Asteroko buletina
Uztail ilargi betez, uztak behar du ontua; orduan ontu eskasez, segur daiteke miseria.

Amona turistak

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2015eko uztailaren 01a
Thomas Bresson- CC BY

Amona mantangorriarekin harro dago nekazaria, etengabe loriatzen du. Gorputz biguna duten intsektuen arerio izugarria da gure amona kuttuna. Heldua denean zorriak, akaroak eta kotxinilak jango ditu. Bere kumea da, ordea, zorri jaleen artean amorratuenetakoa. Jaiotakoan gosea zer den ezagutu ez dezan eta mardul haz dadin, kumeak emango dituzten arrautzak zorriak dauden landare muturretan bertan erruten ditu amonak. Zientoka jango ditu amona bihurtzeko metamorfosia egin aurretik. Sagastian edo baratzean amona mantangorri bat ikusten dugunero burua makurtu eta begirunea azaldu beharko genioke. Amona kuadrila erakarri eta geure baratzean, soroan, sagastian bizitzera geldiarazteko gai bagara pozoirik erabili beharrik ez. 

Haragijaleak dira, batik bat, baina indarrean bizitzeko eta ugaltzeko bitamina eta bestelako osagaiak ere erantsi behar dietara. Landareen polena, nektarra eta abar jaten dute. Amonak gustura egon daitezen, bereziki atsegin dituzten landare jakin batzuk jartzea komeni: gure mendietan ugaria den azenario basaka (Daucus carota), mihilua (Foeniculum vulgare), milorria (Achillea milefolium), ezamihilua edo aneta (Anethum graveolens), perrexila (Petroselinum crispum), sasi larranbiloa (Anthemis arvensis), bixeleta edo larranbilo kirastuna (Anthemis cotula)... 

Zenbaitetan mendi tontorretan, baita hondartzetan ere, amona mantangorri saldoak topa daitezke. Itxuraz hezetasuna atsegin dute eta giro bero eta lehorrak datozenean, haiek dakartzaten haizeak berak baliatuz emigratu egiten omen dute, bizitoki freskoxeago eta hezexeagoen bila. Mendi garaietan bezala, hondartzetan ere pilatu ohi dira. Turista gisa Pirinioetako tontorretan eta Mundakako hondartzan... Gozo asko uda zakarrari aurre egiten. Geuretik ez dute emigratu beharrik izango, etorri bat etorriko dira inguruko lurralde lehorretatik... Ongi etorri amonak!

Umandik bere hiztegitzarrean amona mantangorriaren makina bat izen bilduak ditu: katalin gorri, marigorri, amona mantagorri, amona gonagorri, andere kotagorri, andre gonagorri, euli bearrigorri, kanaketa, gonagorri, katalingorri, jaungoikoilar, kotagorri, labagorri, amona gorri, mantagorri, maria gonagorri, mariana gorri-gorri, mari gonagorri, mari gorri, mari gorringo, maritxo teiletako, matxin gorri, matxin gorringo, taskorri, kastorri, maritxu teilatuko, txipilota gonagorri, mamanton gonagorri... Batean eta bestean gehiago ere izango dira. Euskaldunontzat etxeko eta, nolabait, garrantzitsu izan denaren adierazle. 

Ezti ihintzez egindako ihintz eztia
2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak. (+)
Intsusa lore edariak
2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean... (+)
Pagoaren kontuak
2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak.... (+)
Lurra elikatu, guk jan
2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean... (+)
Odolezko laranjak
2024-04-14 | Jakoba Errekondo
Istorio ugarik lanbrotzen du bere jaiotza. Bere koloreak erakartzen du gehien. Azalarenak zenbaitetan, baina batez ere mamiarena da deigarria. Odolezko laranja da (Citrus x sinensis).... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora