Asteroko buletina
Martxoko ilbehera, kipula gorria ipintzeko sasoi onena.

Senperen sagastiak loretan

"Sagarren herrialdea da, bertako emakumeek sagarra bakarrik jaten dute, ez dute sagar muztioa besterik edaten eta noiznahi transgresioaren sagarrari hozka egiteko prest daude, Jainkoaren gaitzespena gaindituz eta gure lehen aitaren debekua saihestuz. Adanen semeak borondatez liluratzen dituzten Evak dira, eta buru-has edo hutsik, mendian bizi dira erabateko askatasunean eta inozotasunean, Eva lur paradisuan bezala".

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2023ko maiatzaren 22a
Sagarrondoa loretan. Argazkia: Jakoba Errekondo CC-BY-SA

Frantziako erregearen haginduz Euskal Herria hankaperatzera 1609an etorri eta bere egoitza zuen Senpereko gaztelutik Pierre de Lancre inkisidoreak euskal emakumeak horrela azaldu zituen 1613an argitaratu zuen Tableau de l'inconstance des mauvais anges et démons liburuan (Aingeru gaiztoen eta deabruen aldakortasunaren taula). Gaztelu horretan pentsa ezinezko izugarrikeriak egin zituen euskaldunen aurka: tortura, epaiketa eta exekuzio. Ordutik hona Sorginaren dorrea esaten zaio. Aitona Nafarroa Behereko Bernat Rostegi jutsiarra zuen Pierre demonioak. Bera jesuita eta abokatua zen, a zer bi ofizio, esaten eta egiten zituenak esateko eta egiteko. Kontuz abokatu jesuitekin, eta jesuita abokatuekin eta, zer arraio, jesuitekin eta abokatuekin…

Sagarra (Malus domestica), ederki azpimarratzen zuen Lancrek, transgresioaren metafora biblikoa da; gorroto neurrigabea elikatzeko besterik balio ez zuen bere erlijioan.

Ez zen gaztelutik askotan jaitsiko inguruko baratzeetara, ez behintzat apiril-maiatzetan, gainontzean ezinezkoa da sagarraz hain zatar, lohi eta aldrebes mintzatzea. Garai haietako sagardi amaigabeen loraldiaren lilurak urde sugegorrienari ere gogoa limurtu eta bahituko lioke. Lilura-sagastiak baitziren, orain bezala, lehen ere gurean.

Badoan sagarrondoen loraldiko lore arrosa-gorrizta eta zuri delikatuak benetako gozamena dira. Ikuskizun paregabea da, lurraren oparotasunaren eta gure lanaren emankortasunaren energiaren adierazle eta argia, kolorea, usaina, musika, ahalmena, askatasuna eta, finean, edertasunaren ikusgarri erraldoia da. Gure herrian ikaragarrizko garrantzia izan du sagarrondoak: bizirik mantendu gaituzten sagarra eta edaria eman dizkigu. Sagarra osasuna da, bitaminaz, mineralez eta biziz josia. Pitarrak eta sagardoak kultura bezala garatu eta mundua eman digutenak.

Sagarrondoak urtero loratzen dira. Berandu sagarrek bai-urtean sagarra emango dute eta ez-urtean ez. Ohituta gaude. Urtero sagarra ematen duten goiz sagarrak jan eta pitarra eta sagardoa bi urtez behin bi urterako egin.

Lankrepaile asko dago eta izango da. Epai uholdeak gorabehera, Senperen sagastiak urtero loratzen dira. Sagastiak landa ditzagun.

Nafarroatik osasuna
2023-12-04 | Jakoba Errekondo
Euskal Herrian gehien ekoizten den barazkia da, 70.270.000 kilo inguru; bai barazkia, ez soro erraldoietan egiten diren arto, labore eta abarretakoa. Nor den ezetz asmatu?... (+)
Euskal kantarien eztarria
2023-11-27 | Jakoba Errekondo
Urte sasoi ederra dator kantarientzat. Neguko solstizioaren inguruko senide arteko otordu mordotan, asko izan ohi dira kantuak jotzera ematen direnak. Predikatzaileen sasoia ere bada, nabarmena... (+)
Gerratea: jaki gosea, jakintza pobrezia
2023-11-20 | Jakoba Errekondo
Bart eta berdantzart, bihar eta etzi, ez naiz nekatuko gauza bera esan eta esaten: gure kultura eta adimenduaren maila nekazaritzari zor dizkiogu. Nekazaritzak, lurra lantzeak... (+)
Agur intxaurrondo, agur!
2023-11-13 | Jakoba Errekondo
Agur intxaurrondo, agur! Bat-batean atera zitzaidan urriaren 21eko Landaberri irratsaioko kontsultategian. Azken urteetako erretolika bihurtu zaigu intxaurrondoari (Juglans regia) buruzko zalantza. Hasieran ia itsasertzeko bere... (+)
Banilla lekatxoa
2023-11-06 | Jakoba Errekondo
Totonaka kultura mexikarra da eta elezahar eder bat badute: banilla landarearena. Tzacopontziza (Goizeko Izarra) printzesaren odoletik jaio zen banilla, non eta Tonoacayohua (Uztaren Jainkosa) gurtzen... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora