Asteroko buletina
Akerrak baratzan, auzokoak dantzan

Zeruak eta lurrak

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2015eko apirilaren 21a
Mihura (Viscum album) sagarrondoan.George Chernilevsky

Zuhaitzak lotzen ditu zeruak eta lurrak. Zutik den haitzak. Ez harrizko haitzak, harkaitzak. Ezta zurkaitzak ere. Bizirik behar du zurak; zuhaitz behar du.

Zuhaitzak zainak ditu lurrean eta zainak zeruan. Sustraiak lurrean eta sustraiak zeruan. Adarrak lurrean eta adarrak zeruan. Besangak lurrean eta besangak zeruan. Zein da handiagoa, lurpeko zuhaitza edo zerukoa? Zuhaitz helduetan, gehienean, handiena lurreko zatia dela dema egingo nuke. Biak antzekoak direla jo dezagun. Bi oihal josten dituzten albainuak bezalakoak dira zuhaitzak, lurrak eta zeruak harilkatzen. Elkarri ihes egin nahi dioten bi batean heltzen dituen kateorratza.

Zuhaitzak diren tokietan lotura egina dago. Basoak oihanak zuhaiztiak eraitsitako tokietan beste haitz batzuk zutitu genituen. Zeruak eta lurrak eta zeruak lotuko zituzten zutikako haitzak: menhirrak, iruinarriak, harrespilak, mairu baratzeak, jentil baratzeak... Geure buruak gure otoitzak behar zituen kateorratzak.

Zuhaitzen lan horren arrasto ugari dugu. Etxeko atearen hutsartea zaintzeko jartzen ditugun lore-txortatxoak, lizarrak (Fraxinus excelsior), elorri zuriak (Crataegus sp.), erramuak (Laurus nobilis) eta palmak (Phoenix canariensis). Etxeari teilatua ematean gailurraren muturrean jartzen zaion lizarra edo erramua; trapalaren, montxorraren edo ostrokuaren dei eta eskari. Ateburuan eta sabaian azpitik igarotzeko zintzilikatutako mihura (Viscum album). Bizitzara lotzen gaituzten kateorratzak.

Mihuraren gurtza ez da berdantza-bartekoa. Zuhaitzak hostoak galdu eta soiltzen denean, hor jarraitzen du mihurak, berde asko, bizi-bizi. Harrigarria dena gurgarri. Haritzean hazitakoa omen da auzoko galoentzat onena. Gaitz ugariren sendabide, eta sutetik babesten duena. Udako solstizioan, egun luzeenetan biltzen zen. Eta lehengo urtekoa sutara. Sanjoan suaren garrantzia. Ez dut ezagutu mihuradun haritzik. Sagarrondoak, udareondoak, ezkiak, sasiakaziak, astigarrak... baina haritzik sekula ez.

Ezti ihintzez egindako ihintz eztia
2024-05-14 | Jakoba Errekondo
Zein da zuretzat zuhaitzik gozoena? Janari gozoenak ematen dituena? Erleentzako eztigai, lore gehien eskaintzen duena? Ez ba! Ezkur jendearen artekoak dira zuhaitzik gozoenak. (+)
Intsusa lore edariak
2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean... (+)
Pagoaren kontuak
2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak.... (+)
Lurra elikatu, guk jan
2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean... (+)
Odolezko laranjak
2024-04-14 | Jakoba Errekondo
Istorio ugarik lanbrotzen du bere jaiotza. Bere koloreak erakartzen du gehien. Azalarenak zenbaitetan, baina batez ere mamiarena da deigarria. Odolezko laranja da (Citrus x sinensis).... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora