Asteroko buletina
Abenduko laino lanbrotsuak, sagar asko ekarri.

Tipula kordan Euskal Herria alderik alde

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2021eko irailaren 01a
Ester Montero

"Mina da mina, ez da piparra; gonak dauzka eta ez da andrea; bizarrak dauzka eta ez da gizona”. Kandido Izagirre fraideak jasotako asmakizun bat da. Erantzuna berak dioen bezala: kipulia. Tipula edo uinua, Allium cepa, oraintxe ari da makurtzen. Lur azalean erdia lurpean eta erdia bixtan hazi den buruaren gainean hosto motots tentea du tipulak, eta hazkundea gelditzen denean motots hori etzan egiten da edo tontortu; tontortu edo garatu, zakildu, zildu, loretu, lilitu, ernamuindu, kukulatu, morronkatu, tipula-morroiloa edo tipula-morrona eman, goiti joan, muskildu, hozitu, buztandu, gogortu, pirukatu, burutu, ziritu... Tipulak buruan bildu eta antolatu dituen erresalbuak eta gordekinak ez dira gure marmitakoak eta ajoarrieroak gozatzeko; lorea, fruitua eta hazia eman eta bere kastaren etorkizuna kateatzeko baizik. Garatze hori eragozteko berez etzan ez diren hosto sortak zenbaitek hankapean zanpatu eta makurtzen dituzte.  

Uztailaren amaian eta abuztuaren hasieran, udaren beroenean, jasotzen da gordetipula. Lurretik atera eta eguzkitan utzi lur gainean bertan edo toki lehor eta haizeztatu batean. Lehortutakoan lur hondarrak astindu, behar bezala kontserbatzeko garrantzitsua da, lurrak hezetasuna erraz hartzen baitu eta tipula burua ustel dezake. Sustrai eta hosto iharren mutturrak moztu eta zintzilikatzeko kordan txirikordatu. Korda edo sorta, soka, haria, txorta, txirikorda, zarta, oko, sarta, adats, borka, morka, porka, borkila, mulko, mordo, golko, mortxokada, adalko, mustriko...

Tipula usain ederra dago orain bazterretan. Zenbaitentzako kirats samina eta gogorra dena gozoa eta ahoko zerurako bide onena da. Tipulazalea bazara eta jasotzeko toki egokia baldin baduzu, ez ibili zalantza-malantzan eta ekarri sorta batzuk. Euskal Herrian baditugu sona handiko tipulak.

Zallako gorria mendebaldetik dator. Kolore ikusgarria du; gorria esaten zaio eta gorri-ubel edo more ederra erakusten du buruaren hosto-geruza bakoitzaren ertzean. Boladan dago, eta gero eta ospe handiagoa hartzen ari da nekazarien ahaleginari eta sukaldarien bultzadari esker.

Nafarroako ekialdetik datoz gainontzekoak. Huarteko tipula “babosa” adibidez Agoitz, Oroz-Betelu, Zangotza eta Irunberri aldean egiten da. Ikaragarri handia izan daiteke 20 cm arterainokoa. Ustaizeko tipula ere sona handikoa da, eta Ustaizen bertan eta inguruko Nabaskoze almiradioan eta Zaraitzuko ibarrean lantzen da. Zapal-zapala da, bitxia eta aurkitzen oso zaila. Burgi aldean Salbaterra Ezkako “Salbaterrako tipula” ezaguna lantzen da. Ustaizekoaren antzekoa da, zapala baina gozoagoa. Biek ere arras gozoak izatearen sona dute; bere dasta gorena ahogozatzeko gordinik jan behar direla diote bertakoek, eta saltsa eta horrelakoetan nahastea, berriz, alferrik galtzea.

Zer egingo genuke tipularik gabe! Jan tipulatik, baina soilik tipula ez; gogoan izan: “Tipula jan, tipula lan”.

Ezti ihintzez egindako ihintz eztia
2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak. (+)
Intsusa lore edariak
2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean... (+)
Pagoaren kontuak
2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak.... (+)
Lurra elikatu, guk jan
2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean... (+)
Odolezko laranjak
2024-04-14 | Jakoba Errekondo
Istorio ugarik lanbrotzen du bere jaiotza. Bere koloreak erakartzen du gehien. Azalarenak zenbaitetan, baina batez ere mamiarena da deigarria. Odolezko laranja da (Citrus x sinensis).... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora