Baratzea da nire irakasle gogokoena

Ekoizle txikiei arnas emateko lanpostu publikoa Debagoienan

Duela urtebete pasa gauzatu zuten Ortulaguntza proiektua Debagoienan. Langile bat kontratatu dute bailarako nekazaritza proiektu txikietan txandaka lanean aritzeko, hartara ekoizleei lan karga arintzeko eta baldintzak duintzeko. “Sektorea zaurgarri zegoela eta errelebo falta zegoela ikusi zuten Bergarako Elikadura Mahaian, eta Biolur elkarteak egindako Duina ikerketako emaitzek ere hori erakusten zuten. Hortik sortu zen lanpostua sortzeko ideia eta bertako udalek eta Landa Garapenerako Elkarteak sostengatzen dute”, azaldu du Olaia Blanco Azpiri, Ortulaguntza zerbitzuko langileak.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko maiatzaren 12a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Bailarako udalek finantzatu dute nekazaritzako lanpostu berria, eta Landa Garapenerako elkartea da administrazio eta kudeaketa lanez arduratu dena. Bailarako proiektuei eskaini zitzaien laguntza, eta ekimenean parte hartzera animatu ziren sei ekoizlerekin ari da lanean Blanco. Ekoizle txikiei arnas ematea eta sektorean erreleboa bultzatzea dira egitasmoaren helburu nagusiak, baina baita eskualdeko proiektuen arteko sarea bultzatzea ere. “Hainbat ekoizpenetan pertsona bera aritzeak sarea ere egiten du, eta badira elkarrekin egiten hasi diren gauzak, landare bila joatea edo agroasanblada aktibatzea, adibidez”, azaldu du Blancok.

Bergaran, Antzuolan, Oñatin, Eskoriatzan eta Izurtzan ortugintzari lotutako proiektu agroekologikoetan ari da lanean Blanco: “Hilabeteko edo bi hilabeteko egutegia antolatzen dugu ekoizleekin kontrastatuta, haiek adierazten digute zein egunetan datorkien hobeki”.

Erreplikagarria den eredua

Ortulaguntzako kideak nabarmendu duenez, ekoizpen guztiek ez dituzte behar berak, eta bakoitzari eskaintzen dion ordu kopurua ere ez. “Zenbait proiektutan oporrak kideen artean betetzeko aukera dute, baina beste batzuetan ez, pertsona bakarra ari delako edo lan karga handia dutelako. Bestalde, denak ez dira lurren eta azpiegituren jabe, edo ez dute lan gaitasun bera”, dio. Lanen kudeaketa langileak egiten du, baina bi ekoizlez eta landa garapen elkarteko kideez osatuta dagoen jarraipen batzordea abiatu zuten hasieratik, eta hau arduratzen da langilearen zaintzaz eta lanaren jarraipenaz.
Bultzatzaileek uste dute beste toki askotara eramateko modukoa dela proiektua. “Nekazaritzak asko ematen dio gizarteari eta oso egoera zaurgarrian dago, sektore prekarizatua da, ekoizleek lanordu asko sartu behar izaten dituzte… beraz, uste dut garrantzitsua dela diru publikoa horrelako proiektuetara ere bideratzea”, amaitu du nekazariak.

Larrabetzun, baserritarrak herriko konpostaren kudeatzaile
2026-09-07 | Garazi Zabaleta
Tokiko politika publikoetatik elikadura sistemetan eragiteko dauden aukeren inguruko jardunaldiak antolatu zituen ekainaren hasieran Cederna Garalur landa garapenerako elkarteak, Leitzan (Nafarroa). Euskal Herriko hainbat tokitan... (+)
Nekazari eta abeltzain txikiak 'bendeja' berreskuratzen
2026-08-31 | Garazi Zabaleta
Hamar urte inguruko ibilbidea du Uribe Kostako Agroasanbladak, nahiz eta duela urtebete  taldean jende berria sartu zen eta eraberritze prozesua egin zuten. "Plaza Beltza izeneko... (+)
Berakatz beltzaren onurak
2026-07-27 | Garazi Zabaleta
Duela hiru urte sortu zuen Pete Ezkerra Perezek berakatz edo baratxuri beltza ekoizten duen Daonaz proiektua. “Lurrarekiko interesa aspalditik datorkit, 2004an nekazaritza ekologikoko ikastaro intentsiboa... (+)
Lehen Hezkuntzarako zurezko material eta jolasak
2026-07-20 | Garazi Zabaleta
Felix Pikatza Arriola laudioarra (Araba) dago Sagutxiki proiektuaren atzean. “2008ko krisiaren aurretik zurezko altzariak eta bestelako materialak egiten nituen nire tailerrean, baina garai horretan enpresa... (+)
Arabako 340 familia elikagai ekologikoz hornitzen dituen egitasmoa
2026-07-13 | Garazi Zabaleta
Woofer gisa –mantenu truke bolada batez laborariekin bizi eta lan egiten duena– itzuli zen Arabara Ana Lafuente, elikagai ekologikoen saskiak osatzen eta banatzen dituen Urbide... (+)
gora