Zozpolak dirudi bere egurra eta egurrak ezkurra

Mausar mausaria

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2015eko otsailaren 18a
Sagastia, ibai bazterretan izan ohi den soro motetako bat.
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Erreka, ibai eta errio aldamenetako erribera lurrak dira Euskal Herri atlantikoko nekazarien ametsetako paradisua. Lur onenak hortxe bildu dira, urak ekarrita milioika urtean; ez kristorik ezta jainkoaren asmakizuna sortu zuen jenderik existitzen ez zen garaietan hasitako lanak.

Lur sakonak izan ohi dira, beltzak, harroak, aberatsak eta etengabe bertatik bertara ura dutenak. Lantzeko errazak, ia isuririk gabekoak. Pagotxa Lurra landu eta ematen duen mozkinetik bizi nahi duenarentzat. Harroak, hondar eta mausar asko izaten dutelako. Mausar hori arroaren goiko aldetik uholdeek ekarria izaten da, eta lur onenak, aberatsenak dira. Mendi guztietako lanen emaitza onena erribera horietan pilatzen da. Etorri beharko landareak! Baina, geurean esaten den bezala, “horrek ere ipurdian zuloa”. Dena ez da ona. Mausarra mausaria da. Landareen arerioentzat ere mauka.

Batetik, klima. Sail horiek bailaretako beheko barrenetan izaten dira. Horrek arazoak dakartza. Hotzak behera egiten duela badakigu; beraz, izotzaldi bat datorrenean, lehenengo eta gehien hoztuko diren sailak horiek dira. Hezetasuna ere kaltegarri izan daiteke. Ura ondoan duten sail horietan hezetasuna handiagoa izango da.

Bestetik, gaitzak. Geurean gaitz gehienak onddoek sortzen dituzte. Onddoek, garatzeko, hezetasuna behar dute. Onddo gehiago, gaitzak heda eta heda. Horri bailara zuloetan aireak gutxiago korritzen duela eransten badiogu, hezetasun hori ez da mugituko. Heda eta heda. Erribera horietako batean tomatea (Lycopersicon esculentum) gorrinak jo eta erre egina egonagatik, aldean dagoen tontortxo batean, 50 metro garaiago, airea oztoporik gabe dantzatzen den tokian, tomate landareak mastra mardularekin bizi-bizi egon daitezke.

Eta, errematerako, izurriteak. Lur gozoak, oparoak; soro eta baratze ugari. Sail gehienetan, landare berak: sagastiak, arta-babarrun-kuia soroak... Landare horiek janez bizi diren intsektuentzat, horientzat bai pagotxa. n

Bioaniztasuna? Ez, biobakuntasuna
2026-03-09 | Jakoba Errekondo
Ikusgarria da paisaia. Garitzak berde daude. Laboreen lurraldeak bete-bete eginda eta aurtengo uraren emana eta noiz-nola izan den kontuan izanda, esan daiteke ondo bidean iazko... (+)
Denak ez ditugu lagun
2026-03-02 | Jakoba Errekondo
Udaberria badoa. Lotsagabe xamarra dela pentsa dezakezu; izan ere, egiten diogun kasu eskasagatik, aspaldi erabaki zuen ez gintuela gehiago agurtuko, ez etortzen denean, ezta alde... (+)
Negu on igaro
2026-02-23 | Jakoba Errekondo
Aurten hotz pixka bat badugu, bejondeigula. Negurako jasotako jakiak gozatzeko eguraldi aproposa. Gaur egun izozkailua eta hozkailua ditugu horretarako erreginak, baina garai batean barazkiak, fruituak,... (+)
Inausketa eta orbaintzeko pasta
2026-02-16 | Jakoba Errekondo
Epaila badator eta zuhaitzen eta arbolen epaiketak, inausketak edo kimaketak egiteko sasoia da. (+)
Bakoitzak bere habia
2026-02-09 | Jakoba Errekondo
Zetazko habiak nabarmenak dira orain, prozesionaria edo pinu-beldarrarenak (Thaumetopoea pityocampa). Sortzen hasi zirenean aurrea hartu ez bazitzaien, behintzat. (+)
gora