.

Hegaztiek mihura behar dute, neguko bazka erreserba. Eta mihurak hegaztia behar du, bere hazi banatzaile. Honelako kate txiki osagarriz elikatzen da ekosistema bioanitz aberatsa; bukatzen ez den espiral baten antzera. Bizkarroia dela iruditzen zaigun landareak ere berea ematen dio ekosistemari, beharrezkoa da. Parasitoak, bai, bizkarroiak, ingurukoen bizkar bizi direnak ere beharrezkoak dira ekosistemak behar bezala bizitzea nahi bada. Txilen bada Aramayo, baina gure Aramaiokoa da Markel Arriolabengoa Martiarena baso ingeniaria eta ikaragarrizko bideo ederra egin du naturaren konplexutasunari buruz: “Konplexutasuna”; hura ikusi eta bururatu zait idatzi dudana: mila esker. (jarraian bideoa ikusgai).

Guk elkarbizitza horiek ulertu beharrean nolakotasun adjektibo itsusi ustekoak erabiltzen ditugu landareekin: belar txar, belar gaizto, barrabas, bizkarroi, inbaditzaile eta abar. Eta eman-hartu horretatik at bizi daitekeela pentsatzen duen bizidunak jai dauka. Jai dugu, hemen eta Txilen.

Loratu ala hil. Loratu eta hil
2025-03-10 | Jakoba Errekondo
Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak... (+)
Zakilixuten potroximela
2025-03-03 | Jakoba Errekondo
Nori ez zaio gustatzen ahuakatea? Ia denok atsegin dugu fruitu berri hori, di-da amaren batean etxekotu zitzaigun. Zenbat urte da ba dendaero ikusten hasi garela?... (+)
Abarkak astintzen zituen
2025-02-24 | Jakoba Errekondo
Ibon galdezka etorri zait Bizibaratzea.eus webguneko kontsultategira. Uda aurre horretan artoa (Zea mays) eta baba gorria (Phaseolus vulgaris) erein nahi ditu. “Arto” hitza grekotik dator... (+)
Intsektuen negupasa
2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera... (+)
Migranondoa, beste bat etxerako
2025-02-10 | Jakoba Errekondo
Mingrana urrutitik ekarritako fruitua da. Punisagarra da mingrana edo alesagarra edo alegorria edo milagrana edo xokorra edo granada: Punica granatum. Punica izena latinetik dator, eta... (+)
gora