Urriaren 17tik 19ra Burujabetzak izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Oiartzun Burujabek eta Udalbiltzak. Tokiko esperientzia eraldatzaileak ezagutzeaz gain, Gironako alkate Lluc Salellasek eta CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehík ere parte hartuko dute hitzaldi banatan.
“Herrigintza eta udalgintza eraldatzailearen ikuspegitik jaiotako proiektuak ezagutzeko aukera izango da”, hala mintzo dira Oiartzun Burujabeko eta Udalbiltzako ordezkariek Oiartzunen urriaren 17tik 19ra egingo den Burujabetzak proiektuaz. Egun horietarako hainbat esperientzia ezagutu eta hausnartzeko bilerak antolatu dituzte, baina horrez gain, ondo pasatzeko parada ere izango da larunbatean, musika kontzertuak eta guzti.
Hernaniko jardunaldiei erreleboa hartuta dator Oiartzungoa, Udalbiltzarekin elkarlanean antolatua. Helburua da oiartzuarrek “herri ituna” deituriko konpromisoa hartzea, hain justu Oiartzun Burujabe ekimena duela gutxi abiatu baita herri horretan
Hernani Burujabek aurreko urtean egindako jardunaldiei erreleboa hartuta dator Oiartzungoa, Udalbiltzarekin elkarlanean antolatua. Helburua da oiartzuarrek “herri ituna” deituriko konpromisoa hartzea, hain justu Oiartzun Burujabe ekimena duela gutxi abiatu baita herri horretan: “Garrantzitsua ikusten genuen herrian bertan jardunaldiak antolatzea, bertan martxan dauden proiektuak ezagutarazi eta balioan jartzeko”, azaldu du Olaia Lasa zinegotziak.
Goiz eta arratsalde izango dira ekitaldi eta hitzaldiak, modu irekian, baina haietako zenbaitetan parte hartzeko izena eman beharko da.
Herri kooperatibak, deshazkundea, estatugintza...
Ostegunean, besteak beste, Olatukoopek Herri kooperatiben inguruan hitz egingo du. Gainera, Oiartzunen martxan diren Elika, Labore eta Arraztaloren esperientziak, edo Aragoiko Artieda herriko Ixambre kooperatibarena ezagutzeko parada ere izango da.
Trantsizio ekosoziala izango da jardunaldien ardatz nagusietako bat. Horretarako Gironako alkate Lluc Salellas izango da Euskal Herrian, hiri hartan deshazkunderantz emandako pausoak azaltzeko. Bestetik, Elena Herrartek Debagoiena 2030 proiektuaz hitz egingo du, eskualde mailako trantsizioen inguruan.
Ostiralean, urriak 18, Julen Mendoza Errenteriako alkate ohi eta abokatuak eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak politika publikoen eta parte-hartzearen esparrua landuko dute. Eta egun berean, CUPeko parlamentari-ohi Mireia Vehí ere izango da arratsaldez, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Bertie Russelekin batera, “Udalgintzatik estatugintzara” saioan.
Burujabetzen Egunean kontzertuak
Larunbatean Burujabetzen Eguna ospatuko dute Oiartzunen. Mahai sektorialetan aurrera begirako erronkak aztertuko dituzte parte-hartzaileek eta amaieran “herri ituna” sinbolizatzeko argazkia aterako dute.
Baina festa hasi besterik ez da egingo, ondoren bazkari herrikoia eta musika kontzertuak antolatu baitituzte. Yacvlev 42 eta Zurrounk herriko taldeen arratsaldeko emanaldiez gain, gauean Zea Mays-ek ere joko du, egunari amaiera borobila emateko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545