Umeak negarra eta artoak bedarra

Bulldozerrak Palestinako haziak suntsitzen

Sarraskiak ez du etenik Palestinan, eta lurraldeko txoko guztietara hedatzen ari da. Uztailaren 31n, Hebrongo (Zisjordania) Hazien Bankuaren Ugalketarako Unitateari eraso zion Israelek; bulldozer eta makineria pisutsuarekin bertako instalakuntza eta azpiegiturak suntsitu zituen. Via Campesinako kide den UAWC-Palestinak bultzatutako proiektua da Hebrongoa, eta bi erakundeek salatu dute nekazaritzako material eta intsumoak hondatzea Palestinaren elikadura burujabetzarako eskubideari zuzenean egindako erasoa izan dela.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko irailaren 22a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

UAWC-Palestinak zabaldutako oharrean dioenez, haien lana guztiz oztopatu du instalakuntzak suntsitu izanak: “Hazien mantenurako, prozesatzeko eta ugalketarako material eta erremintak gordetzen genituen karabana nagusia guztiz suntsitu dute; sare elektrikoa hondatu dute eta ondorioz, eguneroko lanak bertan behera utzi behar izan ditugu; ur-azpiegituretan kalte handiak izan ditugu, erabateko ur-mozketak eragin dizkigute; momentu honetan landatuta dauden labore guztiak galtzeko arriskua dugu, eta horrek hazien bankura zuzendutako stockaren %80 inguru suposatzen du, hurrengo ereite garaian ehunka nekazariei banatzeko programatuak zeudenak”.

Palestinako 70 hazi barietate baino gehiago zituzten Hebrongo hazien biltegian, horietako asko beste inon aurkitu ez daitezkeenak. Bertako tomate, luzoker, alberjinia nahiz kuiatxo barietate bereziak zituzten, besteak beste, Zisjordaniako eta Gazako etxaldeetan mendeetan egin izan dituztenak. “Instalakuntza horien suntsitzea ez da ekintza isolatu bat izan, palestinar nekazarien eta herritarren biziraupenerako oinarrizko baliabideak ezabatzeko ongi pentsatutako estrategia baten baitan ulertu beharra dago”, salatu dute Via Campesinakoek.

Laborantza palestinarra erresistentzia bide

Jarduera ekonomiko soila baino gehiago da Palestinako laborantza: hango kulturari eta bizitzari eusteko modua, okupazioaren aurrean erresistentzia egiteko bide bat. Erresistentzia ezabatzeko saiakerak etenik gabe ari da egiten Israelgo estatua. Hazien Bankuari egindako erasoarekin batera, olibondoena ere adibide garbia da. “2023ko urritik, indar israeldarrek eta kolonoek 52.300 olibondo baino gehiago suntsitu dituzte Zisjordanian bakarrik. Hango komunitateen biziraupena eta identitatea zuhaizti horiekin estuki lotuak daude”, salatu du Via Campesinak.

Nekazarien nazioarteko mugimendutik nabarmendu dute, dena den, eraso sistematikoei aurre eginez, Palestinako nekazal erresistentziak aurrera darraiela, eta haziak kontserbatzen dituztenek ere bizirik dirautela. “Kontserbatzea lortzen den hazi bakoitza erresistentzia modu bat da, ukazio bat palestinarrek etorkizunik ez dutela dioen logikaren aurrean”, diote.

Berakatz beltzaren onurak
2026-07-27 | Garazi Zabaleta
Duela hiru urte sortu zuen Pete Ezkerra Perezek berakatz edo baratxuri beltza ekoizten duen Daonaz proiektua. “Lurrarekiko interesa aspalditik datorkit, 2004an nekazaritza ekologikoko ikastaro intentsiboa... (+)
Lehen Hezkuntzarako zurezko material eta jolasak
2026-07-20 | Garazi Zabaleta
Felix Pikatza Arriola laudioarra (Araba) dago Sagutxiki proiektuaren atzean. “2008ko krisiaren aurretik zurezko altzariak eta bestelako materialak egiten nituen nire tailerrean, baina garai horretan enpresa... (+)
Arabako 340 familia elikagai ekologikoz hornitzen dituen egitasmoa
2026-07-13 | Garazi Zabaleta
Woofer gisa –mantenu truke bolada batez laborariekin bizi eta lan egiten duena– itzuli zen Arabara Ana Lafuente, elikagai ekologikoen saskiak osatzen eta banatzen dituen Urbide... (+)
Bertako produktu ekologikoek postua dute Laudioko azoka berrituan
2026-07-05 | Garazi Zabaleta
2024an sortu zuten Laudion (Araba) Ekin ta Eko proiektua, Aiaraldeko eskualdean elikagaien ekoizpenean eta produktu ekologikoen eta hurbilekoen kontsumoan zegoen hutsuneari erantzuna emateko asmoz. “Hasierako... (+)
Baratzeko eta inguruko landareekin egindako kosmetika artisaua
2026-06-28 | Garazi Zabaleta
Antzerkiaren eta ikuskizunen munduan ari zen lanean Karolina Peños pandemiak bete-betean harrapatu gintuenean. “Kimikako goi mailako zikloa egina nuen, pandemian lanik gabe gelditu nintzenean baserrian... (+)
gora