Ez daude bi baratze berdin. Baratze batean ez daude bi egun berdin.

Udaberriaren horitza

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2020ko martxoaren 15a
Apiaza edo urre-botoia. Udaberriaren emana loretza horiak abiatzen du, horitzak.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Koloreen sasoia da. Landareak, loaldiari bizkar eman, eta urte berrirako soineko berria janztera doaz. Nonahi lehertzen da haritza (Quercus robur) puntta berrien hostozko gona fosforitoz. Mimosa pinpirinak (Acacia dealbata) beilegia dakar goiko muturretik hasi eta beheko barrenerainoko soineko luze horia. Horia kadmioarenaren tankerakoagoa du oteak (Ulex spp.); ikusgarria otadietan. Aurten berandu samar loratu da, eta aurreratu egin diren magnolia hosto-erorkorrak (Magnolia x soulangeana, Magnolia loebneri, Magnolia stellata, Magnolia liliiflora, eta abar) ia pare-parean jarri zaizkie zuri ezin zuriagotik hasi eta gorrindol bizienaren arteko kolore ñabardura guztietako loretzar sorta ikaragarriak erakutsiz.

Bai, urte bakoitza berea da, berezia... Urtero aldatu egiten da lorez eta hosto berriz osatutako soinekoen erakustaldiaren hurrenkera. Mimosa bera urteberriaren sarrera loratuta agurtzen ezagutu izan dut. Haritza, ordea, ez dut ikusi aurten arte otsailari ongi-etorria emateko hostoz jantzita. Dena dela, urtero-urtero udaberriaren etorrerak ustekabean harrapatzen nau. Aurten, begira, udaberria otsailarekin etorri zen, eta arrats apal gorri bat jokatuko nuke apirilarekin bateratsu joango dela. Bai, udaberriaren agurrak ere ezustean harrapatzen nau, jeneralean. Asteak dira udaberria badoala esan eta esan ari natzaiela ingurukoei; batek baino gehiagok esango du, “hemen da hau berriz ere bere erretolikarekin”.

Orain goza dezagun udaberria. Landareak eta horien bizkar bizi garen animaliak abian gara, ziztu bizian. Hegaztien olgeta zaratatsua entzun besterik ez dago; gure etxeko urubi sendiak egunero du kantu probasaioa. Erlastarrak etengabeko sartu-aterean ari dira atariko paradisuko hegaztiaren (Strelitzia reginae) lore hori laranjatuetan, nektarretan. Larreak ederki berritzen ari dira. Txikori-belarraren (Taraxacum officinale) lehen loreak ireki dira, bakoitza eguzki bana. Tarteka, han-hemen, apiaza edo urre-botoia (Ranunculus acris) azaldu da, ohi bezala multzoka, kuadrillan, bost petalo hori bizizko lore luze ugari belar gainera altxeaz.
Lehengo mendearen azken hiru hamarkadetan eraikitako lorategietan ohikoa den forsitiak (Forsythia viridissima) udaberriaren amaierari abiatzeko seinalea ematen dio bere hori urrezko eskandaluzko loretzarekin.

Udaberriaren emana loretza horiak abiatzen du, horitzak. Txekor jaio berria behiaren oritzak abiatzen duen era berean.
Margoen hurrenkeran, uda giroa agurtzera gero etorriko dira loretza zuriak, ondoren gorriztak, urdinak... Zuritzak, gorritzak eta urdintzak.

Bihar ehun urte hasiko dira
2026-06-22 | Jakoba Errekondo
Honela esaten zuen aspaldi ezagutu nuen eta beti erakusteko prest zen gizon jakintsu batek: “Bihar ehun urte hasiko dira”. Gauzak soseguz hartu eta edozertarako beta... (+)
Araba, patataren gotorlekua
2026-06-15 | Jakoba Errekondo
Gozoena orain da, atera lurpetik eta jan. Patata da, noski (Solanum tuberosum). Orain dago jateko bere onenean eta seinalea erakusten digu: loratu da. Lorea zabaltzen... (+)
Paleolitotik Neolitora Mirandetik barrena
2026-06-08 | Jakoba Errekondo
"Euskaldunak oraindik entzun ditzake bere barruan ametsari egoak aske uzten badizkio, antxiñako gudateen aranotsak, leenagoko euskal-zalduntasunaren deia”, idatzi zuen Jon Mirandek. (+)
Sua mahastiari
2026-05-29 | Jakoba Errekondo
Maiatz fresko eta haizetsuak urtea oparoa egiten du”, dio esaerak. Aurten, nekazarien ikuspegitik, maiatz txatxu xamarra izan da. Freskoa eta haizetsua, baina baita euritsua ere.... (+)
Intsusaren xirmi-xarmak
2026-05-25 | Jakoba Errekondo
Intsusaren lorea badoa. Edota puska batean gure artean geratzeko eska diezaiokegu. Eskatu baino gehiago, gonbidatu. Limurtu eta gure arteko istorioa gozoa izango dela jabearazteko matte-matte... (+)
gora